Koronabirusa

Zer egin daiteke eta zer ez alarma egoera berrian?

Erredakzioa 2020ko urr. 28a, 08:00

Ertzaintzaren kontrol bat alarma egoeraren testuinguruan. / IREKIA

Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez hartutako neurrien inguruko zalantzak argitzeko irizpideak plazaratu ditu Ertzaintzak. Zer egin daiteke eta zer ez alarma egoera berrian?

Urriaren 26an, astelehenean, lehendakariaren 36/2020 Dekretua argitaratu zen, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz alarma egoeraren adierazpenaren esparruan prebentzio neurri espezifikoak ezartzeko. SARSCoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko dekretuan jasotako neurri nagusiak honako hauek dira:

1. Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatuta, 23:00etatik 6:00etara

Ordutegi horretan, soilik honako jarduera hauek egiteko zirkulatu ahal izango da erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

  • Ezinbesteko kausagatik edo premia egoeragatik.
  • Osasun zein lanbide arrazoiengatik.
  • Baimendutako jarduerak egin ondoren etxera itzultzeko.
  • Mendeko pertsonak zaintzeko.
  • Antzeko beste edozein jarduera behar bezala egiaztatu beharko da.
  • Gasolindegira joateko, aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. Pertsonen sarrera eta irteera mugatuta EAEn eta bizileku gisa finkatutako udalerrietan

Honako arrazoiengatik egindako joan-etorriak baino ez daude baimenduta, behar bezala justifikatuta baldin badaude:

  • Ezinbesteko kausagatik edo premia egoeragatik.
  • Osasun, hezkuntza zein lanbide arrazoiengatik.
  • Ohiko bizilekura itzultzea, edo familiaren bizilekura.
  • Mendeko pertsonak zaintzeko.
  • Mugakide diren lurraldeetako finantza zein aseguru erakundeetara edo hornidura-estazioetara joateko.
  • Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo premiazko jarduketak.
  • Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzeko, baita beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk egiteko ere.
  • Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egiteko.
  • Antzeko beste edozein jarduera behar bezala egiaztatu beharko da.

Udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da honako kasuetan:

  • Arrazoi sozioekonomikoengatik.
  • Banakako kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko.

Ez da inolako murrizketarik egongo EAEtik igarotzen den zirkulazioan.

3. Gehienez 6 pertsonako taldeak

Pertsona taldeak espazio publiko eta pribatuetan egoteko muga ezarri da:

  • Gehienez, 6 pertsona; salbu eta bizikideak badira.
  • Neurriak espazio itxi zein aire zabalekoei eragiten die.
  • Salbuespenak ezarri daitezke jendearentzat zabalik dauden bulego, instalazio eta establezimenduetan, eta adingabeei zein mendeko pertsonei dagokienez.
  • Lan, hezkuntza eta erakunde-jarduerak salbuetsita daude, baita neurri espezifikoak dituzten jarduerak ere.

BESTELAKO NEURRIAK

Lehendakariaren 36/2020 Dekretuaren eranskinaren arabera, alarma egoeran ezarritako neurri nagusiez gain, osasun egoeragatik indarrean zeuden beste hainbat neurri gogorarazi ditu Ertzaintzak:

  • Maskaren derrigorrezko erabilera:
    • 6 urte baino gehiagoko pertsonentzat.
    • Ostalaritza-establezimenduetan, soilik elikagaiak edo edariak hartzen ari diren unean baztertzen da derrigortasuna.

 

  • Ezin da erre espazio publikoan:
    • Gutxienez 2 metroko distantzia bermatu ezin denean.
    • Muga hori tabakoa inhalatzeko beste edozein gailuren erabileran ere aplikatuko da.

 

  • Gehieneko edukierak:
    • Inoiz ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu.
    • 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatu beharko da.
    • Establezimenduek, instalazioek, lokalek eta gurtzarako guneek gehieneko edukiera ikusgai jarri beharko dute.
    • Langileak kontuan hartu beharko ditu.

 

  • Ostalaritza:
    • Mahaian eserita kontsumitu behar da beti.
    • Debekatuta dago barran kontsumitzea.
    • Gehienez 6 pertsona elkartu ahal izango dira.
    • 23:00ak baino lehen itxi beharko dute; bezeroak desalojatzeko behar besteko aurrerapenarekin.
    • Ezin izango da 6:00ak baino lehen berriro ireki.
  • Diskotekak eta gaueko aisialdia.
    • III. eta IV. taldeetako establezimenduen itxiera agindu da.
    • Baimena izango dute euren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen dutenean eta dagokion udal-baimena dutenean izan ezik.

 

  • Gazteen lonjak, txokoak eta elkarte gastronomikoak itxita; eta, bertan, jarduera oro debekatuta.

 

  • %50eko edukiera espazio zein ekitaldi publiko guztietan; gehienez 400 pertsona barruko ekitaldietan eta 600 pertsona kanpoko ekitaldietan.

 

  • Aire zabaleko jarduera fisikoa:
    • Banaka edo taldeka, 6 pertsona baino gutxiagoko taldeetan.
    • Kontaktu fisikorik gabe.

 

  • Garraio publikoa:
    • Irteteko gehienezko ordutegia 00:00etan izan beharko du.
    • Debekutik salbuetsita dago taxiz edo gidaridun ibilgailuz garraiatzea.

 

  • Beilatokiak eta ehorzketak:
    • Gehienez 30 pertsonako muga aire zabaleko espazioetan.
    • Beilatokiak: gehienez 6 pertsonako muga espazio itxietan.
    • Ehorzketak: gehienez 10 pertsonako muga espazio itxietan.
    • Inoiz ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu.

 

  • Azokak:
    • Ezingo dute ohiko edo baimendutako lanpostuen %50 gainditu.
    • Postuen arteko tartea gutxienez 1,5 metrokoa.

 

  • Euskaltegiak, akademiak, autoeskolak, eskolak eta arautu gabeko prestakuntza zentroak:
    • Aurrez aurreko eskolak baimenduta daude.
    • Gehienez ere 25 pertsona.
    • Segurtasun distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira.

 

  • Ehiza eta arrantza:
    • Ehiza jarduera baimenduta dago, modalitate guztietan, segurtasun neurriak errespetatzen badira.
    • Ibaiko eta itsasoko arrantza baimenduta dago, kirolekoa zein aisialdikoa, modalitate guztietan, segurtasun neurriak errespetatzen badira.

OHIKO GALDERAK

Baimenduta al dago erosketak egiteko merkataritza gune handi batera lekualdatzea?

  • Elikagaiak edo baimendutako beste produktu batzuk erosteko joan-etorriak bizi diren udalerriko edo udalerri mugakideetako merkataritza-establezimenduetara egin behar dira.
  • Salbuespen gisa, bizileku edo mugakide den herrian ematen ez diren zerbitzu eta horniduretarako, bizileku den udalerritik hurbilago dagoen azalera handiko gune batera lekualdatzea baimenduko da.

Mugikortasunari dagokionez, zer da udalerri mugakidea?

  • Bizileku gisa finkatutako udalerriaren ondoko udalerria da; zuzenean sartzen da, mugakideak ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe.

Adinekoen egoitzetara joateko aukera dago?

  • Bai, EAEren barruan, baldin eta zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Espetxeetara joateko aukera dago?

  • Bai, Espetxe Agintaritzak emandako baimenarekin. EAEtik kanpora joateko baimena emango da, helmugako erkidegoak horretarako aukera ematen duenean.

Automobilgintzako tailerretara eta ibilgailuen kontzesionarioetara joateko aukera dago?

  • Bai, nahitaezkoak eta atzeraezinak diren eta aurrez aurre egin behar diren kudeaketak egiteko.

Baimenduta al dago erlijio edo kultuzko zerbitzuetara joatea?

  • Bai, salbuespen gisa, bizi den udalerrian halakorik ez dagoenean; betiere gertuen dagoen lekura.

Baimenduta al dago udalerritik kanpo mugitzea halal saltoki eta harategietan erosi behar izateagatik?

  • Bai, jatorrizko udalerriak zerbitzu hori ez badu; betiere zerbitzu hori duen udalerririk hurbilenera.

Baimenduta al dago aireportura edo geltokira joatea pertsona bat jasotzeko?

  • Bai, edozein senideren kasuan, baina soilik bizilekura itzultzeko.

Bisitatu al daitezke mendekotasuna duten senideak, desgaitasuna duten pertsonak edo bereziki ahulak diren pertsonak?

  • Ez. Bakarrik laguntza eta zaintza lanak egiteko joan ahal izango da pertsona horren etxera.

Baratzeetan lan egiteko lekualdatu al daiteke?

  • Bai, jatorrizko udalerrian eta udalerri mugakideetako baratzeetan.

Bidaiatu al daiteke bigarren egoitzetara?

  • Ez. Soilik udalerri mugakideetan badaude.

Onartzen al da arrazoi sindikalengatik edo alderdi politiko, enpresa, elkarteak eta antzekoen jarduerengatik lekualdatzea?

  • Bai. Erakunde jardueratzat hartzen baitira.

Hilerriak bisita daitezke?

  • Bai. Bizi den udalerrian edo udalerri mugakideetan.

Egin al daitezke kultura etxeetan, kirol eskoletan eta abarretan egiten diren jarduerak?

  • Bai. Bizi den udalerrian edo udalerri mugakidean.

Ezarritako orduetatik kanpo, ostalaritzako eta jatetxeetako lokalen barruan jarduerarik egon al daiteke?

  • Bai. Ostalariek establezimenduaren barruan lan egin ahal izango dute lokala prestatzeko, bai 23:00etatik aurrera, bai 6:00ak baino lehen.
  • Ezin da etxez etxeko banaketa zerbitzurik eman 23:00etatik aurrera.

Entrenatzera joan naiteke bizi naizen udalerritik kanpo edo ondoko udalerritik kanpo?

  • Ez, salbu eta kirolari profesionalaren, erdi profesionalaren, Basque Teamen edo goi-mailaren egiaztagiria badago.
  • Kasu horietan, lehiatzeko eta entrenatzeko aukera dago, taldeak eta mugikortasuna mugatu gabe.

Zer da kirolari erdi profesionala?

  • Egutegi ofizialeko Estatuko zein nazioarteko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira; baita dagokion Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan ere, guztiak kategoria absolutuan. Atal honetan sartzen dira maila absolutu goreneko kirol autoktonoen lehiaketak.

Beste herri bateko kiroldegira joan naiteke kirol jarduera bat egitera?

  • Bai, baina soilik herri mugakidea bada.

Beste udalerri edo erkidego batzuetara joan naiteke ehiza edo arrantza jarduerak egitera?

  • Ez. Bi jarduera horiek bizileku gisa finkatutako udalerrian edo udalerri mugakideetan baino ez daude baimenduta.

Taberna batean instalatutako makina batean zutik jolastu al daiteke?

  • Ez. Aulkian eserita egon beharko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago