Asteazken honetan, Araban, birusaren eraginak gora egin du berriz ere, Osasun Sailak plazaratutako azken txostenaren arabera; ez bakarrik hiriburuan, baizik eta lurralde osoan ere. Intzidentzia-tasak —azken 14 egunetan pilatutako positiboen kopurua 100.000 biztanleko— gora egin du 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan: Agurain (415,41) eta Gasteiz (320,13) eremu laranjan daude; hala ere, Laudiok (179,89) eta Amurriok (76,78) eremu horian jarraitzen dute.
Horrela aztertu daiteke Osasun Sailak asteazken eguerdian argitara eman duen Covid-19aren azken semaforo koloreduna —5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrien egoeraren neurgailua—: Araba alerta laranjan sartu da, intzidentzia-tasa 300,03 delako, eta, beraz, 300 kasuen langa gainditu duelako.
Hala eta guztiz ere, Arabaren egoerak Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako egoera baino hobea izaten jarraitzen du. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak, asteburuan iragarritako neurriez gain, zabalik utzi du ezohiko neurri gehiago eta tokiko konfinamendu perimetralak ezartzeko aukera. Gainera, Arabaren mugakide diren Nafarroan, Errioxan eta Burgosen —azken honetan bakarrik hiriburua— konfinamendu perimetralak ezarriko direla iragarri dute dagoeneko.
Arabako datu orokorren zein udalerri handien datuetatik harago, beste hainbat udalerri daude intzidentzia-tasa laranjatik gora:
- Bastida (1541,55).
- Barrundia (529,10).
- Berantevilla (409,84).
- Burgu (318,98).
- Eltziego (385,36).
- Erriberabeitia (1315,79).
- Kuartango (557,10).
- Lantaron (318,47).
- Lapuebla de Labarca (907,03).
- Leza (460,83).
- Nabaridas (970,87).
- Urkabustaiz (1463,41).
- Zanbrana (458,72).