Zeinu-hizkuntzak, keinu baten zain

Jon Altza 2020ko uzt. 18a, 08:00
Cristina Campo, Ainhoa Ruiz de Angulo eta Ainitze Laskurain, Zeinu Kaxa akademian. / Jon Altza.

Edozein hizkuntzaren parekoak dira zeinu-hizkuntzak. Eta edozein hizkuntza bezala, botere-harremanen mende daude: beti izango dute hizkuntza nagusi bat gainetik. Ñabardura entzumenaren eta ikusmenaren arteko aldean datza. Erakundeen eta gizartearen babesa behar dute gorrek eta zeinugileek, ezberdintasun hori ez dadin oztopo izan, areago Covid-19aren pandemia garaiotan.

Ainhoa Ruiz de Angulo gasteiztarra da, 31 urte ditu eta gorra da, neba, gurasoak eta izeba bezalaxe. Gor genetikoa da, beraz. Zeinu-hizkuntza ama-hizkuntza duen arren, bizi osoan eskola arruntetan ikasi du, "metodologia oralistarekin", berak adierazi bezala. Institutura joan zen, eta unibertsitatera, gero, gizarte-lana ikastera. Zeinu Kaxa zeinu-hizkuntzako akademia sortu zuen Gasteizen, 2017an, Cristina Campo bazkidearekin batera.

Beñat Garaio ere gasteiztarra da. 29 urte ditu. Soziolinguistika-ikertzailea eta aktibista da eta, 2018an, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. Topaketen (HIGA) antolatzaile aritu zen lanean. Topaketa haietan, hainbat hizkuntza gutxitutako ordezkariak bildu ziren Gasteizen, Garaiok azaldutako helburuarekin: "Hizkuntza gutxituetako hiztunak saretzea eta oztopoen berri ematea elkarri, horiek gainditzeko". Aurretik beste saiakera bat egin zuten, 2011n, baina "hizkuntza gutxituetako ordezkari gutxi bildu ziren", Garaioren esanetan.

"Hiztunak saretzea eta oztopoen berri ematea du helburu HIGA-k, horiek gainditzeko"   

Beñat Garaio

Ruiz de Angulok eta Garaiok lehenagotik ezagutzen zuten elkar, zeinu-hizkuntza izan baitzuten hizpide Oihaneder Euskararen Etxean, Hitz adina mintzo hizkuntza gutxituei buruzko zikloan. Ez zen lehen aldia, beraz, zeinu-hizkuntza hizkuntza gutxitu gisa jorratzen zutena. Esperientziaz galdetuta, oso argi du Ruiz de Angulok: HIGA topaketek bestelako ikuspegia eman zioten. "Zeinu-hizkuntza gure hizkuntza naturala da, berezkoa. Beste edozein hizkuntza gutxitu bezala. Beraz, joan ginen ikustera beste komunitateek nola lan egiten duten eta, egia esan, ikusi genuen milaka hizkuntza gutxitu zeudela, ikusi genuen nola hizkuntza nagusiek zapaltzen dituzten hizkuntza txikiak". Hala ere, topaketetan jabetu zen benetako egoeraz, "zeinu-hizkuntza desagertzeko beldurra" sentitu baitzuen. Ordura arte, ez zen erabat kontziente arriskuaz. "Konturatu nintzen gorrak askotan ez garela ohartzen egoeraz, baina hizkuntzaren kezka dugun neurrian, halako gauzez ohartzen hasten zara".

Ruiz de Angulok beti izan du zeinu-hizkuntzarekiko interesa, bere hizkuntza izateaz gain, hizkuntzalaritza ere gustuko duelako. Interes horrek bultzatu zituen bera eta Cristina Campo lankidea Zeinu Kaxa akademia sortzera. Biak dira gorrak eta biak ari dira gustuko lanean: euren hizkuntza irakastetik bizi dira.

Hizkuntza osoa

Gizartean behar baino zabalduago dagoen ustearen aurka, zeinu-hizkuntzak ez dira ahozko hizkuntzen imitazioa, ezta mimika hutsa ere. Sistema beregainak dira, sintaxia eta morfologia berezkoa dutenak. Eskuez ez ezik, beso, aurpegi eta gorputz-enborraz artikulatzen dira eta ikusmena da kanala, ahozko hizkuntzen entzumenaren aldean.

Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, ahozko edozein hizkuntzaren parekoak direla onartuta dago aspaldi, baina Karen Emmorey hizkuntzalari estatubatuarrari esker jakin genuen, adibidez, garunaren gune berberak aktibatzen direla ahozko eta zeinu-hizkuntzen ekoizpenean eta ulermenean.

Euskal Herrian, bi zeinu-hizkuntza erabiltzen dira, nagusiki: Espainiako zeinu-hizkuntza eta Frantziako zeinu-hizkuntza. Ohikoa da komunitate bakoitzean zeinu-hizkuntza ezberdinak sortzea, baina Euskal Herrian ez da halakorik gertatu, Katalunian ez bezala, adibidez.

Industrializazioarekin batera sortu ziren gorrentzako eskola bereziak eta, beraz, horietan garatu ziren zeinu-hizkuntzak, gorren arteko harreman naturalei esker. Euskal Herrian, Deustun egon zen halako eskola bat eta, beraz, nolabaiteko berezitasuna ere badu Euskal Herriko zeinu-hizkuntzak. Euskal Herriko aldaera horrek Espainiako zeinu-hizkuntzarekiko %30eko aldea duela kalkulatzen da. Ruiz de Anguloren iritziz, berezko zeinu horiek galtzeak kalitate-galera dakar. Zeinu Kaxa akademian, Euskal Herriko aldaera irakasten saiatzen dira, baina zaila da, material didaktiko gehiena Madriletik baitator, CNLSEtik. "Guk hemengo zeinuak irakasten ditugu, bertakoak direlako, hemen bizi eta lan egin behar dugulako. Lehentasuna eman behar zaie. Gure filosofia da hori defendatzea eta horiek irakastea". Lan hori egiteko, baina, eurek sortu behar dute materiala, baina kexu da garestia delako eta ez dutelako horretarako dirulaguntzarik: "Euskarari, gaztelaniari, ingelesari ematen zaie lehentasuna".

Ezina ekinez egina

Ezintasunaren estigmari aurre egitea da Ainhoa Ruiz de Anguloren beste kezketako bat. "Hizkuntza gutxitua gara eta, gainera, etiketa daukagu, gorrarena: zapalketa bikoitza". Beste desgaitasun batzuekiko alderaketa egin du Ruiz de Angulok, izan ere, desgaitasun-moten artean, gorreria ez da agerikoa: "Desgaitasun ikusezina da gurea. Gizartean oso inpaktu txikia dauka. Itsu batekin edo gurpildun aulkian doan batekin alderatuta, askoz inpaktu handiagoa du horrek, ikusi egiten delako". Horri gehitu behar zaio zeinu-hizkuntza erabiltzeak duen inpaktua. Adierazi duenaren arabera, jendeak ez daki gorra denik, zeinu-hizkuntza erabiltzen duen arte, eta hor hasten da bazterketa, jendeak desgaitasunaren berri duenean. "Gorra naizelako gutxi begiratzen didate eta, zeinu-hizkuntza erabiltzen dudanean, are gutxiago. Diskriminazio bikoitza dugu berez. Eta emakumea naiz, beraz, hirukoitza".

"Gorra naizelako gutxi begiratzen didate eta, zeinu-hizkuntza erabiltzen dudanean, are gutxiago."

Ainhoa Ruiz de Angulo

Horrek ez zuen kikildu Ruiz de Angulo, ez baitzen oztopo izan Zeinu Kaxa akademia sortzeko. Ezintasunari aurre egin eta bizibide bilakatu du bere hizkuntza, beraz. Helburua argi du, gainera: "Guk enpresa hau sortu dugu gorrek ikus gaitzaten eta ikus dezaten, gorrak izanik ere, enpresa bat sor daitekeela, eurek ere ahal dutela. Ematen du beti kondenatuta egongo garela gorrak izateagatik". Ereduen beharra nabarmendu du. Enpresa bat sortzeko burokrazia zaildu egiten da gorren kasuan: "Udalera joaten gara bileretara, adibidez, eta uste zuten bazela entzuleren bat guztiaz arduratzen dena. Harriduraz hartu gintuzten: ‘Nola komunikatzen zarete?’. Bada, bion artean. Hitz egin, eta saiatuko naiz ulertzen eta, bestela, e-postaz, baina mesedez, ez hots egin telefonoz, gorrak baikara eta ezin baikara zurekin komunikatu".

