Alarma egoera berrian ezarritako neurriek ez dute pandemiaren susperraldia gelditu, eta dagoeneko hiru dira eremu gorrian dauden 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri arabarrak: intzidentzia tasa 514,73koa da hiriburuan, Gasteizen, eta 534,21ekoa Laudion intzidentzia tasak azken 14 egunetan pilatutako positiboen kopurua neurtzen du 100.000 biztanleko. Eremu gorrian sartu eta astebetera, Aguraingo intzidentzia-tasa 660,88koa da une honetan.
Hortaz, Arabako lurraldea ere eremu gorrian sartu da, lehen aldiz udan hasitako pandemiaren bigarren olatuan. Oraingoz, lurraldeko udalerri nagusien artean, egoera askoz hobea da Amurrion (134,37), eta eremu horian jarraitzen du.
Azken 24 orduetan, gainera, 152 positibo berri atzeman dira gure lurraldean, Osasun Sailak plazaratutako azken txostenaren arabera. Une honetan, Araba osoko intzidentzia tasa 510,72koa da; EAE osoko tasa, ordea, 763,02koa, eta egoera okerragoa da Bizkaian, eta, batez ere, Gipuzkoan.
EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, Covid-19aren ondorioz 76 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta 111 pertsona ZIUn daude.
Arratsaldean, neurri gehiago
Ostegun honetan, 17:00etan, LABIren kontseilua bilduko da, erkidegoaren mugak ixteak eta udalerri guztien konfinamendu perimetralak eragin onuragarririk izan ote duten baloratzeko. Hori oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak murrizketa berriak iragarri ditzake ostegun arratsaldean bertan.
Iturri batzuen arabera, Nafarroan ezarritako konfinamenduaren antzeko eredua EAEra ekartzeko aukera zabalik dago —eragina positiboa izan baita bertan—. Nafarroan, besteak beste, jarduera soziala erabat murriztea eta ostalaritza ixtea erabaki zuten duela bi aste.
Arabako beste udalerriak
Arabako datu orokorren zein udalerri handien datuetatik harago, Covid-19aren semaforoan agertzen ez diren beste hainbat udalerri daude eremu gorrian, hau da, 500eko intzidentzia-tasatik gora:
- Aiara (758,36).
- Añana (537,63).
- Aramaio (597,61).
- Armiñon (1345,29).
- Artziniega (988,55).
- Asparrena (1615,91).
- Bastida (804,29).
- Barrundia (952,38).
- Berantevilla (1024,59).
- Donemiliaga (542,74).
- Elvillar (2253,52).
- Erriberabeitia (837,32).
- Guardia (1032,92).
- Iruraiz-Gauna (564,97).
- Kuartango (557,10).
- Lantaron (743,10).
- Lantziego (1104,97).
- Lapuebla de Labarca (2380,95).
- Legutio (724,23).
- Leza (921,66).
- Navaridas (2427,18).
- Samaniego (1260,50).
- Urkabustaiz (1463,41).
- Zalduondo (515,46).
Ospitaleen egoerari dagokionez, Covid-19aren ondorioz 73 pertsona ospitaleratu ziren asteartean EAEn; 75 pertsona ZIUn daude.
Bestalde, urriaren 19tik 25era bitartean metatutako datuen arabera, 45 hildako egon dira EAEn.