Arabako osasun egoerak okertzen jarraitzen du, atsedenik gabe. Intzidentzia tasa metatuaren hazkundea kezkagarria da: azken 24 orduetan, 110 positibo berri atzeman dira Araban, eta intzidentzia tasa metatua 408,53koa da une honetan.
Hiriburuan, Gasteizen, 405,91koa da. Eremu gorritik kanpo mantentzen den arren, datozen egunetan 500era iritsiko da, eta konfinamendua mahai gainean dago, Gorka Urtaran alkateak ETBn baieztatu duenez.
Ostegunean zerrenda berria ezagutu bitartean, une honetan, lurraldeko zortzi udalerri konfinatuta daude; horietako batzuetan intzidentzia tasa metatua egonkortzen doala dirudi, momentuz ez da jaisten edo igotzen jarraitzen du:
- Agurain: 765,93
- Arratzua-Ubarrundia: 1.062,80
- Asparrena: 2.660,89
- Bastida: 768,74
- Donemiliaga: 1.928,37
- Guardia: 977,84
- Lantziego: 1.992,03
- Villabuena: 5.319,15
Gainera, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerri txikitan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua:
- Armiñon: 1.793,72
- Arraia-Maeztu: 546,45
- Artziniega: 994,24
- Berantevilla: 601,20
- Iruña Oka: 584,96
- Kuartango: 806,45
- Lantaron: 740,74
- Okondo: 1.068,20
- Mañueta: 1.246,11
- Navaridas: 500,00
Ostiralean, LABIren bilera
EAEko egoera orokorra erabat kezkagarria da. Astearte honetan 13.774 test diagnostiko egin ziren, eta, horietatik, 1.046 positiboak izan ziren; hau da, emaitza positiboak %7,6 izan ziren. Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera:
- 83 pertsona ospitaleratu ziren atzo Covid-19aren ondorioz.
- 465 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- Covid-19a duten 97 pertsona ZIUetan daude.
- Guztira, 562 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan.
Egoera horren aurrean, Iñigo Urkullu Lehendakariak LABIren bilera deitu du ostiralerako, neurri murriztaile berriak hartzeko. Mahai gainean dauden neurri nagusiak etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea edo topaketak lau laguneko taldetara mugatzea dira.
Dena dela, asteazken honetan neurri berriak hartuko dituzte autonomia erkidego guztiak biltzen dituen Lurraldearteko Osasun Kontseiluan. Ostiralean ezarriko diren neurriak gaur hartuko diren erabakien menpe izango dira. Gaur egun indarrean dagoen araudiak ez du baimenik ematen etxeko konfinamendua ezartzeko, ezta etxeratze agindua 22:00ak baino lehen aurreratzeko.
Ez da adostasunik lortu autonomia erkidego guztien arteko Lurraldearteko Kontseiluan. Beraz, Osasun Ministerioak baztertu egin du etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea. Salvador Illa Osasun ministroak agerraldia egingo du 18:15ean, hartutako erabakien berri emateko.
Orain, Eusko Jaurlaritza aztertzen ari den neurri proposamenak honako hauek dira: ostalaritza eta merkataritza 19:00etan ixtea, gehienez lau pertsonako topaketak eta udalerri guztien konfinamendu perimetrala, besteak beste.