Araba Euskaraz 2020

"Gaitzik nagusiena da kulturzale nahikorik ez dugula"

Anakoz Amenabar 2020ko urr. 16a, 07:00

Gotzon Barandiaran, Ahotseneako arduradunetako bat. /G. Barandiaran

Durangotik Amurriora egingo du jauzi asteburu honetan Ahotseneak, musikarien plaza bihurtuta; Araba Euskarazekin indarrak batuta, hainbat taldek euren lan berria aurkezteko aukera izango dute igandeko saioetan.

Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratuko diren sortzaileei, eta aurtengo ezohiko egoerari erantzuteko asmoz, aukera osagarriak antolatu ditu Ahotseneak. Horien artean, musikaren plaza izango da igande honetan Amurrio; zortzi musika taldek aukera izango dute zuzenean lan berria aurkezteko. Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) Ahotseneako arduradunetako bat ALEA FM saioan izan da.

Dena prest iganderako?

Egitaraua prest daukagu. Musika taldeak gogotsu daude, eta zer esanik ez Amurrioko Aresketa ikastolakoak. Elkarlan handi bat egin dugu, eta Araba Euskaraz bertan behera geratu den arren, gutxienez ekitaldi batzuk mantentzea lortu dugu, eta horietako bat izango da eurekin aspalditik adostuta genuen Ahotsenea.

Zer gertatuko da aurten Durangoko Azokarekin, eta ondorioz Ahotsenearekin?

Durangoko Azokan aurten ez da erakusmahairik egongo; erosketak birtualki egiteko deia egin du Gerediaga elkarteak, baina liburu eta disko aurkezpenak izango dira abenduaren 5etik 8ra. Guk Plateruenan hainbat diskoren aurkezpenak antolatu ditugu, eta alboko Landako gunea ere egokituko dute liburu aurkezpenak eta bestelako hainbat eduki proposatzeko. Erakusmahairik ez da egongo, baina musika, literatura, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta umeentzako saioak izango dira. Erreserba eginda, euskal kulturgintzako nobedadeekin bertatik bertara gozatzeko aukera egongo da.

Ahotseneak, gainera, hainbat adar izan ditu aurten.

Gerediagak esan zigun aurtengo azokan ezin izango genuela nahi beste disko eta liburu aurkeztu pandemiaren eraginez, eta gu berehala hasi ginen konponbide baten bila. Izan ere, horrek suposatzen zuen, normalean 70 bat disko eta 40 liburu aurkezpen egiten baldin baditugu, aurten 30 bat disko eta 8 liburu aurkez genitzakeela, eta horrek noski sekulako bihotzeko mina ematen digu. Ezin genuen onartu hori, eta pentsatu genuen beste plaza batzuei proposatzea idazle eta musikariei leku egitea, eta ahalik eta jende gutxien uztea kanpo. Harremanetan jarri ginen Literatuariarekin eta eurek lekua egin ziguten, Durangoko azokan egingo dugu, Araba Euskarazen ere beste leku bat egin ziguten eta gerora oraindik iragartzeko dagoen abenduko plaza berri batean ere aurkeztuko ditugu liburu eta diskoak. 

"Gogotsu gaude, ikusten delako eragileen artean elkarrekin aritzeko gogoa dagoela"

Hala ere, ez dira iazko zifrak errepikatuko.

Inondik ere ez. Pandemiak eta bestelako erabaki batzuek ere honetara ekarri gaituzte, baina ahalegindu gara ahalik eta leku gehien aurkitzen aurtengo liburu eta disko berrien aurkezpenetarako, eta esan behar dugu hainbat plazatan lehenengo berehalako erantzuna baiezkoa izan dela. Uste dut denok konturatu garela pandemia honek lehenago ere oso ahula zen euskarazko kulturgintza izugarri kolpatu duela eta elkarrekin ez badugula lan egiten oso gaitza dugula aurrera egitea. Badakigu euskararen erabileran izugarrizko kolpea jaso dugula eta kulturgintzan ere zer esanik ez. Etengabe ari gara elkarlana lantzen beste antolatzaile batzuekin, sortzaileekin, hedabideekin, hezkuntza komunitatearekin, eta ia guztion artean aurre egiten diogun honi. Ez bakarrik pandemiari; epe ertaineko etorkizun honetan elkarrekin jardutea lan egiteko metodologia berezko modua, berezko dinamika izan dadin, elkarlana ekosistema osatzen dugun guztion artean.

Zein da kulturgintzak bizi duen kezka nagusia?

Kezka nagusia aurretik ere bazetorren. Batzuk aspaldi esaten ari gara gure gaitzik handiena dela kulturzale nahikorik ez daukagula. Euskarazko kulturak behar ditu kulturzaleak, ez daukagu kulturzale nahikorik gure ekosistemak osasuntsu iraun dezan. Eta guztion ardura izan behar da kulturzale gehiago sortzea. Horrek esan nahi du euskararen erabileran ere eragin egin behar dugula, euskara hitz egiten ez duena nekez hurbilduko baita euskarazko kulturara. Gure kezka nagusia hori da; gero daude unean uneko kezkak, besteak beste, emanaldiak bertan behera geratu zaizkigula, jende asko geratu dela diru sarrerarik gabe, lanik gabe eta laguntzarik gabe. Erakunde publiko nagusietatik ez dator laguntza handirik.

Aitzakia izaten ari da askorentzat kultur jarduerarik ez antolatzeko?

Beldur handia sumatzen dugu alde batetik. Baina, beste alde batetik, susmoa dugu batzuentzat aitzakia izan dela hau, beraientzat ez delako lehentasuna euskarazko kulturgintza, ez delako lehentasuna euskara ere, eta hau aitzakia perfektua da ez antolatzeko. Badaude beste udal batzuk, halere, eta herri horietan hainbat eragile tematuta gaude kultur eskaintza oparo bat egiten, Larrabetzun bezala; aitzakiak bila daitezke mila, baina protokolo guztiak beteta, gure herrian adibidez frogatuta daukagu egin daitekeela.

Egoera honek jarraitzen badu, zaila izango du kulturgintzak?

Gu estrategikoki jokatzen ari gara. Kezka nagusia ez da unean unekoa bakarrik, batez ere da etorkizunari begirakoa; proposatzen duguna da Euskal Herriko ekosistema osatzen dugun sortzaile, antolatzaile, bitartekari, hedabide, hezitzaile eta zaleen artean gure kulturgintzarentzat estrategikoa zer den adostea. Eztabaidatu dezagun guztiok, bakoitzak bere ezaugarrietatik, baina ikuspegi integratzaile batetik eta herri ikuspegi batetik zer behar dugun euskaldunok. Zer helburu daukagun eta zer egin behar dugun elkarrekin horiek lortzeko. Hori da gakoa. Aldiz, orain demagun sekulako diru-laguntzak jasotzen ditugula, oso zaila ikusten dudan arren, hori zulo handi bati txatalak jartzea litzateke, eta horrela zulo handi bat ezin da luzarora estali. Epe ertain luzerako estrategikoki jokatu nahi dugu, eta anbiziotsuak izan, sekulako gaitasuna daukagulako herri honetan eta kulturgintzan ere. Eta gogotsu gaude ikusten delako eragileen artean elkarrekin aritzeko gogoa dagoela, nahiz eta atomizatuta egon garen hainbat urtetan; orain nabaritzen da, beharrizanak ere bultzatuta, badagoela gogoa elkarrekin aritzeko. Eta uste dut ulertu dugula ekosistema bat garela eta sinkronizatuta lan egin behar dugula.

Zer suposatzen du Plateruena moduko areto bat galtzeak?

Kristoren kaltea da, hogei urtez euskal kulturgintzaren plaza nagusietako bat izan delako. Jende asko ibili da urteetan kulturarekiko, euskararekiko eta gure herriarekiko daukaten maitasunagatik lanean, pasio hori dutelako, baina egoera ekonomikoak behartu ditu proiektu hori itxi eta beste bati ateak zabaltzera. Plateruena uzten dute hartu zuten baino askoz hobeto, halere; sekulako azpiegitura dute, eta uste dut hori aprobetxatu egin behar dela, eta ziur nago aprobetxatuko dutela. Hasita daude Durangon gogoeta fase batean, Durangora ez ezik Euskal Herri osora ere zabaldu nahi dutena, eta uste dut itxaropentsu egon behar dugula. Kolpe latza izan da, eta ez da kasualitate bat; oso dirulaguntza publiko gutxi jaso dute urte hauetan, eta horrek zer pentsatu asko ematen digu; herritarrek sortutako horrelako ekimen erraldoi bat, EH osoari sekulako ekarpena egin diona laguntza publikorik gabe horrenbeste urtetan irauteak… Plateruena berria etorriko da, beste proiektu bat, eta ziur kulturgileontzako plaza inportantea izango dela.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago