Koronabirusa

Hogei positibo gehiago zenbatu dira Araban

Erredakzioa 2020ko abu. 3a, 13:00

Armentiako janari lasterreko jatetxe batean atzeman dute koronabirus kasu bat.

Larunbatean Aiztogile kalean taberna bat eta diskoteka bat itxi ostean, igandean, janari lasterreko bi jatetxe itxi zituzten.

Osakidetzak hogei positibo gehiago atzeman ditu Araban azken orduetan. Horietako 18 Gasteizen aurkitu dituzte, beste bat Artziniegan eta bat gehiago Amurrion. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan 2.476 PCR proba egin dira igandean, eta 156 kasu positibo izan dira horietan.

Gainera, gaur bertan zabaldu denez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bi hanburgeseria itxi zituzten igandean, Gasteizko Gorbeia merkataritza-gunean eta Armentiako gainean hurrenez hurren. Lokal bakoitzean langile batek positibo eman du koronabirus proban, eta  sintomak dituzten langileak ostegunetik ez dira lantokira joan.

Janari lasterreko bi jatetxe horietako langile guztiei Covid-19aren PCR probak egin zaizkie, kutsatzeak baztertzeko. Halaber, lokalak itxita izango dira, desinfektatu arte. 

Gaur ere jakin denez, Gasteizko udaltzainek Koroatze auzoko diskoteka bat itxi zuten larunbatean, beste langile batek positibo eman zuelako. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du berragerraldirik atzeman kutsatze horien ondorioz, eta ondorioz,  ez da behaketa masiborik egingo, ez baitute birusaren transmisio komunitarioa atzeman.

Eguneko zentroak zabalik

Bestalde, eguneko zentroak ireki dituzte gaur Araban. Uztailaren 18an, Eusko Jaularitzako Osasun Sailak eguneko zentroak eta zahar etxeak ixteko agindua eman zuen, hainbat herritan agertzen ari ziren oldarraldien ondorioz. Zentroak ixteaz gain, zahar etxeetako egoiliarren bisitak murriztu zituen, eta baita egoiliarren irtenaldiak ere. Iragan astean, ordea, Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi zuen murrizketa horiek arinduko zituztela, eta Arabako Foru Aldundiak eguneko zentroak irekitzeko erabakia hartu du. 

Dena dela, zahar etxeetako murrizketek indarrean jarraituko dute abuztuaren 9ra arte. Hala, mugaturik izango dute irteera, eta ezin izango dute zahar etxetik irten, eraikinaren eremu barruan ez bada. Halere, Jaurlaritzak bisiten neurriak arindu ditu, eta egoiliarrek bi pertsonaren bisita izateko aukera izango dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago