Aste honetan ezagutu da Agure Arkaiate etxebizitza komunitario pribatuan Covid-19an positibo eman duten hamar egoiliar Zadorra egoitzara eraman dituztela —Arabako Covid-19rako erreferentziazko zentro soziosanitarioa—, gaixotasuna gainditu arte artatuak izateko.
Gainera, etxebizitza komunitariotik kutsatutako beste bi pertsona ospitaleratuta daude, beste bik negatibo eman duten bitartean. Hortaz, kezka eta alarma piztu da, zentro horretako erabiltzaileen %85 gaixorik baitago.
Eldiario.es hedabideak jakinarazi duenez, konfinatutako langileak ere badaude. EH Bilduk ostiral honetan baieztatu du langile gehienek positibo eman dutela eta konfinatuta daudela. Aipatutako hedabideak egindako informazio-eskaerari uko egin dio egoitzako zuzendaritzak, "modu txarrean". GARA ere saiatu da, "arrakastarik gabe", egoitzako zuzendaritzarekin harremanetan jartzen.
Opakutasuna
Bestalde, EH Bilduk "gardentasuna" eskatu du, Aldundiak Agure Arkaiate etxebizitza komunitarioaren "egoera kritikoari buruzko informazioa ezkutatu duela" jakin ostean.
Izan ere, asteazkenean, Politika Orokorreko osoko bilkura egin eta 24 ordura, EH Bilduk egoeraren berri izan zuen, eta hainbat iturrietatik informazioa biltzen saiatu dela azaldu du. Salatzen dutenez, zenbait komunikabidek informazioa biltzeko egoitzara deitu eta ordu batzuetara eman zuen Aldundiak gertaera horren berri, eta ez lehenago. Ostiral honetan, subiranistek galdera sorta bat erregistratu dute Batzar Nagusietan, "gertatutakoa lehenbailehen argitzeko".
Claudia Venceslao batzarkideak jakitera eman duenez, irailaren 25ean —ostirala— lehen positiboak ezagutu ziren Agure Arkaiaten. Egun batzuk geroago, hilaren 28an —astelehena—, egoera okertu zen, eta, ordurako, egoiliarren %85 kutsatuta zegoen. Asteartean, hilaren 29an, hamar pertsona horiek Zadorra zentrora eraman zituzten: bost goizean eta bost arratsaldean. "Egun horretan, Aldundiak, informazio hori izanda, ez zuen ezer jakinarazi, eta familiek gerentearengatik izan zuten lekualdaketaren berri", salatu du Venceslaok.
Orduan, EH Bilduk GOFEren senitartekoekin eta sindikatuekin hitz egin zuen, eta horien bitartez jakin zuen hamar pertsona horien lekualdaketa urriaren 1erako aurreikusita zegoela, lantegia prestatu eta langile kopurua handitu baitzen. "Zer gertatu da asteartetik ostegunera bitartean? Nork zaindu ditu Zadorrako Covid-19 eremuan egon diren 10 pertsonak? Non? Zein baldintzatan?", galdetu du Venceslaok. "Gure adinekoen arretan gardentasuna eskatzen dugu, gizatasunagatik eta enpatiagatik".
14 hildako Arabako egoitzetan
Arabako egoitzen sareko beste erabiltzaile bat hil egin da ospitalean, koronabirusaren ondorioz. Kutsatze-gune garrantzitsu bat duen Murgiako Orobide egoitza pribatuko erabiltzailea zen; izan ere, gutxienez 18 kasu atzeman dira aste honetan, eta dagoeneko egoiliarren %75ari eragin dio, gutxi gorabehera.
Pandemiaren bigarren olatuan, dagoeneko 14 pertsona hil dira Arabako egoitzetan. Foru Aldundiaren datuen arabera, 80 egoiliar inguruk birusa gainditu dute, eta beste 50 inguru kutsatuta daude oraindik. Azken balantzeak, gainera, egoitzetako 41 langile bajan daude koronabirusagatik.