Ahobizi eta Belarriprest rolak sozializatzea eta parte-hartzaileen artean horien erabilera erraztea da aplikazioaren helburuetako bat. Eduki digitalen bidez (bideoak, infografiak, aholkuak...), aplikazioa deskargatzen duten herritarrek informazio asko izango dute aukeran ariketarako rola hautatzeko eta banaka horretarako prestatzeko. Gainera, Euskaraldiak irauten duen hamabost egunetan, aplikazioan gomendioak eta eguneroko erronkak izango dira parte-hartzaileen motibazioari eusteko. 15 egunetan egiteko 15 ariketa edo urrats proposatuko ditu.
Halaber, aplikazioak hainbat erabilera ditu: izen-ematea bertatik egin daiteke, Euskaraldiaren azken berriak irakur daitezke, inguruko ariguneak mapan identifikatu daitezke, Euskaraldia egingo den egunetan ariketa laguntzeko proposamenak egongo dira eta ekimenari lotutako irudiak eta bizipenak ere partekatu ahalko dira.
Euskaltelek babestutako Euskaraldiaren aplikazio berria Android- en Google-Play sisteman eta Apple Storen deskargatu ahal da. Hainbat arigunetan QR kodea duten euskarriak ere egongo dira, Euskaraldiaren aplikazio berria azkar eta erraz deskargatzeko.