Asko dira Araban ariguneetan izena ematea erabaki duten entitateak. Lurralde osoan, denera, 1500 arigune inguru sortu dira kuadrilla guztietatik sakabanatuta dauden 500 egoitzetan. Gasteizen, 120 entitate baino gehiagok eman dute izena, eta 700 baino gehiago eratu dituzte.
Euskaraldian ohikoa den moduan, mota askotako entitateak dira ariketa sozial honetan parte hartzeko konpromisoa hartu dutenak. Arabako ALEA seirekin jarri da harremanetan, Euskaraldira batzeko dituzten arrazoiak ezagutzeko asmoz; hain justu ere, Gasteizko udalerrian hiri autobusen garraioa kudeatzeko xedea duen TUVISA udal enpresarekin, Zuiako Pagazuri guraso elkartearekin, Lautadako Muskerrak hockey eta irristaketa klubarekin, Gasteizko Martxoak 3 elkartearekin, Bastidako Marrate musika eskolarekin eta Arabako Bertsozale elkartearekin hitz egin du.
Hiru galdera berdin luzatu zaizkiei entitateei horietako ordezkariei: lehenengoan, Euskaraldian arigune bezala bat egitearen zergatia eskatu zaie; bigarrenean, dinamikak entitateari eskainiko dionaz galdetu zaie; eta hirugarrenik, espero duten emaitzaren gainean galdetu zaie. Bakoitza bere arloan, hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera sustatzea dute komunean parte-hartzaileek, Euskaraldiak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
Ariguneak
Marijo Ajuriagerra
Tuvisako kudeatzailea
"Erronka polita eta aukera paregabea da Euskaraldia aurten berriro ere Tuvisan hizkuntza-ohiturak astintzeko eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko abagunea izatea, enpresaren langileen artean eta baita Tuvisaren erabiltzaileen artean ere. Tuvisan euskararen erabilera sustatzeko baliabideak, tresnak, laguntza eta babesa eskaintzen digu Euskaraldiak, baita hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masibo baten parte izateko aukera ere. Egitasmo honetatik espero dugun emaitza da Tuvisan euskararekiko atxikimendua areagotzea eta langileen eta erabiltzaileen arteko harremanak euskaraz ere izatea".
Olatz Olivencia
Zuiako Pagazuri Guraso Elkartea
"Gure eguneroko lan jarduera islatzen duen hizkuntza erabilerarekin bat dator Euskaraldia. Pagazuri Guraso Elkarteak ere, eskola komunitate gisa, euskarari beste aletxo bat gehitu diogu, denok konturatu gaitezen gure esku asko egitea daukagula, eta haziz hazi gurea dena elikatu behar dugula. Gure hizkuntzan eroso aritzeko guneak eta egoera komunikatiboak eskaintzen dizkigu Euskaraldiak. Guraso Elkarte moduan beharrezkoa eta ezinbestekoa iruditzen zaigun eredua ematea nahi dugu. Beraz, hemendik eta aurtengo leloak dioen bezala, Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea lortzea da finean nahi eta desio duguna".
Leticia Ruiz de Gauna
Lautadako Muskerrak Irristaketa Kluba
"Izena eman dugu zuzendaritzan erabaki dugulako hizkuntza-ohiturak erdaratik euskarara eraman nahi ditugula gure klubaren funtzionamenduan. Zuzendaritzako kide guztiok euskara ulertzen dugu eta arigune bat osatu dugu, bilera eta gure harremanak euskaraz egiteko. Euskaraldiak testuinguru bat eskaintzen du, giro kolektibo bat aldaketak egin ahal izateko. Zerbait praktikoa eskaintzen du, diskurtsorik gabe, ariketa sozial bat. Ahobizi-Belarriprest metodologia mundiala da!! Eta babestuta eta 'sarean' sentiarazten gaitu. Jokalari eta familiako kideen artean izen-emate handia espero dugu, eta erabilera handitzea".
Nerea Martinez
Martxoak 3 Elkartea
"M3 elkartean ahobizi baino belarriprest gutxiago gaude, baina horrek ez du oztopo izan behar elkartean bertan bizi ari garen euskalduntze prozesua indartzeko eta sendotzeko. Gure M3moria euskaraz idazten delako eta euskaraz zabaldu nahi dugulako bat egiten dugu ekimenarekin. Elkartea erreferentea da, eta horregatik ere, gure ekarpena egin nahi dugu Euskaraldian. Euskararekiko duen konpromisoa bistaratzea eta ahobizi zein belarriprestei jakinaraztea eskaintzen digu, 1976ko martxoaren 3ko memoria euskaraz landu eta ezagutu dezaketela. Elkartetik euskaraz eskaintzen ditugun baliabideak geroz eta gehiago erabiltzea espero dugu".
Maria Amurrio
Bastidako Marrate Musika Elkartea
"Arigune bezala bat egin dugu aukera ezin hobea delako elkartean euskara zekiten talde batzuekin euskara sustatzea; euskara ikasgelatik kanpora eramateko abagune paregabea iruditu zaigu, eta musika jarduera honetara zuzendu dugu arigunea, zeharkako txirulen taldera. Euskaraldiak euskara dakiten pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzea eskaintzen digu; euskal hiztunak martxan jarri nahi ditugu. Emaitza positiboa jasotzea espero dugu; konpromisoen aurrean eraginkorra izango den itxaropena dugu. Egun, ikasle batzuk irakaslearekin euskaraz aritzen dira. Pixkanaka pixkana bada ere, egoera hau orokortzea nahi dugu".
Uxue Diaz de Cerio
Arabako Bertsozale Elkartea
"Gure elkartea euskaraz bizi izan da beti, euskara bera izan baita askotan bazkideak eta bertsozaleak elkartu gaituena. Bertsozale gara eta bertsoak, gure doinu eta neurriekin, euskaraz baino ez diren heinean, barne komunikazioa euskara hutsean da eta kanpo komunikazioa gehienbat euskaraz. Beraz, arigune edo euskaraz aritzeko gune perfektua izan gintezkeela pentsatuta eman genuen izena. Maite ditugun horiei, euskara eta bertsoari, bultzada bat emateko aukera ematen digu, egun batzuetan bada ere gure hizkuntza goraipatzekoa.Horrekin inguruko ariguneak identifikatzea espero dugu eta harreman euskaldun berriak sortzea".