Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendari gisa laguntzen dion Aholku Batzordearen buru izan da astelehen arratsaldean egindako bileran.
Ondoren, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren testuinguruan Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurri osagarriak iragarri ditu Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; EHAAn argitaratutako dekretu gisa onetsi da neurri sorta. "Udalerrien arteko mugikortasuna ahal dugun guztia mugatzea da asmoa", adierazi du Sagarduik.
Oraingoz, 15 eguneko iraupena izango du Pedro Sanchezek iragarritako alarma egoerak, baina sei hilabetez luzatzea aurreikusi dute, hau da, 2021eko maiatzaren 9ra arte; luzapena Kongresuak onartu beharko luke bi aste barru. Hala ere, egoera epidemiologikoaren arabera, Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi ahal izango du. Halaber, Eusko Jaurlaritzak neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo du 15 egunean behin, neurriak egoera epidemiologikoaren arabera egokitzeko.
Nolakoa izango da alarma egoera berria Araban?
Astearteko 6:00etatik aurrera Arabako lurraldeari eragingo dieten eta Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri nagusiak laburbildu ditugu ALEAn:
- Presidente autonomikoek kudeatuko dute alarma egoera, eta erabaki propioak hartzeko aukera izango dute; EAEn, Iñigo Urkullu lehendakariak hartuko du zuzendaritza.
- EAEren konfinamendu perimetrala ezarri da: ezingo da erkidegoan sartu edo erkidegotik irten.
- Gainera, udalerrien arteko mugikortasuna mugatu da. Bizileku gisa finkatutako udalerritik ateratzea debekatuta dago, eta soilik ezinbesteko kausengatik egongo da baimenduta.
- Udalerri mugakideen arteko mugikortasuna arrazoi sozioekonomikoengatik edota aire zabalean ariketa fisikoa egiteko baimenduta dago, baina ez aisialdiagatik.
- Biltzeko eskubidea mugatuko da: 6 lagun baino gehiagoko bilerak debekatuta, eremu publiko zein pribatuan; bizikideen kasuan izan ezik.
- Etxeratze-agindua: 23:00etatik 6:00etara kalean ibiltzea debekatuta; mugikortasuna baimenduta dago ezinbesteko kausengatik: lan arrazoiengatik, etxera itzultzeko edo adinekoak zaintzeko, besteak beste.
- Ostalaritza-establezimenduak 23:00etan itxita egon behar dira; horretarako, denborarekin desalojatu beharko dira. Edukiera %50ekoa izango da barruan, eta %100ekoa terrazetan. Ezin da barran kontsumitu ezta sei lagun baino gehiago bildu ere.
- Ezingo da alkoholik saldu 20:00etatik 8:00etara; ostalaritza-establezimenduetan, ordea, etxeratze-aginduaren ordutegiaren arabera jardungo da, hau da, 23:00ak arte.
Neurri horiek EAE osoari eragingo diote, udalerri bakoitzaren egoera edozein dela ere. Horrez gain, aurretik indarrean zeuden gainerako neurri guztiek indarrean jarraitzen dute, besteak beste:
- Gazteen lonjak, txokoak eta elkarte gastronomikoak itxita.
- %50eko edukiera espazio zein ekitaldi publiko guztietan; gehienez 400 pertsona barruko ekitaldietan eta 600 pertsona kanpoko ekitaldietan.
- Federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera.
- Kirol jarduera: gehienez ere 6 laguneko taldeetan eta kontaktu fisikorik gabe.
Irakurri osorik 2020ko urriaren 26ko 36/2020 dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA).