Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan eman du EAEn konfinatuko dituzten herrien ebazpena, eta, Arabaren kasuan, dagoeneko konfinatuta zeuden hiru udalerriez —Agurain, Asparrena eta Donemiliaga— gain, beste bost udalerritan ezarriko da konfinamendu perimetrala: Arratzua-Ubarrundian eta Arabako Errioxako lau udalerritan, Bastidan, Guardian, Lantziegon eta Villabuenan. Gainera, Otxandio ere konfinatuko dute; Bizkaia da, baina Arabarekiko hurbiltasunagatik aipatu beharrekoa.
Azken asteetan osasun egoerak izandako bilakaeraren ondorioz, eta indarrean dauden azken neurriak aplikatuz, bihartik aurrera Arabako zortzi udalerri konfinatuko dituzte. Udalerri horiek guztiak eremu gorrian daude une honetan, azken bi asteetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan dituztelako:
- Agurain: 709,88
- Arratzua-Ubarrundia: 676,33
- Asparrena: 2.722,7
- Bastida: 512,49
- Donemiliaga: 1.928,37
- Guardia: 912,65
- Lantziego: 1.859,23
- Villabuena: 4.255,32
Ondorioz, asteartetik aurrera ezin izango da udalerri horietatik irten (edo bertan sartu) justifikaziorik gabe. Konfinamenduarekin batera, gainera, beste neurri batzuek eragina izango dute udalerri horiengan:
- Ostalaritza itxita mantenduko da.
- Eskola kirola eta taldeko jarduera fisikoa ez dira baimenduta egongo.
- Joko areto zein apustu etxeetan ez da jarduerarik egongo.
Arabako intzidentzia tasa gora doa
Azken egunetan, okerrera egin du Arabako egoera orokorrak, eta intzidentzia tasa metatuaren hazkundea kezkagarria da: azken 24 orduetan, 90 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia tasa metatua 378,55ekoa da une honetan. Hiriburuan, Gasteizen, 375,27koa da, eta eremu gorritik kanpo mantentzen da, oraingoz.
Gainera, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerri txikitan 500etik gorakoa da une honetan intzidentzia tasa metatua:
- Armiñon: 1.793,72
- Arraia-Maeztu: 546,45
- Artziniega: 1.308,22
- Iruña Oka: 529,25
- Kuartango: 806,45
- Lantaron: 529,10
- Okondo: 739,52
- Mañueta: 1.246,11
EAEko egoera orokorrari erreparatuz, igande honetan 7.927 test diagnostiko egin ziren, eta, horietatik, 648 positiboak izan ziren; hau da, emaitza positiboak %8,2 izan ziren. Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera:
- 40 pertsona ospitaleratu ziren Covid-19aren ondorioz; guztira, 409 lagun daude Osakidetzan ingresatuta.
- Covid-19a duten 98 pertsona ZIUn daude.