Igande honetan, XXXVII. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa ospatu da Idiazabalgo frontoian; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldekako lehiaketetan sailkatutako gazta onenak parte hartu dute.
Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastatzaileez gain, Joseba Argiñanok, Rafa Gorrotxategik, Luken Vigo sukaldariak eta Artzai Gaztaren hainbat artzain-elaboratzaile bazkidek parte hartu dute 32 gazten dastaketan.
Hiru gazta onenak arabarrak dira: Ilarduiako La Leze gaztategiko La Leze gaztak irabazi du lehenengo saria; bigarrena, Galarretako Azkarra gaztategiak lortu du, eta, azkenik, hirugarrena Patxi Lopez Uralderen Larreako Gazta gaztategiak lortu du.
Jose Mari Uztarrozi omenaldia
Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakari Jose Mari Uztarroz sari-banaketan egon da, eta omenaldi hunkigarria egin diote, "bere bizitza osoa baserri munduarekin eta horren balioekin, artzainekin, ardi latxarekin eta Idiazabal gaztarekin konprometituta egoteagatik".
Covid-19a dela eta, aurten ezin izan da ospatu Txapelketarekin batera egin ohi den Idiazabalgo Baserritarren Eguna. Baina artzainek euren lana eta ilusioa beste urte batzuetan bezainbeste edo gehiago transmititzeko aukera izan dute, segurtasun neurri guztiak, distantziak eta protokoloak errespetatuz.