Lurraldeen konfinamendu perimetrala ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 14:08

LABIren Aholku Batzordearen bilera, astelehen honetan. / IREKIA

Beste neurrien artean, lurralde bakoitzaren eta eremu gorrian dauden udalerrien konfinamendu perimetrala ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, pandemiaren bilakaera okerrari eusteko. Neurriak asteazkenetik aurrera sartuko dira indarrean.

Koronabirusaren datuek okerrera egin dute EAEn azken egunetan, eta astelehen honetan bilera bikoitza egin du LABIk, indarrean dauden neurri murriztaileak berrikusteko.

Alde batetik, goizean goiz bildu da batzorde teknikoa, egoerari eusteko neurri berriak proposatu ala ez erabakitzeko. Bestalde, 12:00etan hasi da LABIren Aholku Batzordearen bilera, eta bertan izan dira lehendakaria, hainbat sailburu, hiru ahaldun nagusiak, hiriburuetako alkateak eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria; batzorde honetan hartu dira erabakiak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileek azken egunotan aurreratu dutenez, gaur egun indarrean dauden neurriak gogortzea erabaki du LABIren Aholku Batzordeak, bereziki eremu gorrian dauden udalerrietan. Honakoak dira bileraren osteko prentsaurrekoan Gotzone Sagarduik iragarri dituen neurri murriztaile berriak; urtarrilaren 13tik aurrera sartuko dira indarrean, eta, gutxienez, hurrengo 20 egunetan mantenduko dira:

  • Lurraldeen konfinamendu perimetrala: mugikortasuna baimenduta izango da probintziaren barruan, baina ezin izango da probintzia batetik bestera joan justifikaziorik gabe.
  • Eremu gorrian dauden udalerrien konfinamendu perimetrala: azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak konfinatuta; udalerri horietan ostalaritza itxi beharko da. Astelehenero eta ostegunero eguneratuko da konfinatuko diren udalerrien zerrenda.
  • Eskola kirola berreskuratuko da: entrenamenduak bakarrik, aldagelak erabili gabe eta gehienez sei pertsona arteko taldetan; betiere, eremu gorrian ez dauden udalerrietan.
  • Merkataritza guneetako edukiera %40ra murriztuko da, 150 metro koadro baino gehiago duten saltokietan; gainerako establezimenduetan, %60ra.
  • Jokoaren eta apustuen sektorea berriz irekitzea baimenduko da, ostalaritzaren antzeko neurriekin.

Neurri berriekin batera, hauek dira indarrean mantenduko diren neurri murriztaileak:

  • Etxeratze-agindua: debekatuta dago 22:00etatik 6:00etara bitartean kalean ibiltzea justifikatutako arrazoirik gabe.
  • Gehienez sei pertsona arteko taldeak.
  • Ostalaritza: tabernak eta jatetxeak 20:00etan itxi behar dira, eta ezin dira 6:00ak baino lehen ireki.
  • Merkataritza: saltokien jarduera 21:00 amaitu behar da.
  • Kultura: ekitaldi kulturalak 21:00ak baino lehen amaitu behar dira.

Arabako udalerri "gorriak"

Une honetan eta azken datuen arabera, honako hauek dira konfinatuak izateko zorian leudekeen Arabako zazpi udalerriak, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua dutelako:

  • Agurain: 560,43
  • Artziniega: 837,26
  • Asparrena: 1.237,62
  • Barrundia: 531,35
  • Donemiliaga: 964,19
  • Iekora: 1.123,60
  • Mañueta: 934,58

Horien artean, Agurain da 5.000 biztanle baino gehiago dituena, eta, beraz, ofizialki eremu gorrian dagoen bakarra. Baliteke konfinamendua soilik Agurainen, Asparrenean eta Donemiliagan ezartzea. Dena den, Eusko Jaurlaritzak ostegunean baieztatuko du konfinatuko diren udalerriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago