Gasteizko indarkeria matxistaren azken kasua igande honetako arratsaldean jazo da, 16:30ak aldera, Lakua-Arriaga auzoan. El Correo egunkariaren arabera, eztabaida baten erdian, 85 urteko gizon batek labanaz eraso egin zion bikotekide ohiari, Batzar Nagusien kalean.
Polizia-iturrien arabera, erasotzailea biktima sastakatzen saiatu zen behin baino gehiagotan. Emakumea eskuekin defendatu zen, eta, ondorioz, hainbat labankada jaso zituen besoetan.
Lakuako hainbat bizilagunek erasotzailea geldiarazi zuten; gizona atxiki egin zuten, eta, ondoren, 092 telefonora deitu. Udaltzaingoaren patruilak eta anbulantziak berehala agertu ziren Batzar Nagusien kalean. Lehenengoek erasotzailea atxilotu zuten, eta bigarrenek ospitalera eraman zuten emakumea, besoetako zauriak artatzeko; biktima arriskutik kanpo dago.
Gaua Agirrelandako polizia-etxean igaro ostean, ustezko erasotzailea astelehen honetan —edo asteartean, beranduenez— eramango dute Emakumearen aurkako Indarkeriaren Gasteizko Epaitegira. Hilketa saiakera leporatu diezaiokete, eta epaileak erabakiko du aske gelditu ala espetxera joango den.