Koronabirusa

Neurriak gogortuko dituzte EAEn, pandemiaren susperraldia geldiarazteko

Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 13:30

EAEko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen bilera. / IREKIA

Eusko Jaurlaritzak murrizketak gogortuko ditu datozen egunetan. Gehienez sei lagunen taldeak, ostalaritzaren itxiera-ordutegia 00:00etan, edukiera %50era eta txoko zein elkarteetan jarduera oro debekatuta.

Euskadiko Babes Zibileko Planaren premiazko bilera egin dute larunbat honetan. Bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri ditu, pandemiaren susperraldia geldiarazteko, azken egunetan atzemandako kasu positiboen gorakadaren aurrean. Izan ere, pandemiaren bigarren olatua gora doa, eta ostiral honetan 828 positibo izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Iragarritako murrizketak erkidego osoari eragingo dieten neurriak dira, baina eskualde edo lurraldearen araberako neurri bereziak ezartzeko aukera zabalik dago; konfinamendua barne. Une honetan, Gipuzkoa da gehien kezkatzen duen lurraldea, eta, ostegunera arte behintzat, Araba eta Gasteizen egoera hobea izan da.

Murrizketak datozen egunetan sartuko dira indarrean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi ondoren, Osasun sailburuak sinatutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean. Hauek dira Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarritako neurri nagusiak:

  • Sei lagunen taldeak, gehienez.
  • Ostalaritzaren itxiera-ordutegia 00:00etan.
  • Edukiera %50era mugatuta: ostalaritzan, ekitaldi guztietan eta era guztietako jardueretan.
  • Gehienez, 400 pertsona barruko ekitaldietan, eta 600 pertsona kanpoko ekitaldietan.
  • Txokoetan eta elkarteetan jarduera debekatuta.
  • Federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera.
  • Haurren parkeak 23:00ak arte erabili ahal izango dira.
  • Positiboen isolamendua 10 egunekoa izango da.
  • Mugikortasun mugak datozen egunetan aztertuko dira.

"Birusaren transmisio handiko egoera batean gaude; hori geldiarazteko, neurriak indartu eta pertsonen mugikortasuna mugatuko dugu", adierazi du Sagarduik. "Zorrotzagoak izatea besterik ez zaigu geratzen".

Ospitaleratzeen bolumena pandemiaren bigarren olatuaren handiena izan arren, lasaitasun mezua bidali du Sagarduik: "Gure ustez, ospitaleen edukierari dagokionez, kezkatzeko moduko indizeetatik urrun gaude oraindik".

Horrez gain, sailburuak azaldu duenez, miaketa-sarea zabaldu egingo da: 45 pertsona gehiago izango dira; guztira, 375 pertsona. Eta Osakidetza proba antigenikoak egiten hasiko da Covid-19a atzemateko; antigenoen test azkarrek koronabirusa inguratzen duen mintza detektatzea ahalbidetzen dute. Eguneroko buletinean, PCR bezala agertuko dira.

Norbanakoen prebentzio neurrien garrantzia ere gogorarazi du Sagarduik, hala nola maskara erabiltzea, distantzia soziala eta eskuak etengabe garbitzea. "Prebentzio neurriak ahalik eta irmotasun handienarekin aplikatu behar ditugu", azpimarratu du Osasun sailburuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago