Alaves 1 - 2 Sevilla

Zigor handia jaso du Alavesek

Ibon Gorrisi 2021ko urt. 20a, 07:48
Argazkia: @Alaves

Azken minutuan berdinketa lortzeko aldeko penaltia izan du Alavesek, baina Joseluk huts egin du.

Alaves

1

Sevilla

2

Partidak zapore gazi-gozoa utzi digu. Alavesek, gehiegi jokatu gabe, aukera paregabea izan du berdinketa lortzeko. Baina Joseluk jaurtitutako penaltia arazorik gabe geratu du Bono atezainak. Pena, pena izugarria. Puntu bat joan da, eta mamuak hasiak dira agertzen. Izan ere, jaitsiera postua puntu batera dago. Gainera, hurrengo neurketa Real Madrilen aurka izango da.

Puntu bat joan da, eta mamuak hasiak dira agertzen; jaitsiera postua puntu batera baitago

Egia esanda, talde arabarrak Kopan baino askoz itxura hobeagoa eman du. Halere, taldea hankamotz ari da erasoan, eta defentsan egindako hutsak golak izaten dira. Horixe bera gertatu baita bigarren minutuan; En-Nesyri aurrelariak ondo aprobetxatu du atzealdean utzitako zuloa, eta, area txikian eta oztoporik gabe, saretara bidali du baloia. Partida hasi eta berehala, maldan gora jarri zaio neurketa. Hortik aurrera Sevilla nagusi izan bada ere, Alaves gogotsu eta ilusioz beterik aritu da. Esfortzu horri esker, banako berdinketa lortu du Edgar Mendezen bitartez.

Berdinketaren golak balio izan du neurketa parekatzeko. Talde arabarrak hartu du jokoaren ekimena, eta, gauza handirik egin gabe, arriskua sortzea lortu du. Baina gauzak erabat aldatu dira Susok areaz kanpotik jaurtiketa ederra egin eta baloia saretara bidali duenean. 1-2koa jarri du markagailuan, eta lainoak agertu dira arabarren jokoan.

Alavesek aukera paregabea izan du berdinketa egiteko, baina Joseluk gaizki, oso gaizki, jaurti du penaltia

Bigarren zatian Sevillak izan du norgehiagokaren agindua, eta ia-ia une orotan kontrolpean izan du Alaves. Abelardok aldaketak egin ditu, taldeari bizitasuna emateko aurrealdean. Halere, talde andaluziarrak ez du arazo gehiegirik atzealdean, eta, aurrera jo duenean, hirugarrena egiteko aukerak izan ditu.

Baina, partida bukatzear zela eta korner baten ondorioz, epaileak etxeko taldearen aldeko penaltia adierazi du. Gainera, ez du zalantzarik izan eta ez du VAR-ik erabili hamaikako puntua adierazteko. Aukera paregabea berdinketa egiteko, baina Joseluk gaizki, oso gaizki, jaurti du, eta Bono atezainak geratu du. Aukera paregabea alferrik galdua. Erabat etsita, hor bukatu da partida.

Hurrengo partida larunbatean, urtarrilaren 23an, 21:00etan Mendizorrotzan, Real Madrilen aurka. Egun zoragarria mendeurrenaren eguna ospatzeko garaipenarekin. Zorionak, 100 urte, Gora burua.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Ruben Duarte; Martin (63’. Borja Sainz),  Pina (87’. Manu Garcia), Battaglia, Luis Rioja (68’. Deyverson); Edgar Mendez (68’. Jota Peleteiro), Joselu.
    • Txartel horiak: 48’. Lejeune, 55’. Edgar Mendez, 72’. Pere Pons.
  • Sevilla: Bono, Jesús Navas, Koundé, Sergi Gómez, Acuña; Jordán (77’. Gudelj), Fernando, Rakitic; Suso (91’. Oliver Torres), En-Nesyri (91’. Franco Vázquez) eta Ocampos (62’.De Jong).
    • Txartel horiak: 80’. En-Nesyri, 89’. Navas.

Golak

  • 0-1: 3’. En-Nesyri.
  • 1-1: 12’. Edgar Mendez.
  • 1-2: 30’. Suso.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Zalerik ez harmailetan. Haiek garaiak haiek! Alavesek behar ditu zaleak burua altxatzeko. Arabako Foru Aldundiak klubari Arabako domina ematea erabaki du mendeurrenaren urte garrantzitsu honetan. Ospakizunak direla eta egun hauetan euskarazko ereserkia Gora burua izenburuarekin plazaratu dute. Pinak aukera izan du jokatzeko baina hurrengo bi partidetan zigorra bete beharko du. Pachecok, bere aldetik, 200 partida bete ditu Alaveseko elastikoarekin. Epaileak VAR erabili du gola ez emateko Sevillari, baina Alavesen aldeko penaltian ez du zalantzarik izan.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Gaur, benetan, oso partida zaila. Sevilla goi mailako taldea da. Ez hori bakarrik, bikain aritzen den taldea baita.
  • Hamaikako polita atera du Abelardok. Ea Kopako neurketetan baina itxura hobeagoa ematen duten! Hala izan behar, bestela jai daukagu.
  • Hau da hau, hasiera. Sevillaren gola. Berriz ere, defentsan gaizki, gaizki. Bakar bakarrik zegoen area txikian.
  • Orain, berriz ere, sufrikarioa tokatuko zaigu. Ea ahalik eta lasterren berdinketa lortzen dugun, bestela Sevilla gora joango da eta.
  • Edgar Mendezek egin du gola. Eskerrak. Uff, arnasa hartzeko gola. Ea orain aurrera egiten duen taldeak.
  • Beno, gutxienez itxura ona ematen ari da taldea. Ondo aurpegia ematen ari da. Ea, ea zorte pitin bat izaten duen.
  • Aiba, aiba, Sevillaren gola. A zer-nolako gola egin duen Suso. Zartako izugarria eman dio eta saretara.
  • Ea taldeak berriz burua altxatzen duen!
  • Lehen zatia amaitu da eta honek ez dauka batere itxura onik.
  • Aldaketarik ez bigarren zatirako. Ikusiko dugu orain.
  • Sevilla ari da hirugarrenaren bila, partidari ahalik eta lasterren eman nahi dio bukaera.
  • Beno, bada, Borja Sainz atera da. Ea bizitasun pitin bat ematen dion.
  • Ondo ari da Sevilla, ondo, alderik alde baloia mugituz. Hurbilago gaude hirugarrenetik berdinketatik baino.
  • Beno, bada, 20 minutu eta Jota Peleteiro eta Deyverson, erasora, berdinketaren bila.
  • Hor izan du Joseluk, buruz ondo eman dio baina kanpora joan zaio.
  • Gola, Sevillaren gola. Baina eskuarekin ematen dio. VAR ikustera, baina gola ez dugu uste emango duenik. Ez da gola. Beno, oraindik aukera dugu berdinketa egiteko.
  • Bost minutu besterik ez. Dena eman behar berdinketa lortzeko.
  • Penaltia, penaltia, penaltia da, dudarik ez. Bai, bai bada.
  • Ai, ai ene! Baina ze jaurtiketa eskasa, oso motela eta atezaina arazorik gabe geratu du. Hau da hau. Berdinketa joan zaigu.
  • Ea larunbatean Real Madrilen aurka garaipena lortzen dugun!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide