Koronabirusa

Gabonetarako proposamena: 6 lagun arteko bilerak eta etxeratze-agindua 1:00etan

Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 11:48

Gasteizko Florida parkea 2018ko Gabonetan. / ALEA

Autonomia erkidegoetan nola aplikatuko den zehaztu gabe oraindik, sei lagun arteko bilerak baimentzea eta abenduaren 24an eta 31n etxeratze-agindua 1:00etan izatea proposatu du Espainiako Gobernuak.

Espainiako Gobernuak 2020ko Gabonetarako proposamenaren zirriborro bat egin du. Abenduaren 24an eta 31n, familia zein gizarte topaketak sei pertsonetara mugatzea proposatu du. Bi gau horietan, Gabon Gauean eta Gabon Zaharrean konfinamendua ezarriko du 1:00etatik 6:00etara. Gainera, Gabonetako kabalgatak ez egitea aholkatu dute.

Osasun publikoko neurrien proposamenak Covid-19aren aurrean Gabonetako jaiak ospatzeko izenburua duen dokumentuak, halaber, familia bilerak bizikidetza talde bereko kideetara mugatzea gomendatzen du; gonbidaturen bat egonez gero, bilerak gehienez sei pertsonakoak izan beharko dira.

Horrekin batera, Gabonetan ohikoak diren gizarte topaketak saihestea gomendatu du Espainiako Gobernuak; adibidez, laneko ospakizunak eta afariak. Horiek ospatzekotan, betiere sei laguneko topaketak izan beharko dira gehienez, osasun neurri guztiak errespetatuz.

Azkenik, Covid-19 positiboa diren pertsonek ezin izango dute familia zein gizarte topaketetan parte hartu; ezta oraindik birusa hedatzeko arriskua duten pertsonek ere, sintomak dituztelako, proba baten emaitzaren zain daudelako edota azken 14 egunetan positibo den pertsona batekin kontaktu zuzena izan dutelako.

Eta Araban zer?

Estatu mailako proposamena da, baina oraindik ikusteko dago autonomia erkidegoetan nola aplikatuko den. Alarma egoeraren testuinguruan ezarritako neurri sorta guztiekin bezala, Eusko Jaurlaritzak izango du azken hitza EAEn eta, beraz, Araban ere aplikatuko diren neurriak zehazteko.

Oraingoz, azaroaren 7tik EAE osoan indarrean dauden neurri murriztaileak gutxienez abenduaren 10era arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Aste horretan, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (LABI) bilera izango da, eta erabaki berriak hartuko dituzte bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago