Espainiako Itzulia Arabara iritsi da, zirkulazio traba eta kritiken artean

Erredakzioa 2020ko urr. 26a, 09:46

220 ertzain izango ditu Vueltaren segurtasun dispositiboak Araban. / IREKIA

La Vuelta Arabatik igaroko da asteartean, eta horrek eragin nabarmena izango du trafikoan, bizilagunen kexen artean. Gainera, tokiko erakundeek 130.000 euro ordaindu dituztela eta osasun ikuspegitik izan dezakeen eragina salatu du EH Bilduk.

Asteleheneko atseden jardunaldiaren ostean, asteartean egingo da Espainiako Itzuliaren zazpigarren etapa; 159 kilometroko ibilbideak Gasteiz eta Gaubea lotuko ditu. Horretarako, 220 agentek osatutako segurtasun eta laguntza dispositibo bat antolatu du Ertzaintzak Araban, tokiko udaltzaingoekin elkarlanean.

Gainera, osasun larrialdiaren ondorioz, Urduñako mendateko igoerara eta Uribarri Gaubeako helmugara ez joateko dei egin zaie herritarrei. Horrez gain, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko ere eskatu dute.

Hala ere, egun osoan zehar, dispositiboak eragin nabarmena izango du udalerri askoren trafikoan: Gasteiz, Landa, Gopegi, Murgia, Urduña, Espejo, Añana, Subilla Morillas, Izarra eta Uribarri Gaubea. Etapa Gasteizen hasiko da 13:00etan, Mendizabalan, eta, ondoren, Duranatik abiatuko da Murgia ingurura eta Altubeko gainera; bertan aurreikusi dira trafiko arazorik esanguratsuenak.

8:30etik aurrera, Urduñako igoera bi aldeetatik itxiko da ibilgailuen eta pertsonen trafikoarentzat, eta ez da irekiko lasterketaren bigarren buelta amaitu arte. Bestalde Gaubeako helmugaren ingurua ere itxita egongo da, publikorik izan ez dadin.

Gaubeako errepide nagusiak itxita

Lasterketak udalerri txikietan izango duen eragina salatu dute, besteak beste, Gaubeako bizilagunek. Izan ere, 7:00etatik 20:00etara ezingo dira udalerritik atera, ezta sartu ere, errepide nagusi guztiak itxita egongo direlako. Hortaz, lanera joan behar diren bizilagunek bigarren mailako errepideetatik egin beharko dute; PENBUko errepideetatik eta asfaltatuta dauden nekazaritza-bideetatik.

Bitartean, Gaubeako errepideak "korrika eta presaka" asfaltatzen ari direla salatu dute zenbait herritarrek: "Bizilagunek autoen gurpilak errepidean uzteak bost axola; inportanteena Vuelta da".

Gaubeako Udalak "pazientzia pixka bat" eskatu die herritarrei, "etapa honek bailara sustatzeko balioko baitu". Herritarrek Udalera deitzeko aukera izango dute (945 35 30 33) egun horretan dituzten errepide bidezko komunikazioaren inguruko zalantzak argitzeko.

Baliabide publikoen erabilera

Bestalde, osasun ikuspegitik ekitaldiak izan dezakeen eraginagatik bere kezka azaldu du EH Bilduk, eta hartuko diren osasun neurriei buruzko galderak egin ditu Gaubean zein Gasteizen.

Gainera, EH Bilduk ohartarazi duenez, Arabako instituzioek 130.000 euro ordaindu dituzte Espainiako Itzulia ekartzeko: horietako 65.000 euro Aldundiak ordaindu ditu, beste 40.000 euro Gasteizko Udalak, eta beste 25.000 euroak Gaubeako Udalak. "Pandemiak eragindako krisi soziosanitario eta ekonomikoaren aurrean, baliabide publikoak herritarren beharrei erantzuteko izan behar dira", aldarrikatu dute subiranistek.

"Covid-19aren ondorioz Portugal eta Herbehereek haien lurraldeetatik pasatzeko ezezkoa eman ostean, Itzuliaren antolakuntzatik gure herrialdean presentzia areagotzea erabaki zuten. Orain etapa bat aldatu behar izan dute Frantziak ez duelako baimenik eman Tourmalet igotzeko; eta, aldiz, Gasteizen eta Araban ez dute inolako eragozpenik jarri Itzulia hartzeko", kritikatu du EH Bilduko Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturi.

Azkenik, Espainiako Itzuliaren aurrean "gure herri izaera nabarmentzeko, herri bat garela aldarrikatzeko eta erabaki nahi dugula oihukatzeko" deia luzatu du EH Bilduk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago