Sagardotegien denboraldi berria "berezia, desberdina eta segurua" izango da

Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 13:00
Denboraldi berria aurkeztu dute Euskal Sagardoa deiturako ordezkariek. / EUSKALSAGARDOA.eus

Ezohiko egoerari aurre egiteko konpromisoa hartu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardotegiek. Protokolo zehatza garatu dute, sagardo berria zein sagardotegiko esperientzia 2021ean ere dastatzera emateko. Nolakoa izango da denboraldi berria?

"Egoera zail honen aurrean eta muga guztien aurrean, lanerako gogoa, ilusioa eta pasioa elkartuta", sagardotegien denboraldi berria aurkeztu dute astearte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileek. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ez ezik, hiru lurraldeetako Sagardogileen Elkarteen ordezkariak ere izan dira bertan.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturapean, 1.200.000 litro sagardo egin dira 2020ko uztan, eta, horretarako, 2 milioi kilo sagar baino gehiago erabili dira. Egun, Euskal Sagardoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 48 sagardotegi biltzen ditu, eta 248 sagargileren sagarra erabiltzen du.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, 2020 urte "txikia" izan da sagar kopuruari dagokionez, "baina izaera handikoa edukiz, konplexutasun handikoa eta bilakaera ahalmen handikoa; izaera eta gorputz ederreko sagardoa". Beraz, kontsumitzaileak "uzta oso berezia eta ona" dastatu ahal izango duela ziurtatu dute.

Pandemiaren ondorioz, denboraldia nola edo hala salbatzeko mirakuluak egin behar izan zituzten sagardogileek 2020an. 2021ean osasun egoerari aurrea hartu nahi izan diote, eta horretarako protokolo zehatz bat garatu dute, sagardotegien sasoia "berezia, desberdina eta segurua" izan dadin.

Beraz, nolakoa izango da aurtengo sagardotegien denboraldia?

Sagardoa mahaian dastatuko da

"Adierazgarri nagusia Sagardo Berria dastatzea da, otordu eder baten bueltan. Eta hori nola egin? Mahaian eserita", azaldu dute. Hortaz, sagardogileek mahaira ekarriko dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan; sagardo bakoitzak txarteltxo bat izango du, produktuaren azalpenarekin.

Txartel horrek bi elementu izango ditu: alde batetik, kupelaren zenbakia, bezeroak jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen; bestalde, QR kode bat ere izango du, sagardotegiaren inguruko informazio gehiago jaso ahal izateko.

Otorduan zehar, pitxarra betetzera altxatzeko aukera izango du mahai bakoitzeko arduradunak. Sagardogilearen laguntzarekin beteko du pitxarra, taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen dion kupeleko sagardoarekin.

Garai bateko kontsumitzeko modua

Azaldu dutenez, uzta berria mahaian kontsumitzailea berritzailea da, baina, aldi berean, "antzinako kontsumitzeko modua berreskuratzeko pausoa" da. Izan ere, historikoki, pitxarretan zerbitzatu izan da sagardoa Euskal Herriko sagardotegietan. Aurtengo denboraldian, beraz, teknika hori egokitu eta findu nahi izan dute.

Segurtasun protokoloa

Sagardoaren sektoreak protokolo zehatza garatu du, gaur egungo osasun egoerak eragindako baldintzak "modu seguruan bete eta aldi berean eskaintza erakargarri bat egiteko".  Lehen unetik, dekretu eta arautegi berrien arabera egokituz joan dira, baina beti oinarri bera errespetatuz: "Sagardoa dastatzean eta sagardotegiko esperientzian segurtasuna bermatzea", azaldu dute.

Une honetako araudiaren arabera, sagardotegi guztietan neurri hauek hartuko dira:

  • Sei laguneko taldeetan antolatuko mahaiak, gehienez ere.
  • Mahaikideak eserita izango dira.
  • Segurtasun distantzia bermatuko da.
  • Uzta berria mahaian dastatuko da.
  • Sagardotegien ateak 20:00etan itxiko dira, urtarrilaren 12ko dekretuak indarrean dirauen bitartean.
Erlazionatuak

Arabako sagardoa berpizteko garaia

Mikel Buruaga 2020 abu 12 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide