Koronabirusa

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu bilerak sei lagunera mugatzea

Erredakzioa 2020ko urr. 23a, 09:12

EAEko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen bilera, larunbatean. / IREKIA

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du baimendu sei lagun baino gehiagoko bilerak mugatzea, neurriak oinarrizko eskubideak urratzen dituelako eta legezko estaldurarik ez duelako.

Eusko Jaurlaritzak murrizketak gogortuko zituela iragarri zuen asteburuan, honako proposamenekin: gehienez sei lagunen taldeak, ostalaritzaren itxiera-ordutegia 00:00etan, edukiera %50era eta txoko zein elkarteetan jarduera oro debekatuta, besteak beste.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren baimenaren zain zegoen Eusko Jaurlaritza, agindu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta indarrean jartzeko. Auzitegiak gaur aztertu behar zuen agindua, baina, momentuz, auzitegiak ez du baimendu sei legun baino gehiagoko gizarte-topaketak mugatzea, "ez baitago horretarako legezko estaldurarik".

Auzitegiaren ustez, Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak "ez dio estaldurarik ematen oinarrizko eskubideak mugatzeari", iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

Iñigo Urkullu lehendakaria ez dago ados Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin, eta ostiraletik aurrera neurri berriak ezarriko dituztela iragarri du. "Ez nator bat autoarekin", ohartarazi du lehendakariak, eta alarma egoera eskatzera behartu nahi dutela kritikatu du.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak proposatutako gainerako neurriak babestu ditu auzitegiak.

Neurri gogorragoak

Euskadiko Babes Zibileko Planaren premiazko bilera egin zuten larunbatean. Bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri zituen, pandemiaren susperraldia geldiarazteko, azken egunetan atzemandako kasu positiboen gorakadaren aurrean.

Iragarritako murrizketak erkidego osoari eragingo dieten neurriak dira, baina eskualde edo lurraldearen araberako neurri bereziak ezartzeko aukera zabalik dago; konfinamendua barne. Une honetan, Gipuzkoa da gehien kezkatzen duen lurraldea, eta, ostegunera arte behintzat, Araba eta Gasteizen egoera hobea izan da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduan sei lagun baino gehiagoko taldeak mugatzeko neurria baztertu eta gero (gomendio gisa azaltzen bada ere), hauek dira ostiral honetatik aurrera EAEn ezarritako neurri nagusiak:

  • Ostalaritzaren itxiera-ordutegia 00:00etan.
  • Edukiera %50era mugatuta: ostalaritzan, ekitaldi guztietan eta era guztietako jardueretan.
  • Gehienez, 400 pertsona barruko ekitaldietan, eta 600 pertsona kanpoko ekitaldietan.
  • Txokoetan eta elkarteetan jarduera debekatuta.
  • Federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera.
  • Haurren parkeak 23:00ak arte erabili ahal izango dira.
  • Positiboen isolamendua 10 egunekoa izango da.
  • Mugikortasun mugak datozen egunetan aztertuko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago