Covid-19aren pandemiak behartuta, Gasteizek bertan behera utzi ditu aurtengo Gabonetan egitekoak ziren Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak, pasa den astean Inauterietako desfileekin egin zuen bezala. Izan ere, Udalak ez du jende pilaketarik nahi kaleetan, eta aurreko urteetan 100.000 pertsonatik gora elkartzera iritsi direla kontuan hartuta hartu du erabakia.
Hala ere, urte berriari ongi etorria emateko eta egun berezi horiek ospatzeko aukera egongo da. "Eguberriak desfileak baino gehiago dira", azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. Horregatik, Udala dagoeneko ari da 2020-21eko Gabonetako programazio berezia lantzen; egitaraua "baldintza berrietara egokituta" egongo da. Egitarau berria teknikoki zehaztu eta itxi ondoren emango dute horren berri.
"Herritarren osasuna babestea da gure lehentasuna", nabarmendu du Cantok. "Baldintza hori oinarritzat hartuz, jai horien benetako protagonisten ilusioa bizirik mantentzea lortuko duen programa bat osatuko dugu. Hiriko haurrek Eguberriez gozatu ahal izango dute, pandemiak Olentzeroren eta Erregeen desfileak lapurtu dizkigun arren", azaldu du zinegotziak.