Arabako sagardoa berpizteko garaia

Mikel Buruaga 2020ko abu. 12a, 08:30

Alaveseko neskek zabaldu zuten 2020ko txotx denboraldia, Kuartango sagardotegian. / PHOT.OK

Itxiera behartua kolpe gogorra izan da Arabako sagardotegientzat. Kuartango, Trebiñu eta Iturrietako sagardogileek aho batez ohartarazi dute: "Txotx denboraldi osoa galdu dugu". Baina berriro zabalik daude, eta uda krisiaren ondorioak arintzeko bigarren aukera izan liteke.

Alarma egoera ezarri baino lehen ere, zetorrena argi zeukaten Arabako sagardogileek, erreserbak bertan behera uzteko dei ugari jaso baitzituzten. Erantzukizunagatik ere, martxoaren 13ko asteburuan pertsiana jaistea erabaki zuten, konfinamendu neurriak indarrean sartu aurretik.

"Astelehenean dei mordoa jaso genuen, erreserben erdia bertan behera uzteko. Guk geuk deitu genien gainerakoei, itxiko genuela abisatzeko", azaldu dio ALEAri Kuartango Sagardotegiko Benito Peciñak.

Bi hilabete eskas iraun du, beraz, urtarrilaren 16an hasitako denboraldiak. Euskal Sagardoa jatorri-deiturako Arabako sagardotegiek 95.000 litro sagardo lortu zituzten azken uztan, eta denboraldia erreserbaz beterik zuten unean, Covid-19ak eragindako krisia iritsi zen: "Aurtengo txotx garaia erabat galdu egin dugu", dio Aramaioko Iturrieta Sagardotegiko Juanjo Peciñak.

Asteburu honetatik aurrera zabalik egongo dira Arabako sagardotegiak. / TREBIÑU S.

"Txotx garaia erabat galdu egin dugu" - Juanjo Peciña (Iturrieta Sagardotegia)

 

Sektorea kinka larrian

Duela lau urte Zuhatzu-Kuartangoko antzinako bainuetxean sortutakoa Arabako hiru sagardotegietako gazteena da, baina ideia berriez beteta dagoen eta produktu berriak garatzen ari den proiektua "kinka larrian" dagoela ohartarazi du Benito Peciñak, eta etsipenez bizi ditu ondorio ekonomikoak.

40.000 litro sagardo ekoitzi dituzte aurten bertako upategian -lurraldean ekoizten denaren ia erdia-. Arabako sagardoaren interpretazio zentroa irailean irekitzear zegoen. Baina egindako inbertsioen eta jasotako sari guztien ostean, zailtasun handiak dituztela salatu du Peciñak, nabarmen haserre: "Kreditu pilo bat ditugu, fakturaziorik gabe geratu gara, eta, gainera, ez bankuek ezta Elkargik ere ez digute finantziazioa erraztu nahi", deitoratu du, gastu finkoez ahaztu gabe. "Jada ez dugu burua altxatuko urte osoan, eta datorren urtean, norki daki".

Sagardotegi guztiek otsailetik maiatzera lortzen dute fakturazioaren zatirik handiena, eta "galdutzat" jo dute aurtengo denboraldia.

Trebiñu Sagardotegia izan da osasun krisiaren ondoren ateak irekitzen lehena. / TREBIÑU S.

 

Bigarren aukera

Denboraldiari berrekin dion lehenengoa Askartzako Trebiñu Sagardotegia izan da, maiatzaren 30eko asteburuan. Egoera berezia da, baina alde onak ere badituela uste dute: "Jende gutxiago dago, bai, baina tratua askoz ere hurbilagoa da horrela", azaldu du Julen Markinezek, eta jende asko animatzen ari dela dio.

"Jende gutxiagorekin tratua askoz ere hurbilagoa da" - Julen Markinez (Trebiñu Sagardotegia)

Jendea galdezka eta "gogoz" zegoela dio Juanjo Peciñak, eta, ekainean, Trebiñukoari batu zaizkio Kuartango eta Iturrieta sagardotegiak. Hirurek HAZI fundazioak sagardotegiei eskainitako ikastaro batean parte hartu dute, eta protokolo guztiak argi dituztela azaldu dute.

Edukierari dagokionez ez da mugarik hirugarren fasean, baina mahaien eta pertsonen arteko distantziari eutsi ahal izateko, mahaia batzuk kendu dituzte eta %50eko muga mantenduko dute: 60 pertsona Trebiñu Sagardotegian, 80-100 Kuartangon, eta 70 Iturrietan.

Osasun, segurtasun eta higiene neurriak hartu dituzte, langileetatik hasita, bai sukaldean, bai zerbitzuan, eta, noski, baita komunetan ere. Sarreran eta irteeran ez gurutzatzeko planifikatu dituzte erreserbak.

Trebiñu Sagardotegian, adibidez, taldeei irizpide bereziak azaltzen dizkiete sarreran, eta arduradun bat aukeratzen dute mahai bakoitzean janaria banatzeko eta sagardoa botilatik zerbitzatzeko.

Kupelak sagardotegiko arduradunek irekiko dituzte, eta taldeak txandaka joango dira txotx egitera. Zerbitzu bakoitzaren ostean, desinfektatuko dituzte.

Iturrieta Sagardotegiaren inguruko paisaia sagardozaleen zain, Aramaion. / ITURRIETA S.

 

Besoak zabalik

Itxiera denbora honetan ez dira geldirik egon: sagastiak zaindu eta lokalak txukuntzeaz gain, etxez etxeko banaketari ekin diote, galera ekonomikoak nolabait arintzeko. Oso eskertuta daude etxez etxeko bezeroekin, eta ezohiko zerbitzua mantenduko dute.

"Uda sagardoa ondoen dagoen momentua da" - Benito Peciña (Kuartango Sagardotegia)

Kuartango upategiaren kasuan, ekoizpen propioekin batera -sagardoa, sagar zukua edo ozpina- bertako ekoizleen produktuak ere banatu dituztela azaldu du Benito Peciñak: Añanako gazta, irasagarra eta intxaurrak, besteak beste.

Gainera, denboraldia urte osoan luzatuko dute, eta Arabako sagardotegiak, paisaiak eta inguruak gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak: "Jendeak konfiantza mantentzen badu, agian perspektibak ez dira hain txarrak izango", uste du Juanjo Peciñak. "Uda da sagardoa ondoen dagoen eta ondoen sartzen den momentua", ziurtatu du Benito Peciñak, ohiko denboraldia desmitifikatuz.

Hori gutxi balitz, ekainetik aurrera denboraldiko produktuen degustazio menua eskaintzen dute Trebiñu Sagardotegian, ohiko menuaz gain: "Beldurra librea da, baina momentu paregabea da denboraldiko produktuak dastatzeko", dio Julen Markinezek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago