Orain dela bi urteko esperientziatik ikasitakoa finkatzeko eta euskara erabiltzeko ohitura sakontzeko erronka du Euskaraldiak aurten, eta koska bat igo du apustua. Duela bi urteko saiakeran ez bezala, erakunde publikoek, enpresek, herritarren taldeek, saltokiek, kirol-klubek eta era guztietako entitateek protagonismo berezia izango dute, euskaraz aritzeko "babesgune" bilakatuko baitira milaka euskaldunentzat. Entitateetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu eta lanketa egitea izango da gakoa. Beraz, 2020ko Euskaraldiaren zutabe nagusia izango dira, belarriprest eta ahobiziekin batera. Berritasun garrantzitsua.
Halaber, Euskaraldiaren antolatzaileek ahobizi eta belarriprest rolen esanahiak findu nahi izan dituzte bigarren aldirako, gaizki- ulerturik izan ez dadin. "Portaeran dago gakoa, eta ez hitz egiteko gaitasunean", azaldu dute. Beraz, ulertzeaz gain, ahal den guztietan euskaraz egiteko jarrera dutenek hartuko dute ahobizi rola. Horrela, ahal denean euskaraz egiteko konpromisoari eutsiko diote. Belarriprest izateko, berriz, bete beharreko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Hala ere, ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz hitz egingo ez dutenek betetzen dute rol hori, nahiz eta besteek euskaraz egitea eskatuko duten.
Denbora aldetik, iaz baino luzeagoa izango da aurten Euskaraldia: hamabost egun. Azaroaren 20an hasiko da, ostiralarekin, eta abenduaren 4an amaituko. Tartean harrapatuko du abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna –lehen Euskaraldia egun horretan amaitu zen–. Aurretik, gainera, entrenatzeko aukera eskaini zaie herritarrei. Izan ere, koronabirusak eragindako alarma egoeran Etxealditik Euskaraldira asmoa antolatu zuten –apirilaren 20tik maiatzaren 3ra– eta herritarrek etxeko hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa egin ahal izan zuten.
Azken asteetan, gainera, herri zein auzoetan antolatu diren batzordeetan aukera izan da Euskaraldiak nola funtzionatuko duen ezagutzeko eta bakoitzak zer rol jokatu nahi duen aztertzeko. Eta, jakina, Euskaraldiaren ikur bihurtu diren ahobizi eta belarriprest txapak banatuko dira.
Urrats kualitatiboa
Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da hurrengo Euskaraldiaren leloa. Hala, dinamika zabaldu eta sakontzearekin batera, eragina handitzea du helburu. "Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua sendotu egin nahi dugu hurrengoan, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara", adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak dinamikaren aurkezpenean. Halaber, Euskaraldiaren aurtengo edizioak duen garrantzia nabarmendu du Amonarrizek. "Lortuko bagenu pauso sendoak ematea eta atxikimendu irmoak lortzea entitateen eta herritarren aldetik, beste fase batean jarriko ginateke hizkuntzaren biziberritzean. Gizarteak ikusten badu pauso serioak direla, sinetsita eman direla; urrats kualitatiboa izango da. Aukera daukagu".
Arriskua da euskararen adostasun "sinbolikotik" haratago ez joatea. "Jende asko dago euskararen alde dagoena, baina erabileran urrats zehatzik egiten ez duena, edo oso txikiak. Horretara ohitu da jende asko".