Sorabiera, lakota eta mankanyera ikasturte berrirako

Erredakzioa 2020ko ira. 11a, 10:27

Jardunaldien inaugurazio hitzaldia Karlos Zurutuza kazetariak eskainiko du. / Andoni Lubaki

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak 7 hizkuntza hurbilduko dizkigu edizio berri honetan. Karlos Zurutuzak inauguratuko du ikasturte berria irailaren 30ean.

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak seigarren ikasturteari ekin dio. Irailaren 30ean Karlos Zurutuza kazetariak inaugurazio hitzaldia eskainiko du Hitzaren jabeak: amazig eta kurdu herrien hizkuntz biziberritze prozesuak izenpean 12:00etan Arabako Campusean (EHU).

Urritik abendura bitartean udaberrian eskaini gabe geratu ziren hiru hizkuntzen txanda izango da: sorabiera, lakota eta nasa yuwea. Urrian Ivan Igartua EHUko irakasle eta hizkuntza eslabiarretan adituak Alemania ekialdeko sorabiera aurkeztuko du; azaroan, Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea denak, Ipar Amerikako bosgarren hizkuntza erabiliena den lakotaren berri emango du, eta abenduan, berriz, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideek Kolonbiako nasa yuwea izango dute hizpide.

Urte berriarekin batera, gainerako lau hizkuntzen inguruan hitz egingo da Hitz Adina mintzo zikloaren baitan. Urtarrilean, AnHitzak ekimeneko hiru parte-hartzailek beren hizkuntza Gasteizen nola bizi duten kontatuko digute. Horretaz gain, ekimenaren nondiko norakoen berri emango digute, Ruben Sanchez Anhitzak-eko koordinatzailearekin batera. Otsailean, Iruran bizi den Jorge Naur Mangok mankanyera aurkeztuko du, Guinea Bissauko etnia anitzetako hizkuntzetako bat. Martxoan, Argitxu Camus eta Alberto Angosek Pirineotako euskalkiak ezagutaraztera etorriko dira Oihanederrera, erronkariera eta zuberera, alegia. Eta zikloa ixteko, apirilean, Txerra Rodriguez eta Eider Palmouk Kalaallisut hizkuntza gerturatuko dute, Groenlandiako inuitek hitz egiten duten hizkuntza.

Aurten ere zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Parte hartzeko izena eman beharko da; ziklo osoak 30€-ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5€ ordaindu beharko da saioko. Karlos Zurutuzaren aurkezpen saioa doakoa izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago