Hezkuntza

Greba deitu dute eskola jantokietan urriaren 21ean, 27an eta 29an

Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 12:30

Greba deialdia iragartzeko agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. / ELA SINDIKATUA

Hiru greba egun deitu dituzte sindikatuek EAEko eskola publiko, pribatu eta itunpekoetako jantokietan. Eusko Jaurlaritzaren eta zerbitzua kudeatzen duten enpresen jarrera salatzeko, urriaren 21ean, 27an eta 29an kalera aterako dira.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek "errespetua" eskatu dute eskola jantokien zerbitzuetan azpikontratatutako langileentzat, eta hiru greba egun deitu dituzte urrian: 21ean, 27an eta 29an, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantoki guztietan.

"Segurtasuna" eta enpleguari zein lan baldintzei eustea bermatuko duten neurriak negoziatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta Lakuako egoitzaren aurrean iragarri dute greba deialdia. Bertan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari eskatu diote "alde bakarreko bidea uzteko eta eskola jantokietako langileen ordezkariekin hitz egiteko". Izan ere, orain arteko erantzuna "inposaketa" izan dela kritikatu dute.

Negoziazioa, enplegua eta osasuna

Ikasturtearen amaieratik eta ikasturtea hasi zenetik "behin eta berriz" egindako eskaera berretsi dute sindikatuek: "Kalitatezko eskola jantokien antolaketa negoziatzea eta sektoreko langileen enpleguari zein lan baldintzei eustea bermatzea; baita langile eta erabiltzaileentzako osasun neurriak bermatzea ere"; hori da Hezkuntza Sailari eta hezkuntzako patronalei eskatu dietena.

Halaber, sindikatuek salatu dute aurreko ikasturteetako ratioei eutsi zaiela, eta talde egonkorrei edo espazioei dagokienez egungo beharrei "jaramonik ez" zaiela egin. "Ez dira bermatzen ari enpleguari eta kolektiboaren lan baldintzei eutsiko zaiela; izan ere, behin-behineko langile asko ez dituzte lanera deitu", kritikatu dute.

Azkenik, jantokiek familiengan duten garrantzia azpimarratu dute sindikatuek: "Inprobisazioa eta kalitatezko jantoki seguru baterako langilerik eza mesfidantza sortzen ari dira familien artean, eta, ondorioz, askok ez dute zerbitzua eskatzen, nahiz eta beharrezkoa izan. Ez dugu ahaztu behar haur askorentzat egunean jasotzen duten otordu oso bakarra jantokikoa dela".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago