Indarkeria matxistaren aurkako deiadarrak Arabako plazak hartu ditu

Erredakzioa 2020ko aza. 25a, 22:00

Indarkeria sistemaren ispilu. Geure buruak defendatzera goaz! lelopean, mugimendu feministaren mobilizazioek Arabako plazak hartu dituzte asteazken honetan, Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Egunean.

Pandemiak baldintzatuta eta 85 urteko gizon batek bere bikotekide ohiaren kontra Gasteizen egindako erasoak markatutako astean, mugimendu feministak, erakunde publikoek eta jendarte eragileek emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko aldarriari eutsi diote Araban, urtero bezala eta mota guztietako ekimenekin.

Euskal Herriko mugimendu feministak, Indarkeria sistemaren ispilu. Geure buruak defendatzera goaz! lelopean, hiriburuetan deitutako mobilizazioez gain, herriz herriko hamaika hitzordu izan dira Araban. Herrialdeko mobilizazio nagusia, ohi bezala, Gasteizen izan da, eta 19:00etan abiatu da Iparralde gizarte etxetik.

Mobilizazioak eskualdez eskualde

Hala ere, indarkeria matxistaren aurkako aldarria Arabako kuadrilla guztietako plazetara iritsi da, eta era guztietako ekimenak izan dira Araba osoan zehar. Lurralde osoko herriz herriko irudiak bildu ditugu ALEAn:

AIARALDEA

 

Aiaraldearen kasuan, mobilizazioak egin dituzte zazpi herritan: Urduñan, Amurrion, Aiaran, Orozkon, Aretan, Laudion, Artziniegan eta Okondon.

Argazkiak: Aiaraldea.eus | Izar Mendiguren Cosgaya, Aitor Aspuru, Naiara Otaola, Unai Gotxi, Samuel Pasandin eta Lamia Arcas.

AÑANA

Indarkeria matxistaren aurkako III. Martxa online egin dute aurten. Argazkiak bilduko dituzte, eta bideo bat argitaratuko dute "indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat" aldarrikatzeko.

ARABAKO ERRIOXA

 

Arabako Errioxako Berdintasun Foroak eskualde osoa "inoiz baino batuagoa" egon dela nabarmendu du, eta "oso-osorik murgildu da emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko". Izan ere, Emaiozu argia A25 kanpainaren barruan, leihoetan, balkoietan eta kaleetan puntu moreak jartzeko dei egin dute aurten, eta, gainera, 20:00etan puntu moreei argia eman diete, balkoietan kandelak piztuz. Elkarretaratzeak ere egin dituzte hainbat herritan.

 

Aurreko egunetan ere, jendeak bat egin du morez edo lilaz banku bat margotzeko, beste ekimenen artean. Gainera, udalerri, herri eta kontzeju guztiek, leloaren letretako bat osatu dute, ahalegin horien guztien eta elkarlanaren batasun birtual gisa. Irudi guztiekin bideo bat argitaratuko dute.

"Hunkigarria izan da ikustea nola Arabako Errioxan bizi garenok inoiz baino gehiago elkartu garen, helburu berarekin hurbil sentituz, Bastidatik Moredara, Binasperitik Lapuebla Labarkara, Kripandik Oionera, Eskuernagatik Campillarrera…", goraipatu du Berdintasun Foroak.

Argazkiak eta bideoa: Arabako Errioxako Berdintasun Foroa.

GORBEIALDEA

 

Gorbeialdeko mobilizazio nagusiak Murgian eta Aramaion egindako manifestazio zaratatsuak izan dira. Gainera, Zuiako mobilizaziora joateko, kotxe kedadak antolatu dituzte Urkabustaiztik eta Zigoitiatik.

Aramaioko argazkiak: Goiena.eus.

LAUTADA

 

Agurainen eta Araian elkarretaratzeak egin dituzte 18:30ean, San Juan plazan eta Herriko plazan, hurrenez hurren.

Argazkia: @Toni_R_V

MENDIALDEA

 

19:00etan, Mendialdeko Lamingorriak talde feministak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Maeztun eta Kanpezun. Elkarretaratze bakoitzean 35 bat lagun bildu dira.

Argazkiak: Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Mendialdea Press.

TREBIÑU

 

Trebiñu eta Argantzongo Udalek indarkeria matxistaren aurkako kartelak jarri dituzte udaletxeetako fatxadan. Argantzonen, gainera, 19:00etan bildu dira Herriko plazan.

Indarkeria matxista pandemia garaian

Milaka pertsona bildu dira hiriburuan, Gasteizko mugimendu feministak deitutako manifestazioan. "Pandemiak eragindako krisiak eta instituzioek hartutako neurriek aspalditik datozen emakumeon kontrako indarkeria anitzak bizkortu eta sakondu dituzte", kritikatu dute mobilizazioaren amaierako ekitaldian. "Jendarte kapitalistaren erdigunean jarduera ekonomikoa dagoela, ez bizitzak, eta are gutxiago, emakumeon, bolleron eta transon bizitzak".

Pandemia garaian, "urteetan zehar borrokatutako eskubideetan atzera" egin dela eta "kontrol soziala izugarri handitu" dela salatu dute. Gainera, alarma egoera "familia nuklear, heterosexual, monogamo eta burgesetan oinarritutako ordena ardatz eta helburu duten politiken beste adibide bat" dela uste du mugimendu feministak, "askoren bakardadea eta isolamendua eraginez".

Aldi berean, agintariek etxean konfinatzera deitzen zuten bitartean, etxegabetzeek jarraitu dutela deitoratu dute: "Hau al da zuentzako segurtasuna eta osasuna?". Halaber, garai honetan espetxeetan bizi izan den "isolamenduaren biderkatzea" ere gogor kritikatu dute.

Gainera, "indarkeria ekonomikoa izugarria" izaten ari dela ohartarazi du mugimendu feministak, eta barneko etxeko langileen egoera ekarri dute gogora, besteak beste: "Euren lanpostuan konfinatu dituzte". Horrekin batera, sexu langileen muturreko egoera salatu dute: "Lan egiten duten pisuetan edo etxean inolako diru-sarrerarik gabe". Adineko emakumeen kasuan ere, "euren gizonekiko duten mendekotasun ekonomikoak indarkeria mantentzen eta iraunarazten" duela salatu dute.

Bestalde, atzerritartasun legearen ondorioz, emakume migratuen ziurgabetasuna "bikoitza" izatea eragin duela ohartarazi dute, "bai kalean, poliziaren sarekaden gorakada medio; baita administrazioan ere, paperak kudeatzeko are traba gehiago izan dituzte eta". Eta zerbitzuen sektorean ere, enplegu suntsiketa handia ematen ari dela salatu dute, kontuan hartuta horietako asko sektore feminizatuak direla.

"Sistema indarkeriaren ispilu dela oihukatzeko atera gara kalera, aurretik aipatutako guztia emakumeon* kontrako indarkeria sistematikoa baita", adierazi dute ekitaldiaren amaieran: "Benetako instituzio eta politika feministak bagenitu, asko egin genezake egoera iraultzeko". Eta, azkenik, "zerbitzu publikoak babestu eta zerbitzu publikoetan inbertitu" behar dela aldarrikatu dute.

Emakume sahararrek hitza hartu dute mobilizazioaren amaieran, eta Marokok 1991tik indarrean zegoen su-etena hautsi izana salatu du. Gainera, "munduko emakume guztien askatasunaren alde borrokan jarraitzeko" deia zabaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide