Koronabirusa

LABIk neurri murriztaileak berrikusiko ditu gaur, pandemiaren bilakaera dela eta

Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 13:30
LABIren Aholku Batzordearen bilera, astelehen honetan. / IREKIA

Koronabirusaren datuek okerrera egin dute EAEn azken egunetan. Astelehen honetan egingo dute LABIren bilera, indarrean dauden neurri murriztaileak berrikusteko. 14:00ak aldera espero da prentsaurrekoa, baina, hainbat hedabidek aurreratu dutenez, lurraldeen konfinamendu perimetrala ezartzea erabaki du LABIk.

14:00etako prentsaurrekoan iragarritako neurriak HEMEN ikusgai.

Kezkagarriak dira azken egunetako datuak: EAEn 293 puntuko intzidentzia metatua izan da igande honetan, Eusko Jaurlaritzaren irizpideen arabera eremu gorrian sartzeko 300 puntuetatik oso gertu, "transmisio komunitario altuarekin". Gainera, bestelako datuak okerrera doaz: joan den astea azaro amaieratik okerrena izan da EAEn, 3.624 positibo atzeman dira eta, aurreko astean baino %28 gehiago; igande honetan, gainera, 509 positibo berri ezagutarazi ziren, %5,1eko positibotasun-tasarekin.

Ospitaleen egoerari dagokionez ere, Osakidetzaren datuak ere oso txarrak dira. Azken hilabetean ingresatutako pertsonen kopurua jaitsi ostean, 300 ospitaleratze izan dira azken zazpi egunetan; aurreko astean, 230 izan ziren. Une honetan, 76 paziente daude ZIUetan.

Hala ere, Araban egoera hobea da, Bizkaia eta Gipuzkoarekin alderatzen badugu: igande honetan, 73 kasu positibo berri ezagutu dira.

Bilera bikoitza

Egoera honetan, LABIk saio bikoitza egingo du gaur, pandemiaren bilakaera ebaluatu eta neurriak berrikusteko. Alde batetik, goizean goiz bildu da batzorde teknikoa, egoerari eusteko neurri berriak proposatu ala ez erabakitzeko. Bestalde, 12:00etan hasiko da LABIren Aholku Batzordearen bilera, eta bertan izango dira lehendakaria, hainbat sailburu, hiru ahaldun nagusiak, hiriburuetako alkateak eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria; batzorde honetan hartuko dira erabakiak.

Ohiko atzerapenak kontuan hartu gabe, bileraren osteko prentsaurrekoa 14:00etarako programatu du Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariak; beraz, neurri berriak ordu horretatik aurrera ezagutuko direla espero da.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileek azken egunotan adierazi dutenez, gaur egun indarrean dauden neurriak gogortzea espero da, batez ere transmisio handiagoa duten udalerrietan. Hainbat iturriren arabera, LABIk lurralde bakoitzaren irteera ixtea erabaki du, beste neurri batzuen artean; besteak beste, GARA egunkariko Iñaki Iriondo kazetariak eta EiTBk eman dute erabakiaren berri.

Gaur egungo neurriak

LABIk ezarriko dituen neurri berriak ezagutu bitartean, hauek dira oraingoz indarrean daude neurri murriztaile nagusiak:

  • Etxeratze-agindua: debekatuta dago 22:00etatik 6:00etara bitartean kalean ibiltzea justifikatutako arrazoirik gabe.
  • Autonomia erkidegoen konfinamendua: ezin da EAEtik irten, ezta bertan sartu ere, ezinbesteko kausa batengatik edo lan arrazoiengatik ez bada; udalerrien zein probintzien arteko mugikortasuna baimenduta dago abenduaren 23tik.
  • Gehienez sei pertsona arteko taldeak.
  • Ostalaritza: tabernak eta jatetxeak 20:00etan itxi behar dira, eta ezin dira 6:00ak baino lehen ireki.
  • Merkataritza: saltokien jarduera 21:00 amaitu behar da.
  • Kultura: ekitaldi kulturalak 21:00ak baino lehen amaitu behar dira.
  • Kirola: gehienez sei pertsona elkartu daitezke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide