Aitor Esteban

"Egoera txarra bizi du lakotak, baina itxaropentsua"

Beñat Garaio 2020ko aza. 16a, 08:57

Politikarekin batera, hizkuntzak dira Aitor Estebanen pasioa. / A. Esteban

AEBetako lakota hizkuntza-komunitatearekin aspalditik du harremana Aitor Estebanek, eta horren berri emateko saioa egingo du astelehen honetan Oihanederren, osasun krisiagatik martxoan bertan behera geratu ostean. 

EAJko bozeramailea izan da urte luzez Aitor Esteban (Bilbo, 1962) Espainiako Kongresuan eta ibilbide horretatik egin da bereziki ezagun Euskal Herri mailan eta Espainiako Estatuan ere. Politikan murgildu aurretik, baina, Deustuko Unibertsitatean Konstituzio eta Administrazio Zuzenbideko katedraduna izan zen, baina horren aurretik datorkio Jatorrizko herriekiko jakin-mina eta konpromisoa

AEBetako lakota hizkuntza komunitatearekin du harreman pertsonal gehien eta hizkuntza horren inguruko aurkezpena egitekoa zen martxoaren 16an Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxeak antolatzen duen Hitz Adina Mintzo zikloan. Azkenean, astelehen honetan, azaroaren 16an, egingo da atzeratutako saioa.

Orduan, martxoan, Estebanek patxadaz hitz egin zuen ALEArekin, bere bigarren pasioari buruz.

Lehenik eta behin, zein da zuk hizkuntzekin duzun harremana?

Nire aitak eraginda izan da. Aita oso gaztetan atera zuten eskolatik, 13 urte zituenean, eta beti nahi izan zuen hizkuntzen inguruan ikasi. Seguruenik hizkuntzalaria izango zen. Asko maite zituen hizkuntzak eta etxean bere 200 gramatika liburu ezberdin ditugu ia. Zaletasuna baino gehiago da niretzako, baina aukerak egin behar dira bizitzan. Denbora izango banu, artxiboetatik ibiliko nintzen eta hizkuntzak ikasten arituko nintzen. Dena dela, hizkuntza askok deitzen dute nire arreta, adibidez, galeserak edo kitxuak berak.

Iparramerikako Jatorrizko herriekin harreman handia duzu. Nondik nora dator harreman hori?

Begira, etxean esaten didate txikitan beti indioekin aritzen nintzela jolasten, jostailuekin. Gure denboran frantsesez ikasten zen, baina ingelesez ikasten hasi nintzen indioei buruz gehiago irakurtzeko. Gero, niretzako dena zabaldu zen internetekin, internet oraindik ezaguna ez zenean. Gutxi maneiatzen nuen, baina beti izan dut lotura hango herri batzuekin: mayekin, indioekin, leinu ezberdinekin,… eta baita antropologo batzuen bitartez ere. Eta horrela, apurka apurka, sare bat egiten duzu eta saiatzen zara gaurkotasun batekin jarraitzen. Eta ez dakit badakizuen, baina Indiar Kulturako eta Estatus Indigenako aukera libreko klaseak eman nituen Deustuko Unibertsitatean, nire proposamenez, eta niretzako horiek ziren klaserik atseginenak. Hasieran txori arraro bat banintz bezala begiratu ninduten, garai horretan indigenismoa ez zegoelako modan. Baina egia da oso ondo joan zirela, eta gaur egun Euskal Herrian indigenekin lanean ari diren asko klase horietatik irten ziren.

Zein izan da zure harremana azken urte hauetan zure jatorrizko herrietako lagunekin?

Lehen bi edo hiru urtean behin joaten nintzen, baina azkenaldian lanpetuta nabil eta denbora bat pasatu da azkenekoz joan nintzenetik. Baina bai, harremana dut hainbatekin, lakota eta Idahoko iparraldeko nepersekin, yutekin, Alaskako yupik-ekin ere bai… Lagunak ditut, hemen eta han ezagutzen ditudanak, eta harremanetan egoten gara; garrantzitsua da laguntasun hori mantentzea. Adibidez, "ikusi duzu hau albistegietan?", eta lakotak maiz agertu izan dira komunikabideetan.

Aitor Esteban, AEBetara egindako bidaietako batean. / A. Esteban

 

Gehien ezagutzen duzun hizkuntza da, Hitz Adina Mintzon horri buruz hitz egin behar zenuen, eta kontaiguzu zein den lakhol’iyapi (lakota) hizkuntzaren egoera.

Txarra, egia esan; baina beste hizkuntzekin konparatuz egoera itxaropentsua da. Esango banizu beste kasu batzuen egoera,  adibidez, cheyenne-a, askoz okerrago dago. Leinu txikiak dira eta horrek eragina du. Navajoera hobeto dago, hiztun gehiago dira eta indar handiagoa dute. Gaur egun, esango nuke lakotak 2000 hiztun dituela, hiztun gutxi topatuko dituzu eta gazteen artean ez dago hiztun askorik. Baina esan liteke biziberritzen ari direla hizkuntza eta itxaropentsu nago: batasun minimo bat dagoelako, eta kultura indigenan arazo bat da hau (ondokoak egiten duena ez onartzea); hizkuntza bultzatzeko gogoa dutelako; ortografia bateratu eta hizkuntza materialak prestatzen hasi direlako; beste ikuspuntu batetik lanean ari direlako,…

Amerikako Estatu Batuetan Jatorrizko herri asko daude. Zein da beraien arteko harremana?

Ea, lehenengo eta behin, ohar bat: beti joaten gara gure mentalitatearekin eta saiatzen gara beraien egoera ikusten gure ikuspegiaren arabera. Gu euskaldunak gara nazio bat garelako, baina beraien nazioak sendiaren parte izatearekin du zerikusia. Beraien artean leinutan bereizita daude, baita fisikoki ere, erreserba ezberdinetan bizi baitira. Hala ere, erreserba bakoitzaren barruan ere banaketak daude, baita arrankura eta ezinikusi batzuk ere. Gero, hori esanda, uste dut inoiz baino kontzientzia gehiago dutela beraien eskubideen inguruan; nahiko arrakastatsuak izan direla epaitegietan izan dituzten auzietan; pausu batzuk eman direla; batzuek ikusi dutela beraien azkena izan daitekeela eta konponbidea jarri daitekeela,…

"Euskaldunak gara nazio bat garelako, baina beraien nazioak sendiaren parte izatearekin du zerikusia"

Nazioarteko Lan Erakundean Herri Indigena eta Tribuei buruzko 169 hitzarmena sinatzearen bultzatzailea izan zinen Espainian. Nolako prozesua izan zen hura?

Indigenen mugimenduen artean gai garrantzitsu bat zen, eta hori zen nazioarte mailan euren eskubideak onartzen zituen testu bakarra. Beraz, funtsezkoa zen gero eta herrialde gehiago batzea hitzarmenera. Hitzarmen horrek konpromiso batzuk hartzea eskatuko zuen eta iparraldeko hainbat herrialdek hitzarmen hori sinatu bazuten, Espainiak zergatik ez? Lehenik eta behin, Kongresuan aurkeztu nuen ekimena, eta botoak lortu behar nituen aurrera ateratzeko. Orduan, nire betiko lana bezala izan zen: jendea konbentzitzea. Hau Zapateroren garaian izan zen eta orain ez naiz gogoratzen nortzuk esan zuten ezetz; uste dut Alderdi Popularra zegoela kontra, eta sozialisten artean ere zalantzak zeudela, baina lobby lanarekin eta GKE batzuen laguntzarekin azkenean lortu genuen. Egia esan, harro nago hau aurrera atera zelako eta modu zuzenean lagundu nuelako indigenen eskubideen aldeko ekimen honetan.

Andres Manuel Lopez Obradorrek duela urtebete Espainiari barkamena eskatzeko galdegin zion, Amerikan herri indigenei eragindako kaltearengatik. Zu baieztapen horren alde azaldu zinen. Zerk bultzatu zintuen adierazpen horiek egitera? Sostengua izan zenuen politika munduan?

Nik galdera bati erantzun nion elkarrizketa batean. Nahiko eszeptikoa naiz gauza batzuekin, adibidez, "hau historikoa da" esaldiarekin: geroak esango du historikoa den edo ez. Beste gauza barkamena eskatzearena da. Barkamena eskatzeko arrazoiak egon ziren? Bai, izugarrizko basakeriak egin dira, eta ez bakarrik indiarrei. Hala ere, indioak garbi-garbiak eta baketsuak ziren? Ez, beraien lurra zen eta eskubideak zituzten, baina herri batzuk inperioekin aliatu ziren beste herri indigena batzuk azpiratzeko. Konplikatuak dira kontu hauek, garai horretako mentalitatea zen. Mexikoko Estatuak, hala ere, ia Espainiak baino kalte handiagoa egin zien indigenei eta ez dute barkamenik eskatu. Mentalitate inperialista horren oinordekoak sentitu ziren eta izugarrizko basakeriak egin dituzte geroztik. Barkamena eskatzeko Latinoamerikako estatu gehienek dituzte nahikoa arrazoi, baina itxaropentsu nago beste ikuspegi bat garatzen ari delako.

Euskararen egoerari buruzko zure iritzia ere jakin nahiko genuke, ikusita hizkuntzen inguruko kezka eta ikuspegi berezi bat dituzula.

Ni gaztea nintzenean baino askoz hobeto dago gaur egunean. Kontuan izan behar dugu aldaketak ez direla egun batetik bestera etortzen, hau prozesu bat dela. Hizkuntza salbatu genuen, ezagupena lehen baino askoz handiagoa da, nahiz eta kontuan izan behar den Nafarroa eta Iparraldeko egoera ezberdina dela. Baina gure erronka nagusiena, herri bezala, ume-hizkuntza batetatik heldu-hizkuntza batetara pasatzea da. Gure aiton-amonek bazuten, baina falta dena da gaur egungo ume eta gazteek adierazpena, euskara-maila,… hori izatea. Baina herri bezala, nire ustez, bizirik mantentzeko eta esateko herri bat garela, zer hemen herri bat dago, hizkuntza oso oso garrantzitsua da eta askotan ez gara horretaz konturatzen.

Gizartea ohituagoa dago zu Kongresuan eta mitinetan ikustera, horrelako hitzaldiak entzutera baino. Nola sentitzen zara politika mundutik aparte dauden egoera hauetan?

Indiar kulturari buruzko klaseak ziren niretzako atseginenak, gaia gozatzen duzulako eta horrelako gauzetaz noizean behin hitz egitea, interesa sortaraztea eta egoera ezagutaraztea asko gustatzen zaizkidalako. Zentzu horretan, Hitz Adina Mintzo oso interesgarria iruditzen zait, leiho bat zabaltzea suposatzen duelako, beste begirada batzuetaz konturatzea, eta hori beti aberasgarria da. Hizkuntza honi buruz ez dut hain sarritan hitz egiten, eta hizkuntza honetan hitz egin ere ez hainbeste, hango lagunekin bakarrik. Ameriketan bai, baina ez dakit Euskal Herrian lakoteraren inguruko ezagutzak dituenik egongo den, agian Estatuan ikerlari edo adituren bat unibertsitateren batean, eta ni pozik!

 

 

Erlazionatuak

Hitz adina mintzo: Lakota

Erredakzioa 2020 aza 05 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago