"Aurten, bizi dugun egoera arraroan ere —edo agian horregatik—, ekoizleen azokak behar ditugu; eta, gainera, ekologikoak badira, hobeto", aldarrikatu du nekazaritza ekologikoaren aldeko Bionekazaritza elkarteak. "Goi-mailako produktuak eta beraiekin lotuta doan kultura hiriaren erdigunera ekarriko ditugu beste behin ere".
Horregatik, larunbat honetan, urriak 3, azoka ospatuko da Gasteizko Foru plazan, 10:00etatik 14:30era. Bertan, sasoiko barazki eta frutak, gaztak, eztiak, mermeladak, zukuak, kosmetika naturala, ogia, goxo eta gaziak, arropa, artisautza, arrautzak, algak, oliba olioa eta bestelako produktuak izango dira ikusgai eta salgai, horiek ekoizten dituzten pertsonekin batera.
Zaintza, segurtasun eta osasun neurriak hartuz eta errespetatuz, aurtengo azoka gogoz aurrera ateratzeko asmoa du Bionekazaritzak.