EH Bilduren ustez, Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontua "motz" geratu da

Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 13:50
Kike Fernandez de Pinedo, EH Bilduren bozeramailea Batzar Nagusietan. / EH BILDU ARABA

Arabako Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren lehen balorazioan, "salbuespenezko ahalegina" eskatu du EH Bilduk. Gainera, "egoera kritiko honek eskatzen duen zor guztia eskatu ez izana" deitoratu du.

2021erako aurrekontu proiektuaren inguruko lehenengo balorazioan, EH Bilduk adierazi du aurrekontua "motz" geratu dela, eta deitoratu du Ramiro Gonzalezek "egoera kritiko honek eskatzen duen zor guztia erabili nahi ez izana".

Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak gogorarazi duenez, EH Bildu akordioa lortzen saiatu da azken asteetan, baina, bere hitzetan, "Foru Gobernuaren borondate faltak ez du hori ahalbidetu". Hala ere, eskua luzatu dio berriro ahaldun nagusiari, "datozen asteetan akordio bat lortzeko eta salbuespenezko ahalegin bat" egiteko.

"Duela zenbait aste, EH Bilduk Ramiro Gonzalezi jakinarazi zion 2021eko aurrekontua ezin zela 2020koa baino txikiagoa izan, eta 50 milioi euro inguru handitu behar zela, krisiaren beharrei aurre egiteko eta krisiak gehien kolpatutako sektoreei erantzuteko", azaldu du subiranisten bozeramaileak.

Horretarako, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren akordioaren ondoriozko zorpetzeko ahalmena "ahalik eta gehien aprobetxatzea" proposatu zion EH Bilduk, "aurrekontu-gerakina erabiliz eta Aldundiaren diru-sarrerak handituz, 2021. eta 2022. urteetarako errentarik handienei eta irabaziak dituzten enpresei COVID tasa bat ezarriz".

Lau ardatz

Azkenik, EH Bilduk gogora ekarri ditu 2021eko aurrekontuak indartzeko Ramiro Gonzalezi duela hilabete inguru aurkeztutako lau ardatzak:

  • Pertsonak zaintzeko eta babesteko funtsa: 8 milioi euro gizarte politikak indartu, hobetu eta birbideratzeko.
  • Ehun ekonomikoaren erresilientzia indartzeko funtsa: 15 milioi euro.
  • Ehun ekonomikoaren birmoldaketa ekologikoa eta eredu sozioekonomiko, energetiko eta ekologiko berri baterako: 10 milioi euro.
  • Tokiko autonomia sustatzea, toki erakundeek krisiari aurre egiteko duten gaitasuna indartzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide