Koronabirusa

Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak, maiatzera arte luzatzeko asmoz

Erredakzioa 2020ko urr. 25a, 14:24

Pedro Sanchezek iragarri du alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatu daitekeela. / MONCLOA

Besteak beste, erkidegoen artean mugitzea, sei pertsona baino gehiago biltzea eta 23:00etatik 6:00etara kalean ibiltzea debekatu du Espainiako Gobernuak. Agintariak autonomia erkidegoetako presidenteak izango dira.

Ministro Kontseiluaren ezohiko bileran, Espainiako Gobernuak onartu du alarma egoera berriro ezartzea estatu osoan, pandemiaren susperraldiari aurre egiteko. Oraingoz, 15 eguneko iraupena izango du, baina sei hilabetez luzatzea aurreikusi dute, 2021eko maiatzaren 9ra arte; luzapena Kongresuak onartu beharko luke bi aste barru. Hala ere, egoera epidemiologikoaren arabera, Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi ahal izango du.

Alarma egoera berri honetan ez da, momentuz, konfinamendu orokorrik ezarriko. Datozen egunetan autonomia erkidegoek erabakiak hartuko dituzten arren, estatu osoari Kanariar Uharteetan izan ezik eragingo dioten neurri orokorrak igande arratsaldean sartuko dira indarrean:

  • Autonomia erkidegoetako presidenteek kudeatuko dute alarma egoera, eta erabaki propioak hartzeko aukera izango dute; EAEn, Iñigo Urkullu lehendakariak hartuko du zuzendaritza.
  • Biltzeko eskubidea mugatuko da: sei lagun baino gehiagoko bilerak debekatuta.
  • Etxeratzeko agindua: 23:00etatik 6:00etara kalean ibiltzea debekatuta —autonomien esku dago ordutegia moldatzea, ordu bat gora edo behera—; lan arrazoiengatik, etxera itzultzeko edo adinekoak zaintzeko, besteak beste, mugikortasuna baimenduta dago.
  • Autonomia erkidegoek lurraldean sartzea edo ateratzea mugatzeko aukera izango dute; baita lurralde zehatzen konfinamendu perimetrala ezartzeko ere.
  • Ordutegiak mugatu ahal izango dira: autonomia erkidegoek merkataritza lokalen ordutegiak murriztu ahal izango dituzte, batez ere ostalaritzari dagokionez.

"Europa osoa neurriak hartzen ari da mugikortasuna eta harreman pertsonalak mugatzeko. Espainian azken mendean bizi izan den osasun larrialdirik garrantzitsuena da", ohartarazi du Pedro Sanchezek, egoeraren larritasuna azpimarratuz. "Salbuespenezko neurri hau babestea eskatzen diet talde guztiei", adierazi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago