"Desobedientzia bide izugarri baliotsua izan daiteke"

Anakoz Amenabar 2020ko abu. 10a, 08:00
Ekaitz Samaniego, Gasteizko Gaztetxe parean. / Mikel Buruaga

2012an espetxeratu zuten Ekaitz Samaniego, Segi gazte erakundeko kide izatea leporatuta. Haren atxiloketa, ordea, ez zen oharkabean pasa. Atzera begira, "eskubide zibil eta politikoen erasoa" agerian utzi eta dozenaka lagunek elkartasuna adierazteko abiatutako lan dinamikaz harro hitz egin du gazteak.

Zortzi urteko espetxe zigorra beteta, joan den urtarrilaren 5ean geratu zen aske Ekaitz Samaniego (Gasteiz, 1990). Berriz familia eta lagunekin gozatzeko garaia, Gaztetxeari bisita egin eta atzean utzitako bertsozale kuadrillan murgiltzeko parada. Bidean aurrera egiteko, baina, espetxealdiko urte hauetan guztietan izan duen babes harreman sarea gogoratu nahi izan du. "Ederra izan da halako maitasunarekin bidali diguten indarra jasotzea; zortea dugu preso politikook. Gogo biziz nago jende horrekin bidea egiteko".

Nolakoa izan da espetxealdia?

Kalean bezala, bolada on eta txarrekin. Baina han bizi daitezkeen egoera zail guztietatik aparte, oso momentu onak eta harreman politak ere lapurtu dizkiogu kartzelari, asko ikasi dugu hango kideekin, eskutan izan ditugun liburutxoekin. Egon da gozatzeko tartea ere.

2012ko urtarrilaren 14an atxilotu zintuzten, atxiloketa politikoak salatzeko bi aste ezkutuan eman ostean. Nola gogoratzen duzu momentu hura?

Ilusio handiz. Sekulakoa izan zen. Ederra izan zen ikustea gure ingurua halako egoera baten aurrean antolatzen eta hainbeste lagunengana iristen. Nire egoeraz harago, gauza hauek pertsonatik harago doazelako, injustizia horietako bat ikusaraztea lortu genuen. Ikaragarria izan zen sortu zen elkartasun dinamika. Bi aste horietan gordeta egoten lagundu zidaten pertsonak ere gogoratu behar ditut, zelako kariñoa eta zelako borondate onarekin lagundu zidaten. Eta manifestazioaren bukaera ere itzela. Beharbada itsusia da esatea, baina ez zen kartzelara sartzeko modu txarrena izan. Indartsu sartu nintzen, ilusioz beteta eta zerbait indartsua egin genuela erabat sinetsita. Gero hainbat gaztek esan zidaten arrastotxoa utzi zuela, eta eurei ere ilusioa eta indarra eman ziela; beraz, are konbentzituago gauza polita egin genuela.

Politikoki eta sozialki nolako balioa izan zuen ekimen horrek?

Halako injustizia eta erasoen aurrean, botereari arrakalatxoak irekitzea beti izango da ona. Kontra egitea eta egiten diren barrabaskeriak normaltasunez eman ez daitezen erakustea, eta goitik lortu nahi dituzten argazki horiek pixkat hondatzea. Egunerokoan bezala, lanean hamaika gaitan dabilen jendeak egin bezala, espazioak irabazi eta  arrakalak sortzea beti izango da ederra. Uste dut garai hartako dinamikak ere lortu zuela guk nahi genuen argazkia sortzea eta salaketa egitea.

Ondoren etorriko ziren, besteak beste, Ondarroa, Donostia, Iruñea eta Gasteizko herri harresiak.

Indargarria izan zen halakoak egunkariaren bitartez jarraitzea. Erasoen aurrean, berriz ere  herria antolatzen eta halako dinamika politak sortzen ikustea. Halako dinamiken putada izan zen gero lagun horiek eramaten ikustea, baina bide horrek eta dinamika horrek segur aski indarra eman zion jende horri, eta denon artean argazkia oharkabean pasa ez zedin lortu zen; seguru balio izan duela ere loturak sortzeko dinamiketan parte hartu zuen jendearen artean.    

 

Urtarrilaren 5ean geratu zen aske Samaniego, zortzi urteko espetxe zigorra beteta. / Erlantz Anda

Desobedientzia zibilaren beharra ere mahai gainean jarri zenuten.

Bai, noski. Uste dut bizi garen gizarte honetan desobedientzia bide izugarri baliotsua izan daitekeela. Normaltasuna hausten da desobedientziarekin, injustiziari aurre egiten zaio, eta, momentuko egoeraz gainera, nolabaiteko gatza sortzen du jendearengan. Momentu jakin batetik harago, bide oso emankorra dela uste dut. 

Zortzi urte hauetan Euskal Herriko egoera politikoa aldatu da. Nola ikusten duzu?

Kartzelan puzzlearen pieza asko galtzen dituzu, nahiz eta ondo jarraitu dugun barruan. Gasteizera bueltatu naizenean ikusi dut jende pila batek jarraitzen duela hamaika gairekin lanean, eta polita izan da ikustea panorama zail baten aurrean jende asko dagoela animo askorekin gauzak egiten. Gero, nola planteatu duen batek eta besteak lana eta borroka... gehiehi hitz egin aurretik lehen pertsonan ezagutu nahi dut.

"Botereari espazioak hartu eta arrakalatxoak irekitzea beti izango da ederra"

Espetxe sakabanaketa politika nola bizi izan duzu? Zaballako espetxetik Murtzia eta Zaragozara.

Bizitzea tokatu zait, beste askok ni baino ibilbide askoz ere luzeagoak egin dituzten arren. Kartzela guztiek dituzte beren berezitasunak, eta akaso gu moldatzen gara batera edo bestera, baina senide eta lagunei sortzen zaien egoera da zailena. Desgaste handiko egoera da, animikoki, ekonomikoki... Eta, zorionez, aspalditik dago jendea arazo hau mahai gainean jartzen.

Espainiako Gobernu berriarekin espetxe politikan aldaketarik aurreikus daiteke?

Hobera izan daitekeen edozein aldaketa sorpresaz  harrapatuko ninduke, estatu honek euskal preso politikoekin eta gure mugimenduarekin daukan jarrera min egin eta desgastatzekoa delako; zaila egiten zait imajinatzea... Euskaldunon aldetik erreakzio bat eta askatasun nahi bat dagoen bitartean, beti egingo dute horren kontra. Gobernu berriarekin aldaketak badatoz, primeran, nahiago nuke hala balitz, baina ez dut txalotuko estatuak hori egiten duenean; 30 urte daramate politika hori aplikatzen euskal askapen mugimendua desgastatzeko. Beraien legea betetzen hasten badira ez naiz txaloka hasiko.

Ziklo politiko berriarekin ez zara baikorra, beraz.

Giroa desberdina da, eta zikloa aldatu dela nabari da, baina gatazkaren fase armatua itxi zen moduan, uste dut nahiko zail geratu zela adibidez presoena moduko korapiloa askatzeko. Egunen batean etorriko dira, akaso, baldintzak gauza handiak aldatzeko, baina lanean harrapatuko gaitu horrek. Ez dut uste fase honek aukera izugarri berriak ekarriko dituenik. Begirada apurtzaile batetik oso arriskutsuak ikusten ditut ematen ari diren gauza batzuk, oso zaila delako oreka mantentzea efektibotasuna eta kritikatzen ari zarena zilegitzat hartzearen artean. Beharbada nazio askatasunaren borroka pultsuak ez dauka lehen zuen tamaina, eta uste dut pultsu hori normalizazioaren bidetik elikatzea zaila dela. Edozein gaitan apurketa handiago bat desio dugunon artean, normalizazioa ez da bidea. Normalizazioa hausteko zerbait da, eta ez elikatzeko zerbait.

Bake prozesua zertan da? 

Niretzat ez dago bake prozesurik. Egon da abian jartzeko saiakera bat, baina ez da atera, estatu espainolaren xedea bere identitate oso itxiaren bidetik doalako. Espainiar izateko oso eredu itxi batekin lan egiten dute, eta hori auzian jartzen duenari eraso egingo diote, behin eta berriz. Horregatik ematen die halako amorrua preso politikoek babesa jasotzea ongietorrietan. Akaso irainduta sentituko da norbait, baina ez da inoren helburua jendea minduta sentitzea, eta gai horrekin egiten den erabilera politikoa ikaragarria da... Gauza bat da zubiak eraikitzea, konplizitate berriak sortzea, eta beste bat herri honek ezin adieraztea harrotasuna edo poza kalean, nahi duenean eta nahi duen moduan. Niretzat ere iraingarria da Egunsetiko Errosarioaren prozesioa, baina ez dut kalera atera ez daitezen eskatuko. Kiribil arriskutsu batean sartzen ari gara.

"Gauza bat da zubiak eraikitzea, eta beste bat herri honek poza kalean ezin erakustea" 

Aurrera begira, zer pauso eman behar dira? 

Geratzen zaigun bakarra bakoitza bere esparrutik lanean jarraitzea da, eta horretan hamaika lagun ari dira. Eta, besteak beste, preso politikoen inguruko gogoeta bat ere nahiko nuke. Egia da asko aipatu dela gaia penatik edo giza eskubide hutsetatik, eta ez dut esango hori horrela izan behar ez denik egoera penagarria delako, baina nahiko nuke preso politikoen auziak, tamalez urte luzez iraungo duenak, behintzat hainbat galdera eragitea zentzu politikoan. Zergatik daude pertsona horiek hor? Zergatik hartu zuten konpromiso hori? Zergatik mendekatzen da estatua?

Hausnarketa horiek albo batera geratu dira? 

Apur bat bai. Ulertzen dut konplizitateak sortu eta gai batzuetan gehiengoak eraikitzeko ezin direla gauzak termino batzuetara eraman gatazkaren adierazpide horien aurka zegoen jendearekin, baina faltan botatzen dut galdera politiko sakonak egiteko balio ez izana honek guztiak.

Kartzela beraren inguruko gogoeta egin duzu?   

Kartzela eraitsi behar den eraikin eta pentsamolde bat da, eta uste dut alternatibak badaudela. Kartzela beraren existentziaren inguruan galderak egitera gonbidatuko nuke irakurlea. Kalearen maketa bat baino ez da askotan kartzela; kalean ematen diren problematika asko kartzelan ematen dira are nabarmenago, eta hasten bagara benetan kartzela zalantzan jartzen urrats ona izan daiteke gizarte honen dinamikak zalantzan jartzeko. Han ezagutzen den jende asko ez dugu kalean ikusten, eurekin gurutzatzen garen arren; ditugun pribilegioez konturatu naiz, lehendik ere jakin bagenekien arren. Argi ikusi dut nola suntsitu dezakeen pertsona bat kartzelak.    

Azken urtean auzian jarri da Zaballa, han izan diren istilu eta heriotzengatik.

Heriotza kartzelan eguneroko gauza bat da, edozein kartzelatan. Sarri ikusten duzu bat hil dela ez dakit zein modulotan, beste bat erizaintzan... Oso egoera latzean dago jendea kartzelan; gaixotasun larri batek harrapatzen bazaitu edo menpekotasun handi bat pairatzen baduzu, zaintzak oso eskasak dira eta itxaronaldiak amaigabeak. Hotza dirudi nik horrela esatea, baina hala da; egoera zailean dagoen jendea ez du osatzen kartzelak, gehienetan txartu egiten du.    

Kartzelako bizimoduaren inguruko hainbat pasarte jaso ditu Ruben Sanchezek 'Hondarrak' liburuan...

Oso gustora irakurri nuen, eta nabari da ondo dokumentatu zela. Presoen une eta hausnarketa batzuk jaso ditu nik neuk ere eduki ditudanak, eta oso irakurketa interesgarria iruditu zitzaidan; oso modu arinean asko eskaintzen duen liburua da Hondarrak preso politiko batek bizi ditzakeen inguruan.

 

Ekaitz Samaniego, Gasteizko gaztetxean. / M. Buruaga

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide