Asteazken arratsaldean egoitzak berak baieztatu duenez, medikuak bere egoera baloratu ostean larrialdietara eraman dute. Aurretiazko patologiak zituen eta narriadura global larria zuen.
Guztira 31 kasu atzeman dira Zuiako egoitza horretan; sei langilek eta 24 egoiliarrek eman dute positibo PCR probetan. Arabako Foru Aldundiak ohar bidez azaldu du gainerako egoiliarrek sintomatologia kliniko zehaztugabea dutela, adinari dagokiona.
Bestalde, egoitzen foru sareko lehen PCR positibotik, lau kasu zenbatu dira guztira Txagorritxun, bat Ariznabarran, bat Lakuan eta beste bat Ajuria eguneko zentroan. Hortaz, une honetan, bost foku aktibo daude Arabako egoitzetan.
96 PCR positibo Araban
Osakidetzak asteazkenean argitaratutako datuen arabera, asteartean 96 positibo berri atzeman ziren Araban, EAEn egindako 8.355 PCR probetan. Gorakada berri bat, hiru egunez positiboen kopuruak behera egin eta gero.
Positibo horietako 82 positibo Gasteizen izan dira, 5 Agurainen, 4 Oionen, eta bana Amurrion, Arrazua-Ubarrundian, Artziniegan, Berantevillan eta Iruña Okan.
Ospitaleratzeen kopuruari dagokionez, azken orduetan 30 ospitaleratze berri egon dira EAEn; guztira, 197 lagun daude ingresatuta. Egun, Osakidetzak ez du ospitaleen artean bereizten, eta, beraz, ez dago Arabako datu zehatzik. Une honetan, 30 pertsona daude EAEko ZIUetan.
Pandemiaren bigarren olatuan hildakoen kopurua ere gora da: abuztuaren 17tik 23rako astean 19 pertsona hil dira Covid-19aren ondorioz.