Asteburu berezia izango da Amurrion, Araba Euskarazek eta Ahotseneak elkarlanean prestatutako egitarauari esker. Larunbatean, urriaren 17an, Darabagu dinamikarekin hasitako bideari amaiera emango dio Aresketa ikastolak, eta igandean musikaren plazak hartuko du herria, zortzi musika talderen lanen aurkezpenarekin.
Saio berezi batekin amaituko dute aurtengo Araba Euskaraz larunbatean, urte osoan zehar izandako jardueren ostean. 18:30etik aurrera, Amurrio Antzokian, Arabako ikastolen jairako prestatutako abesti eta bideoklipean parte hartu duten sortzaileak izango dira: Sabin Guaresti, Amaia Mendieta eta Bad Sound. Hogei minutuko hainbat kanta saio izango dira, eta tartean eskualdeko bertso eskolakoek josiko dute saioa, Ane Labaka, Oihana Bartra eta Izar Mendiguren bertsolariekin batera.
Ahotsenea, igandean
Musika ere protagonista izango da igandean, Ahotsenea egitasmoan parte hartuko duten taldeei esker. 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara, zortzi talde igaroko dira Amurrio Antzokiko taula gainetik, euren azkeneko lana aurkeztera: Kyxo, Otuz, Deiedra, La Rekba, Hook, Basaki, Sorkari eta Perlata taldeak.
Horiek bertatik bertara jarraitu ahal izateko, ekitaldietako sarrerak arabaeuskaraz.eus webgunean egin behar da erreserba. Eta Amurrio Antzokian jarraitu ezingo dutenek alea.eus edota aiaraldea.eus webguneetan jarraitu ahal izango dute zuzenekoa, Araba Euskarazek eskainiko duen streamingari esker.
Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, segurtasun eta osasun neurriak bete beharko dira, eta horregatik aforo mugatua izango dute asteburuko ekitaldiek. Araba Euskarazen webgunean egin beharko da erreserba, eta pertsona bakoitzak aulki bakarra izango du egun osorako. Derrigorrezkoa izango da maskaren erabilera, eta areto barruan behin egonda ezingo da saioa bukatu arte aulkitik altxatu.