Alarma egoera berriaren lehenengo astean, 5.000 biztanle baino gehiagoko lehenengo udalerri arabarrak estreinatu du Covid-19aren koloredun neurgailuaren eremu gorria: Aguraingo intzidentzia-tasa 547,58koa da une honetan; intzidentzia tasak azken 14 egunetan pilatutako positiboen kopurua neurtzen du 100.000 biztanleko.
Gasteizek eremu laranjan jarraitzen du, 411,95eko intzidentzia-tasarekin —atzo 379,85ekoa zen—; egoera okerrera doa, eta baliteke hiriburuan ere alerta gorria piztea datozen egunetan. Hala ere, Laudion (250,75) eta Amurrion (105,58) egoera hobea da, eta bi udalerriek eremu horian jarraitzen dute.
Duela astebete gainditu zuen Arabako intzidentzia-tasak 300 kasuen langa, alerta laranja piztuz. Azken 24 orduetan, ordea, 143 positibo berri atzeman dira gure lurraldean, Osasun Sailak plazaratutako azken txostenaren arabera. Une honetan, Araba osoko intzidentzia-tasa 393,64koa da; EAE osoko tasa, ordea, 582,03koa.
Arabako datu orokorren zein udalerri handien datuetatik harago, Covid-19aren semaforoan agertzen ez diren beste hainbat udalerri daude eremu laranjan edo gorrian, hau da, 300eko intzidentzia-tasatik gora:
- Eremu gorrian (500etik gora):
- Armiñon (1345,29).
- Bastida (804,29).
- Barrundia (740,74).
- Berantevilla (1024,59).
- Elvillar (1408,45).
- Erriberabeitia (956,94).
- Guardia (968,37).
- Kuartango (557,10).
- Lantaron (636,94).
- Lapuebla de Labarca (1473,92).
- Navaridas (2427,18).
- Urkabustaiz (2160,28).
- Zalduondo (515,46).
- Eremu laranjan (300etik gora):
- Aiara (413,65).
- Aramaio (464,81).
- Arratzua-Ubarrundian (387,22).
- Asparrena (310,75).
- Lantziego (414,36).
- Leza (460,83).
- Samaniego (420,17).
Ospitaleen egoerari dagokionez, Covid-19aren ondorioz 73 pertsona ospitaleratu ziren asteartean EAEn; 75 pertsona ZIUn daude.
Bestalde, urriaren 19tik 25era bitartean metatutako datuen arabera, 45 hildako egon dira EAEn.