"Santiago ospitalera iritsi ginenean, familiek errieta egin ziguten –Fragari niri baino gehiago, bera ezagunagoa zelako–: 'Zer? Akabatzera al zatozte?'". Hala jaso du Rodolfo Martin Villak (1934, Santa Maria del Paramo, Leon, Espainia), 1976ko martxoaren 6an Gasteizera joan zirela, eta han zauritu guztiak bisitatu zituztela, tentsio handiko egoera batean.
"Urte hasieratik, –dio Martin Villak Al servicio del Estado bere oroitzapenen liburuan–, desobedientzia zibil egoera oso larria zegoen, eta iraultzaren aurreko giro sutsua". Gasteizko lan gatazka "orokortua", "ustela", "nahasia", "argi eta garbi politizatua", eta "asanblearioa" bezala definitu zuen ministro ohi frankistak.
Ez da harritzekoa Martin Villak esatea Gasteizkoa "alferrikako sakrifizioa" izan zela langileentzat; edo Fragak esatea langileek "odol-egun bat" besterik ez zutela lortu. Modu horretan, langileak heriotza horien erantzule gisa aurkezten baitituzte. Izan ere, Serviniren aurrean egin duen bezala, garaiko Harreman Sindikalen ministroak beti ukatu egin du bost langileen heriotzan ardura izan zuenik.
Falangetik UCDra
Falange Española Tradicionalista y de las Jons taldeko militantea izan zen Martin Villa, eta 27 urte zituela SEUko (unibertsitateko sindikatu falangista) buruzagi nazional izendatu zuten, 1961era arte. Diktadurak inposatutako sindikatu bertikalari lotuta egon zen Francoren garaian, eta, gainera, 1969an idazkari nagusi izendatu zuten.
Halaber, Martin Villa gobernadore zibil eta Mugimenduko probintzia-burua izan zen Bartzelonan, 1974an; 1975eko abenduaren 11n Harreman Sindikalen Ministerioa hartu zuen, Arias Navarro presidenteak osatutako gobernuan, Franco diktadorea hil ondoren.
Trantsizioan, elite politiko frankista aldaketa politikoa kapitalizatzeko prest agertu zen, demokratikoki legitimatzeko eta ezarri berri zen ordenamendu politikoan eroso kokatu ahal izateko. Hala, 1976ko uztailean, Adolfo Suarezek presidente kargua zin egin zuen eta Martin Villa Gobernazio ministro izendatu zuen. Ondoren, Lurralde Administraziorako Estatu ministro izan zen Suarezen azken gobernuan, eta Lurralde Administrazioko presidenteorde gisa berretsi zuten Leopoldo Calvo Soteloren exekutibo berrian. UCD desegin zenean, Alderdi Popularrean sartu zen, eta berriz ere diputatu akta lortu zuen 1989tik 2000. urtera arte.
PPtik Ibex-era
Alianza Popularreko kide nabarmen batek esan zuen Martin Villak "kazikismo eguneratuaren" irudi bizia ordezkatzen zuela, administrazio frankistan lortutako esperientziari esker.
Bada, esperientzia, harremanak eta frankismoan lortutako boterea baliatu ditu Martin Villak politikatik enpresara salto egiteko, eta aurrera egin du berdin PPren eta PSOEren gobernuekin. Guztira, 93 kargu korporatibo izan ditu 1990etik, eta ia sektore guztietatik igaro da: energia, komunikazioa, aseguruak, banka... Askotan, gainera, sektore estrategikoetako konpainia pribatizatuetan aritu da: Endesako presidentea, Sogecableko presidentea, eta "banku txarraren" (Sareb) administrazio kontseiluko kidea 2013tik, Espainiako Gobernuak izendatuta. Endesaren kasuan, etekinak pribatizatzen aritu zen; Sareb-en aldiz, galerak gizarteratzea zen helburua.