"Kontatzen ez dena interesatzen zait; hor dago benetako mamia"

Anakoz Amenabar 2020ko ira. 18a, 08:00

Karmele Jaio, Gasteizko Florida parkean. / Erlantz Anda

Ia urtebete igaro da 'Aitaren etxea' liburua aurkeztu zuenetik, baina ahoz ahokoak ez du etenik izan, eta liburu salduenen artean ageri da oraindik Karmele Jaioren azken eleberria. Maskulinitate ereduen eraikuntzari erreparatuta, pribilegioen inguruan gogoeta egiteko aukera da lana.

Familia bereko hiru pertsonaien bitartez, iraganean arakatu eta geratzen diren arrastoei jarraitu die Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) Aitaren etxea eleberrian, generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen zama agerian utziz. Eguneroko hartu-emanen ispilu, arrakasta lortu du euskaraz –besteak beste, 111 Akademiaren saria jaso du–, eta beste milaka lagun batu dira ostean gaztelaniaz aurkeztu duen bertsioarekin. Urtebete igarota, mugiarazten jarraitzen du istorioak, ingurutik zein sare sozialetatik jaso duen mezu erauntsia lekuko. 

Joan den azaroan aurkeztu zenuen eleberria, eta itzala luzea da oraindik... Nabaritu duzu eleberri honekin erantzun desberdin bat?

Liburuen kasuan nobedadeak oso azkar egiten dira zahar, eta hau mantentzen ari da. Desberdina izan da, bai. Oihartzun gehiago izan duela nabaritu dut, eta jendearen erantzuna kalean  handiagoa izan dela. Argitaletxekoak ere harrituta daude Espainian izan duen erantzunarekin, ez bainaiz batere ezaguna han, eta oso erantzun ona izan du. Katalunian, esaterako, oso ondo doa, jende askok idatzi dit.

Zerk mugiarazi ditu irakurleak?

Uste dut puri-purian dagoen gaia dakarrela eleberriak, gure egunerokoan eta gure eztabaidetan duguna, eta beharbada horrek harrapatu du jende asko. Momentu honetan izan ditzakegun hainbat kezka agertzen dira. Gauza bat da liburua irakurtzea eta gustatzea, eta beste bat idazleari esatea edo mezua idaztera animatzea; horretarako tarte bat hartu du jendeak, eta benetan estimatu dut hori. Gizon askok esan didate irakurri dutela eta beren kezka batzuk islatuta ikusi dituztela. Hori ere diferentea izan da, eta polita.

"Nire lana icerbergaren punta azaltzea da; irakurleak ikusi behar du behean zer dagoen"

"Aitaren etxean" bizi gara oraindik?

Bai, noski. Gauza asko aldatu dira azken hamarkadetan, eta hori ere kontuan izan behar da, baina bide luzea dago oraindik ere. Erabaki guneetan, botere guneetan, gizartea egituratzeko moduan, gizonek erabakitako eta gizonen erara egindako moduan, hainbat gauza kanpoan geratzen diren moduan...

Ismael pertsonaiak ziurrenik ez du bere burua matxistatzat izango.

Uste dut erraza dela matxismoa ikustea atzera begiratzen denean, gure gurasoen belaunaldira. "Begira nola zeuden emakumeak! Kontu korronte bat irekitzeko ere baimena eskatu behar zuten...". Erraza da hori esatea. Argi dugu matxismo hori. Zailagoa da oraingoa onartzea, beti makillatuagoa, beti ezkutuagoa. Kanpotik gauza asko ustezko erabaki libreetan oinarrituta daude, baina erabaki libreak batzuetan ez dira hain libreak. Oso zaila da, eta zaila da batez ere gizonentzat onartzea oraindik ere pribilegiozko leku batean daudela eta mundua ere euren neurrira eginda dagoela. Eta are zailagoa, suposatzen dut, gizon aurrerakoia bazara. Zaila da onartzea zenbat keinuk, zenbat jarrerak jarraitzen duten hor, pribilegio leku horretan... Nahiz eta, zorionez, gizon askok hausnarketa egin duten eta aldatzeko jarrera hartu duten; hori ere azpimarratu behar da.      

Iñigo Muguruza eta "gizon berri guztiei" dedikatu diezu eleberria.

Bai, batetik, euren pribilegioei buruz hausnarketa egin dutenei edo konturatu direnei, euren posizioa munduan zein den kontuan izan eta hori aldatzeko edo mugitzeko prest daudenei. Bestetik, eurentzako nolabaiteko kartzela bat den maskulinitate eredu horretatik irtetetzeko desiatzen daudenei; hori ere bada, gizon izateko eredu hori gainean edukitzea eta ezin adieraztea zeure benetako izaera.

Duela urtebete aurkeztu zuen Karmele Jaiok 'Aitaren Etxea'. / Erlantz Anda

"Zailagoa oraingo matxismoa onartzea, beti makillatuago, beti ezkutuago..."

Kontraesan ugari daude pertsonaietan...

Bai, guztietan. Eta gainera saiakera berezia egin dut horretan, uste dudalako denok ditugula kontraesan asko... Pertsonaiak sinesgarri egiteko euren kontraesanak azaldu behar nituen.  Orokorrean bada modu bat ere islatzeko gauza guztiak ez direla ez zuri ez beltz, ez kontra ez alde. Eta berdintasunaren gaiarekin ere berdin gertatzen da. Horregatik behar izan dut liburu bat idatzi kar-kar-kar. Hainbat gauza ezin dira "eta kitto" batekin azaldu...

Gizonaren pertsonaia idaztea izan da beharbada ariketa zailena?

Bai. Egia da gehiago kostatu zaidala, baina ez hainbeste ezjakintasunagatik edo ez ditudalako bizi izan gizon batek bizi dituen esperientziak; azken finean, idazle batek hiltzaile bati buruz idazteko ez du zertan hiltzaile izan... Gehiago izan da beldurrez, errespetuz edo kontu handiz idatzi dudalako… Ez nuelako gizonen karikatura bat egin nahi. Hori zen nire beldur handiena. Gizonen buruan egon daitekeen konplexutasun hori guztia jaso nahi nuen, eta, bai, zalantza gehiago izan dut idatzi bitartean.

Komunikazio falta ere gai nagusietako bat da obran.

Familietako isiltasunak eta esan gabeko hitzak oso nabariak dira. Idazten dudan guztian agertzen da iruditzen zaidalako esan gabe uzten duguna beti dela inportanteagoa esaten duguna baino. Eguneroko hizketaldien errepasoa egiten badugu, izan ditugun solasaldiak normalean nahiko azalekoak izaten dira, eta gure benetako kezkak nahiko babestuta geratzen dira barruan, oso gutxitan ateratzen dira. Horregatik, idazten dudanean hain justu eremu hori interesatzen zait, kontatzen ez dena interesatzen zait; hor dago benetako mamia.

Sortze prozesuaren krisia ere ekarri duzu obrara. Bere nobelarekin aurrera egin ezinik dago Ismael.

Bai, sortze prozesuak zer funtzio eta zer eginkizun duen kontatzen du, zer hutsune betetzen duen istorio honetan. Idaztea egiak esateko eremua dela esaten du; kontatzen den hori idazlearen egia da, esan nahi dena, eta horregatik esaten da liburuan "pisuzko edo berunezko hitzak" agertzen direla idaztean. Gure egunerokoan erabiltzen ditugun bisuteriazko horiekin konparatuz, idaztean agertzen dira benetako kezkak, benetako hitzak… eta beharbada ez zaizkio idazleari gustatu behar, baina hori da idaztea; artea egia esateko eremu bat da.

"Hitz gordinak eta bisuteria gabekoak" idatzi nahi zenituela aipatu zenuen Alean aurreko elkarrizketa batean. Bide beretik jarraitzen duzu?

Bai, gero eta gehiago. Gero eta zorrotzago, orduan eta gordinago. Idaztea berridaztea da, idatzitakoa zuzentzea da denbora guztian... Luzeago egin nezakeen liburua, leku bakoitzean gehiago arakatu, baina uste dut nire lana icebergaren punta azaltzea dela, eta gero irakurleak behean zer dagoen ikustea, ez dena esplikatzea. Indar handiagoa du, eta noski lan handiagoa ematen du, icebergaren puntan oso klabea den zerbait kontatu behar duzulako azpian zer dagoen ulertzeko. Askotan hitzak kentzeak lan gehiago ematen du idazteak baino.

Idazteko garaian, nola eragin dizu pandemiak? Lagundu ala kalterako izan da?

Lehendabiziko itxialdian idazteko beharra nuen, irakurtzeko beharra... Denbora gelditu egin zen niretzat. Korrika bizi gara eta hausnarketarako tartea izan zen; badakit askorentzat kontrakoa izan dela, baina niri horrek lagundu dit. Gainera, konfinamenduaz idazteko enkargu bat ere jaso nuen, Zirriborroak eta gero egitasmorako, eta horrek ere gogoetarako aukera eman dit. Horretaz aparte, egoerak zer pentsa gehiago ematen du, eta gizartearen erradiografia egiteko aukera izan da; oso argi geratu dira zeintzuk diren zutabeak, biluzik ikusi dugu gizartea eta horrek pentsatzeko asko ematen du.

Itxialdian amarekin bizi izandakoa kontatu duzu artikulu batean. Hiru hilabete zaharren egoitzan den ama ikusi gabe.

Uste dut hori izan dela, eta izaten ari dela, pandemia honen gogorrena. Jende asko ari da ordaintzen hau, baina nagusiena izugarria da. Ulertzen dut segurtasunagatik kontu handiarekin ibili behar dela erresidentzietan, baina nola dauden ikustea... Ez dira koronabirusagatik hilko, baina penaz hilko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago