Ostegun honetan, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (LABI) bileraren ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du Covid-19aren transmisio maila "oso altua" dagoela eta ZIUen zifrak "kezkagarriak" direla oraindik. Sagarduik azaldu du, hala ere, beheranzko joera dagoela eta martxan jarri ziren neurriak "egokiak" izan zirela, baina egoerak "zuhurtzia" eskatzen duela.
Hortaz, Eusko Jaurlaritzak erabaki du azaroaren 7an ezarritako neurriak mantentzea, oraingoz. "Neurriak ez dira murriztuko oraingoz, ezta areagotuko ere. Neurriak bete egin behar dira", azpimarratu du sailburuak.
Ostiral honetan, larunbatean indarrean sartuko den dekretu bat argitaratuko du Iñigo Urkullu lehendakariak. Neurri murriztaileak, mugikortasun mugak eta ostalaritzaren itxiera 20 egun gehiago luzatuko dira; hau da, larunbatetik, azaroaren 21etik, gutxienez abenduaren 10era arte.
Hurrengo berrikuspena 15 egun barru egingo den bileran egingo da, eta bertan erabaki berriak hartuko dira.
Honako hauek dira azaroaren 7tik aurrera Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile nagusiak; oraingoz, indarrean jarraituko dute:
- Ostalaritzako establezimendu guztien itxiera; etxera eramateko edo jasotzeko zerbitzua baino ez da emango, aldez aurreko hitzorduarekin eta 21:00ak baino lehen. Salbuetsita daude hoteletako zein ostatuetako jantokiak, gasolindegiak eta zerbitzuguneak, osasun zentroak, zentro soziosanitarioak, eskola jantokiak, lan jantokiak eta jantoki sozialak.
- Etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara.
- Saltokiak 21:00etan itxi beharko dira; farmaziak eta gasolindegiak izan ezik.
- Jarduera, ikuskizun edo ekitaldi kultural oro 21:00ak baino lehen amaitu beharko da. Bertan behera entsegu kolektiboak eta musika zein dantza ez-profesionaleko emanaldiak.
- Garraio publikoaren ateratzeko gehieneko ordutegia 22:30ean; salbuetsita dago taxiz edo gidaridun ibilgailuz garraiatzea.
- Taldeko kirol jarduera oro bertan behera; lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik.
- Kirol ekitaldietara joatea debekatuta.
- Kirol instalazioetan (gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan) programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, betiere maskara erabiliz, gehienez 6 laguneko taldetan eta gehienez %40ko edukierarekin.
- Gurtzarako aretoen edukiera %35era mugatuta.