Pandemiaren bigarren olatuaren erdian, asteazken honetan EAEn egindako 8.753 PCR probetan positibo eman duten lagunen kopuruak gora egin du berriz ere. Araban 131 positibo atzeman dira azken 24 orduetan:
- 115 Gasteizen.
- 3 Artziniegan.
- 2 Amurrion.
- 1 Agurainen.
- 1 Aiaran.
- 1 Arraia-Maeztun.
- 1 Arratzua-Ubarrundian.
- 1 Bastidan.
- 1 Erriberabeitian.
- 1 Iruña-Okan.
- 1 Laudion.
- 1 Zanbranan.
- 1 Zigoitian.
- 1 Zuian.
100.000 biztanleko kutsatutakoen kopurua 212,83ra iritsi da Araban azken zazpi egunetan, Bizkaiaren (206,5) eta Gipuzkoaren (154,63) gainetik. Pandemiaren bigarren olatuko daturik okerrena da, baina azken orduetan egin diren PCR frogen kopurua aurreko egunetakoa baino handiagoa izan dela ere kontuan hartu behar da.
Gainera, 42 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten atzo. Guztira 217 lagun daude ingresatuta koronabirusagatik EAEko ospitaletako plantetan, eta 31 ZIUn. Osasun Sailak ez du ospitaleratzeen datu zehatzik ematen lurraldeka.
Bestalde, birusaren birsorkuntza eta hedatzea neurtzen duen kutsatze-tasa (R0) 1,15ekoa da; hau da, 1,00 baino handiagoa izaten jarraitzen du.
Bi positibo berri foru-egoitzetan
Azken orduetan, Murgiako adinekoen egoitzako erabiltzaile bat hil eta gero, Arabako foru-egoitzetan beste bi PCR positibo atzeman direla jakinarazi du Aldundiak: Txagorritxuko erabiltzaile bat eta Lakuako beste bat.
Horrela, egoitzen foru sareko lehen PCR positibotik, bost kasu zenbatu dira guztira Txagorritxun, bi Lakuan, bat Ariznabarran, eta beste bat Ajuria eguneko zentroan. Hortaz, une honetan, bost foku aktibo daude Arabako egoitzetan.