ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urriaren 21, 27 eta 29rako greba deitu zuten urria hasieran, ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jantokietako azpikontratetan. Grebaren lehen egunaren bezperan Hezkuntza Sailak deitutako bilerara joan dira sindikatuak, baina greba deialdiari eutsi diote, momentuz.
"Maiatzaz geroztik, bilera bat egiteko eskatu dugu, eskola jantokien itzulera segurua aztertu eta negoziatu ahal izateko; hala ere, orain arte, erabaki guztiak alde bakarrez hartu eta ezarri ditu Hezkuntza Sailak", deitoratu dute sindikatuek. Izan ere, joan den irailaren 15ean hezkuntza komunitatearen lehen greba deialdiaren ostean, hezkuntzako langileen mahai guztiak deitu dituzte, azpikontratetako langileak izan ezik.
Hortaz, asteazken honetan, deitutako hiru greba jardunaldietako lehenengoan, kalera irten dira jantokietako langileak. Arabaren kasuan, lanuzteak egin dituzte goizean, eta 12:00etan elkarretaratze jendetsua egin dute, San Prudentzio kaleko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean; aldi berean, mobilizazioak egin dira EAEko hiru hiriburuetan.
Aldarrikapenak
"Langileek deitutako mobilizazioei esker, Saila kolektiboaren aldarrikapenak entzutera eseriko da, mobilizazio horiek gabe eta sektoreak duen indarra gabe bilera hau ez litzateke posible", azpimarratu dute sindikatuek.
Hala ere, eskaria Sailarekin bilera bat lortzea baino harago doala eta aldarrikapenak "oso argiak" direla ohartarazi dute: "Segurtasuna bermatzea, enpleguari eta lan baldintzei eustea, ratioak jaistea, lan kargak ez handitzea, eta zerbitzu seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea".
Greba eguna jantokietan!
— ELA Gasteiz (@ELAGasteiz_) October 21, 2020
Día de huelga en los jantokis!
Zerbitzu minimoen gainetik, langile borroka!
Segurtasuna, enplegua eta lan baldintzak BERMATU! pic.twitter.com/AKVUw3UR47