Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Literaturako Euskadi sarien lehen irabazleak aurkeztu ditu asteazken honetan, Artium museoan egindako agerraldi batean. Hiru sarituen artean dago Karmele Jaio gasteiztarra; izan ere, euskarazko literaturako saria lortu du Elkar argitaletxearekin argitaratutako Aitaren etxea eleberriagatik. Saritu bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du —4.000 euro gehiago lana beste hizkuntza batera itzultzen bada—.
Ia urtebete igaro da Jaiok Aitaren etxea liburua aurkeztu zuenetik, eta ahoz ahokoak ez du etenik izan: liburu salduenen artean ageri da oraindik bere azken eleberria. Maskulinitate ereduen eraikuntzari erreparatuta, pribilegioen inguruan gogoeta egiteko aukera da lana. Hain zuzen ere, hori baloratu du Pako Aristik, Mari Jose Olaziregik, Jon Martinek, Asier Serranok eta Katixa Agirrek osatutako epaimahaiak: "Zaintza zein gizon eta emakumeen arteko harremanetan sakondu izana, eta heteropatriarkatuari egindako salaketa", azpimarratu dituzte, bere "ausardia formala" nabarmentzeaz gain.
Irailean, ALEAko kazetari Anakoz Amenabarrek elkarrizketa egin zion Karmele Jaiori, eta hemen duzue irakurgai: "Kontatzen ez dena interesatzen zait; hor dago benetako mamia".