Gizarte harremanetan eta mugikortasunean ezarri diren neurri murritzaileek Euskaraldian zer eragin izan dezaketen aztertu du Euskaltzaleon Topaguneko Iker Martinez de Lagosek. Euskal Herrian gaurko egoerak euskararen "zaurgarritasuna" erakutsi duela dio, eta inoiz baino inportanteagoa deritzo Euskaraldiarekin bat egiteari, hizkuntza ohiturak astinduz.
Euskaraldiaren bigarren edizioa gero eta gertuago dago, baina azken egunetan ezagutu ditugun neurriek jarduera asko kolokan jarri dituzte. Zer gertatuko da?
Helburu nagusia da bakoitzak dituen hizkuntza ohiturak aztertu eta ohiko harreman sareetan horiek astintzea, euskarara ekarriz. Alde horretatik, koronabirusaren eraginez gure gizarte harremanak murriztuta eta mugatuta ditugun arren, jarraitzen dugu gure etxeetan, lagunartean, lanean, erosketatan eta bestelako guneetan harremanak izaten. Horietan ere aldaketak egin ditzakegu, horietan ere eragin nahi dugu eta horregatik Euskaraldiak zentzu osoa izaten jarraitzen du. Aurrera goaz Euskaraldiaren antolaketan, beraz. Ukaezina da gizarte harremanak mugatuta dauden garaiotan egiten ditugun jarduera guztiak ezberdinak direla eta Euskaraldia ez da salbuespena izango, egoerara egokitutako Euskaraldia izango da. Nolako harremanak horrelakoa izango da Euskaraldia ere. Hala ere, oso argi izan dugu Euskaraldia egin behar dela. Egoera honetan inoiz baino garrantzitsuago iruditzen zaigu gizarte moduan eta komunitate moduan sareak zaintzea eta hizkuntzak berebiziko garrantzia du horretan. Garai zail hauetan ere euskara kohesiorako elementu izatea nahi dugu.
Egoerara egokitutako Euskaraldia izango da. Nolako harremanak horrelakoa izango da Euskaraldia ere.
Urte gogorra izaten ari da Euskaraldia antolatzeko.
Ez da erraza izaten ari. Martxotik aurrera guztiz baldintzatuak egon dira gure bizitzatan ohikoak diren jarduera gehienak eta Euskaraldia ez da salbuespena izan. Kontuan hartu behar da Euskaraldia herriz herri eta auzoz auzo egituratua dagoen boluntario sare handi batek antolatzen duela eta azken hilabeteetan ez da erraza izan sare horien dinamika indartsu mantentzea. Azken asteetan ahalegin handia egiten ari da herri batzorde guztien aldetik.
Hasiera batetik eragile ezberdinek zein administrazioak modu bateratuan garatu beharreko jarduera bezala planteatu da Euskaraldia. Entitate guztiek inplikazio maila horri eutsi diote?
Euskararen erabileran eragiteko eta ahobizi zein belarriprest modura ditugun rolak errazteko garrantzitsua da inguruan gure praktikak erraztuko dituzten espazioak sortzea, eta horregatik gonbidatu ditugu entitateak euskaraz funtziona dezaketen espazio horiek identifikatu eta babestu ditzaten. Urte oso zaila izaten ari da elkarteentzat, enpresentzat, erakundeentzat eta era guztietako eragileentzat. Bakoitzak ahal izan duen neurrian erantzun dio Euskaraldiak egin duen proposamenari, eta baldintzak ikusita, azpimarratzekoa da azken hilabeteetan zenbat entitate batu diren.
Entitateak aipatuta, hain zuzen, 'arigunea' da aurtengo berrikuntza nagusia. norbanakoez harago, izaera ezberdinetako erakundeek Euskaraldiarekin bat egiteak ekimena hauspotzen lagundu dezake?
Entitateei egiten diegun eskaria ez da Euskaraldiari atxikimendua ematea, baizik eta euskaraz lasai aritzeko espazioak identifikatu, sortu eta hauek babestea, hizkuntza praktiketan eragiteko ingurune egokia aurkitu ahal dezagun. Horretan hasi gara aurten eta honek aukera emango digu euskararen erabilera askerako aukerak handitzeko.
Covid19-aren eraginez bizi dugun egoeran, arlo digitalak ere aurreikusitakoa baina pisu handiagoa izango du aurten, ezta?
Bigarren honetan arlo digitalera ere jauzi egin nahi genuen, gero eta garrantzia handiagoa baitu.
Lehen edizioan batez ere aurrez aurreko harremanetan zentratu genuen ariketa. Bigarren honetan arlo digitalera ere jauzi egin nahi genuen, gero eta garrantzia handiagoa baitute gailu elektroniko eta sarearen bidez ditugun harremanek. Pandemiaren eraginez nabarmen ikusi dugu nola handitu den harreman mota hau. Horregatik hurrengo asteotan ariketan izena eman duten guztiei beraien ahobizi edo belarriprest digitala aktibatu dezaten eskatuko diegu eta gomendioak emango dizkiegu, aurrez aurre rol hauetako jarraibideak praktikatzen dituzten moduan arlo digitalean ere rolari dagozkien portaerak har ditzaten.
Bizi duguna bezalako larrialdi egoera batean, jende askok beste lehentasun batzuk izango ditu buruan. Nola azaldu gizarteari Euskaraldia bezalako ekimen batek duen garrantzia?
Pandemiaren eraginez bizitzen ari garen egoerak euskara eta euskararen komunitatearen zaurgarritasuna zenbaterainokoa den ikusteko balio izan du. Azken hamarkadetan euskararen biziberritzean urratsak egin ditugun arren, horrelako krisialdietan ikusten da urte askotan emandako aurrerapausoak hilabete gutxitan hankaz gora jar daitezkeela. Euskararen ezagutzan aurrerapen handia izan dugu hamarkada gutxitan, baina inoiz baino argiago dago eskolak bakarrik ezin diola hizkuntzaren normalizazioaren ahalegin osoari eutsi. Urratsak egin behar ditugu gure praktika linguistikoaren bidez, hizkuntza ohiturak astinduz. Baina urratsak egin behar dituzte era guztietako erakundeek ere. Horregatik da garrantzitsua aurten ere, bereziki egoera honetan, Euskaraldiarekin bat egitea, eta are garrantzitsuagoa, ekimenean proposatzen diren rolei eustea.