Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa laguntzen dion Aholku Batzordearen bileraren buru izan da astearte honetan. Bertan, Covid-19aren pandemiari aurre egiteko aurtengo Gabonetan ezarriko diren neurriak erabaki dituzte.
Bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak abenduaren 12tik indarrean dauden neurriekiko aldaketak jakinarazi ditu:
MUGIKORTASUNA
- EAEren konfinamendu perimetrala bertan behera geratuko da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 1era; egun horietan, autonomia erkidegoen zein probintzien arteko mugikortasuna baimenduta egongo da.
- Etxeratze agindua 22:00etatik 6:00etara.
- Salbuespen gisa, etxeratze agindua 00:30ean izango da abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan.
GIZARTE TOPAKETAK
- Gehienez 6 pertsona arteko taldeetan biltzeko aukera.
- Salbuespen gisa, gehienez 10 pertsona biltzeko aukera egongo da abenduaren 24an eta 25ean; hau da, soilik Gabon Gauean eta Eguberri egunean.
OSTALARITZA ETA MERKATARITZA
- Tabernak, jatetxeak eta merkataritza establezimenduak 18:00etan itxi beharko dira abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an; farmaziak, zerbitzuguneak eta gasolindegiak izan ezik.
- Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an ezin izango dira 9:00ak baino lehen ireki.
- Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, kotilioiak eta Urte Berriko ospakizunak debekatuta mota guztietako establezimenduetan; 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta erregistratuta daudenei soilik eman ahal izango zaie afaria.
- Abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duen bezerorik ezingo da onartu kanpinetan abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean.
Txertoa, abenduaren 27tik aurrera
Gainera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak baieztatu du EAEk abenduaren 27an jasoko dituela Pfizer eta BioNTech enpresek sortutako txertoaren lehen dosiak. Egun horretan bertan hasiko da txertaketa kanpaina.