Osasun krisialdia dela eta, martxotik aurrera ospatu ohi diren jai eta ekitaldi jendetsu gehienekin gertatu den bezala, Gasteizko 2021eko Inauterietako desfileak bertan behera uztea erabaki du Gasteizko Udalak, eta arratsaldean egindako bilera batean erabakiaren berri eman die hiriko konpartsei.
Otsailaren 13ra arte oraindik lau hilabete falta diren arren, Inauterietako desfileetan milaka pertsona bildu ohi dira Arabako hiriburuko erdialdeko kaleetan, eta, oraingo egoeran, horrelakoak saihestu nahi ditu Udalak, "herritarren segurtasuna bermatzeko". Izan ere, 2020an, adibidez, 7.162 pertsonak hartu zuten parte desfileetan, 26 konpartsatan banatuta.
"Pandemiak gure ekitaldi herrikoienetako bat bertan behera uztera behartu gaitu; atsekabetuta gaude, baina oraingo egoeran horixe da komenigarriena. Neurri hau hartuta, kalean jendetza biltzea eragotzi nahi dugu, pertsonen osasuna babestea baita gure lehentasuna", adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. "2022an inoiz baino ilusio handiagoz egingo ditugu Gasteizko Inauterietako desfileak"; hortaz, 2022ko otsailaren 26ra arte itxaron beharko dute gasteiztarrek.
Hala ere, zinegotziak argitu duenez, ezin izango dira desfileak egin, baina konpartsen iritzia aintzat hartuko dute, auzoetan ordezko jarduerak antolatzeko aukera aztertzeko.