"Lotsagarria da erakundeen kasua, ez baitute inolako egokitzapenik egiten" 

Ainhoa Ruiz de Angulo

Pandemia garaian entzuleekin komunikatzeko zailtasun horiek guztiak areagotu egin dira: ahozko hizkuntzen kanala entzumena den bezalaxe, zeinu-hizkuntzen kasuan, ikusmena da bidea, eta oztopo handia da horretarako maskara. Zeinu-hizkuntza erabiltzen ez dakien entzule baten aurrean, ezpainak irakurtzen saia daitezke gorrak, baina ezinezkoa bilakatzen da maskara kendu ezean: "Esaten duzunean gorra zarela eta maskara jaisteko eskatu, batzuek ez dute nahi, ez dute ulertzen, ez dute idazteko gogorik edo esaten dizute boligrafoa ez ukitzeko... azkenean, sekulako denbora-galtzea da". Idatziz komunikatzeko ere zailtasunak izaten dituzte zenbait gorrek, zaharrek, batik bat, hezkuntza-maila baxua dela-eta. Hori gutxi balitz, aurrez aurreko hitzorduak murriztu egin dira administrazioan: telefonoaren traba, berriz ere.

Arabako Gorrak eta Aspasor gorren senideen elkarteen asmoen artean dago zeinu-hizkuntzako oinarrizko hiztegitxoa sortzea, entzuleekiko komunikazioa ahalbidetzeko. Pauso xumea dela onartu du Ruiz de Angulok: "Konponbidea agian ez, baina bada zerbait. Irailaren 27an da gorren nazioarteko eguna eta nolabaiteko jarduerak egin nahi ditugu, ikus dadin zer oztopo dakarren maskarak, eta prentsan eta hedabideetan ahalik eta gehien zabaldu".

Entzuleak itsu

Hala ere, egokitzapena entzuleek egin behar dutela argi du Zeinu Kaxaren sortzaileak, eta ardura berezia dutela horretan erakunde publikoek. "Nazkatuta gaude horretaz: erakunde publikoena lotsagarria da, ez baitute inolako egokitzapenik egiten. Ez dago zeinu-hizkuntzarik, ez dago interpreterik, ez dago ezer. Eta beti telefonoz deitzen amaitzen dute", esan du, umorea galdu gabe.

Ainhoa Ruiz de Angulo eta Ainitze Laskurain Zeinu Kaxaren egoitzan zeinu-hizkuntzan solasean. / Jon Altza

Pandemiak eragin duen egoerak ez du hobera egin zentzu horretan, eta kontrakoa irudi lezakeen arren, interpreteen lana izan dute faltan. Gobernuen agerraldietan jarri dituzte interpreteak, baina Ruiz de Angulo kexu da, Eusko Jaurlaritzaren kasuan oso berandura arte ez zutelako halakorik izan. "Euskal herritarrok informazio asko galdu dugu. Zorionez, estatuko informazioa jaso ahal izan dugu, baina hemengoa? ETBk ere azpititulurik ez, interpreterik ez... lotsagarria da. Ematen du hemen ekonomikoki eta halakoetan hobeto gaudela, baina zentzu honetan ez dago ezer". Espainiako kasuan, hala ere, interpreteak pantailan hartzen duen lekua txikiegia dela uste du.Halako egoerek etsipena eragiten dute askorengan, eta erresilientziak, egoera zailei aurre egiteko gaitasunak, baditu mugak. "Norberak baditu baliabide batzuk eragin negatibo horiei aurre egiteko, baina azkenean baztertzen bazaituzte, erraza da motibazioa galtzea".

Enpresa pribatuetan ere bada arazorik, kontratuetatik hasita. Irakurmenean eskuratutako maila oso aldakorra da pertsonen artean eta gorren artean, bereziki. Sarritan gertatzen da kontratuak ez ulertzea, adibidez, eta gorrek, lotsagatik, baldintzak onartzea. Berriz ere, estigma. Eta gauza bera gertatzen da sindikatuen informazioarekin edota lan-prestakuntzarekin. "Sindikatuak daude, lan-prestakuntza dago, baina gorrek ez dute informazio hori jasotzen, beraz, gure eskubideak beti daude urratuta".

HIGA topaketak hizkuntza gutxituei buruzkoak izanik, pentsa zitekeen halakorik ez zela gertatuko. Baina Beñat Garaio antolatzaileak aitortu du ez zutela behar besteko sentsibilitaterik izan egitaraua atontzerakoan. "Gure egitaraua prestatu genuen gure aurreiritziekin eta gure entzule-ohiturekin: kontzertuak, bisita gidatuak... eurentzat ez ziren interesgarriak". Euskara eta zeinu-hizkuntza hizkuntza gutxituak dira, bai, baina kasu horretan ere agerian gelditu zen ahozko hiztunen pribilegioa. "Gaizki-ulertuak ere izan ziren, egoera berriak, demostratzen zutenak, nahiz eta hizkuntza gutxituetako erabiltzaileak izan, zein puntutaraino gauden aldenduta zeinu-hizkuntzaren komunitatetik". 2021eko irailean izango dira hurrengo topaketak eta egitarauan zeinu-hizkuntza erabiltzaileak erdigunean jartzeko asmoa dute, ekitaldi inklusiboagoekin.

Hitzaren itzal luzea

Iñaki Martinez de Luna soziolinguistaren teorien arabera, guztiok jaiotzen gara ezinduta: dena ikasi behar izaten dugu eta dena imitatu egiten dugu, sozializazioa lortzeko. "Jaio eta ez gara gauza ezertarako, ez elikatzeko... eta komunikatzeko ere ez". Hala izaten da hasieran, "baina hizkuntzak jaioberriari hazi ahala ematen dio komunikatzeko gaitasuna eta, jaioberri hori kokatzen den lekuaren arabera, hizkuntza batez jabetuko da, eta ingurune horrek hizkuntza horren bitartez eta hizkuntzarekiko ezartzen dituen harremanen bitartez, baldintza guztiak emango dizkio pertsona horri".

"Jendeak normalean ez ditu eredutzat hartzen gutxi diren haiek, asko direnak baizik" 

Iñaki Martinez de Luna

Martinez de Lunak aitortu du ez duela inoiz zeinu-hizkuntzaren gaiaren inguruan hausnartu. "Gorrek bi aukera dituzte: inguruan nagusi den hizkuntza nola edo hala ikasi, mugak muga, edo zeinu-hizkuntza ikasi, baina kasu horretan, noski, hizkuntza hori baliatzen den komunitatean bertan sozializatuko da pertsona". Beste edozein hizkuntzatan bezalaxe. Hizkuntzak sortzen du komunitatea, eta komunitateak ematen dio izaera, identitatea, gorren kolektiboari.

Begiak belarri direnean

Gizartean oraindik ere bada ahozko hizkuntza ez ikasteak haur gorren garapena oztopatuko duelako ustea, zeinu-hizkuntzak jasandako jazarpenaren ondorioa dena, neurri batean. 1771n sortu zen gorrentzako lehen eskola Parisen, baina 1800etik aurrera, haur gorrekin esperimentatzeko gune bihurtu zen. Ordutik aurrera, hainbat protesi-mota asmatu ziren bertan, sendaezina dena sendatzeko asmoz. Asmo horren gailurra izan zen 1880. urtean Milanen eginiko kongresua: han erabaki zuten zeinu-hizkuntza baztertzea eta metodologia oralistari bidea zabaltzea. Aipatzekoa da gorren irakasleen kongresua izan zela, baina gehienak entzuleak zirela. Haur gorrak "sendatzea" zen helburua: gor izatetik, entzule izatera. Eten handia eragin zuen horrek guztiak zeinu-hizkuntzaren transmisioan.

Parisko Institut Nationel de Jeunes Sourds izan zen gorrentzako lehen eskola, 1771. urtean. / INJS-paris 

Milango kongresu hark eragin luzea izan zuen, 31 urteko Ruiz de Angulok ere pairatu baitzuen sistema hori, inklusioaren izenean. Bere eskolatze-garaian hasi ziren desagertzen gorrentzako eskola bereziak, eta gorrak eskola arruntetara joaten hasi ziren. Metodologia oralista ez da erraza gorra den pertsona batentzat: ordu asko logopedarekin, talde bereziak eta beste hizkuntza batzuk ikasteko salbuespena, adibidez. Salbuespen hori abantaila gisa ikus lezake norbaitek, baina Ruiz de Angulok uste du euskara eta ingeleserako sarrera ukatu ziotela, "abantaila" horren ondorioz.

"Logopedak maskararekin arituko dira? Ume gor guztiek ez dakite zeinu-hizkuntza" 

Ainhoa Ruiz de Angulo

Orain ere bada kezka gai horren inguruan, maskaren erabilera orokortzen bada, eta galderak bota ditu Ruiz de Angulok: "Logopedak maskararekin arituko dira? Zein izango da egoera? Eta ume gor guztiek ez dakite zeinu-hizkuntza, beraz, zer?". Ruiz de Angulori eta beste hainbat gorri zeinuz komunikatzeko gaitasuna ukatu zioten txikitatik, gorrentzat hobea zelakoan ahoz komunikatzea. Martinez de Lunaren esanetan, sozializazioa imitazioz lortzen badugu, nola sozializatu, imitatu behar duzun hori entzuten ez duzunean? Nola komunikatu, ondo egiten ari zaren jakin gabe?

Hizkuntzaren estatusa

Gorren inguruan gizartean dagoen beste uste usteletako bat da mutuak direlako ustea, eta hortik gor-mutu izendapena. Egun, termino gutxiesgarri gisa jasotzen du Elhuyar hiztegiak, baina urteetako gutxiespena ez da egun batetik bestera zuritzen. Gorrek ez dute inolako arazorik ahotsa emititu eta hotsak ebakitzeko, baina esan bezala, errepikapenez ikasten dugu eta, beraz, erreferentzia gortasun-mailaren araberakoa da. Hala, hots horiek ez dituzte ekoizten ahozko hizkuntza erabiltzen dutenen modu berean.

Halako usteek eragin dute urte luzez aurreiritziak eta bazterkeria pairatzea. Eta horrek, noski, gorren kolektiboari eta zeinu-hizkuntzaren estatusari ere eragin dio. IÒaki Martinez de Lunak dio hizkuntza baten estatusa hainbat faktorek baldintzatzen dutela, hala nola "botere ekonomikoa, militarra, prestigioa, aberastasuna...". Eta horien arabera egiten da hizkuntza-hautua: "Jendeak normalean ez ditu eredutzat hartzen gutxi diren haiek, baizik eta asko direnak. Horiek dira gure erreferenteak. Hizkuntza horiek ere komunitate horien isla izaten dira prestigio aldetik, pizten duten interesaren aldetik". Soziolinguistak argi du botere militarrak eta ekonomikoak, adibidez, indar handia dutela zentzu horretan. Eta zintzoa da: "Ez dut uste gorren komunitateak prestigio berezirik duenik, ez botere ekonomikorik, militarrik...". Hala da. Gizartearen usteak gorabehera, hizkuntza gutxitu baten berreskurapenerako, erabiltzaileen jarrera da gakoetako bat. Martinez de Lunak ezin du saihestu euskararen eta zeinu-hizkuntzaren egoeren arteko erkaketa: "Duela berrogei bat urte euskaldunek gaztelaniara jotzeko joera zuten, haiek ere bazirela nor adierazteko, eta ez hain atzera joanda, gaur egun ere ingurune euskaldun petoetako hiztunek askotan erdaretara jotzen dute". Kontua da gorrek ez dutela ahozko koderik eta, beraz, ez dutela ahozko hizkuntza hegemonikoetako batera jotzeko aukerarik. Hala ere, edozein hizkuntzatan bezala, oinarri-oinarrizkotzat jotzen du Martinez de Lunak konplexua gainditzeko bideak zabaltzea. "Komunitateak berak sortu behar ditu mekanismoak, harrotasunez ibili ahal izateko, beti kexu ibili beharrean: jarrera biktimistari eustea edo asumitu eta esatea: ‘Ados, baldintzak hauek ditugu, baina zer egingo dugu hori gainditzeko?’". Kasu horretan ere ez dago berrikuntzarik edota hizkuntzen arteko ezberdintasunik, beraz. 

Kolektiboa da gakoa

Ahalduntze horren islatzat har daitezke Ainhoa Ruiz de Angulo eta Cristina Campo: subjektu izan nahi zuten, protagonista, eta horixe lortu zuten euren akademia zabalduta. Horra bide bat. Baina badute arantzatxoa, zeinu-hizkuntzari dagokionez: Hego Euskal Herriko gorrek Espainiako zeinu-hizkuntza erabiltzea oztopo gisa ikusten du Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin beharreko izapideetarako.

Ruiz de Angulok zinez uste du laguntza gehiago behar dela EAEko gobernuaren aldetik ikerketarako, irakaskuntzarako eta sustapenerako, oro har. Baina Jaurlaritzak ez ditu euskal komunitateko kidetzat hartzen, bere irudiko: "Zer gertatzen da? Eusko Jaurlaritzak, batik bat, zeinu hizkuntza espainiarra eta katalana ikusten dituela eta ez zaizkiola interesatzen. Izango balitz euskal zeinu-hizkuntza, agian horrek interesa sortuko luke, euskararekin gertatzen den bezala. Espainola denez, ez dute loturarik sentitzen horrekiko, ez dutelako euskal identitatearekin lotzen".

Bagara nor

Lorea Agirrek esan zuen 19. Korrikaren amaiera-ekitaldian: "Eta eman eskua ahizpa ditugun beste ahalduntze-bideei". 2019an, Korrikan parte hartu zuen Euskal Gorrak federazioak. Korrikaren ikurretako bat da furgonetako musika, eta ikur hori isilarazi egin zen Bergarako 2.281 kilometroan, federazioko kideek lekukoa eraman zuten unean. Lehen aldia zen Euskal Gorrak federazioak euskararen aldeko lasterketan parte hartzen zuena. Egindako adierazpenetan esan zuten euskarak eta zeinu-hizkuntzak partekatzen zutela hizkuntza gutxitu izatearen ezaugarria. Euskaldunen artean zeinu-hizkuntzarekiko beste sentsibilitate bat dagoela ere esan zuten gorrek, nolabaiteko elkar aitortza. 

2019an Korrikan kilometroa egin zuen Euskal Gorrak Federazioak, ohiko musika zalapartarik gabe. / Korrika

Konplizitate horiek badaudela argi ikusten du Ainhoa Ruiz de Angulok ere. Areago, "beharrezkoak" direla ere esan du, eta horren zergatia azaldu du: "Ikusgaitasuna ematen digu, orain gehiago ikusten gaituzte: emakumeak, gorrak, zeinu-hizkuntza... Jendea hurbiltzen da ikusi gaituelako". Zeinu Kaxa akademiaren filosofia neurri batean horretan oinarritzen da: "Gure interesa ez da enpresa itxi bat egitea, baizik eta irekia eta oso parte-hartzailea. Borondate handikoak gara. Enpresa eta herri-mugimendu arteko zerbait". Iaz Gasteizko San Prudentzio eskolako bideo batean parte hartu zuten, odola emateko kanpaina batean. "Gustatzen zaizkigun ekimenak dira, sozialak. Feminismotik, odola ematetik, desgaitasunak dituztenen kolektiboen alde...". Kolektibo gutxitu bateko kide izateak bestelako hurbiltasuna ematen duela uste du. "Gorrak garenez, esango nuke enpatia gehiago dugula, sentsibilitate handiagoa. Mundua hobeto ulertzeko gai gara, bakoitzaren beharretara egokitzen gara oso erraz eta inplikazio handia izaten dugu".

Bihotza gor ez denean

Hizkuntza bat ikasteak mundu-ikuskera bat dakarrela esan ohi da, eta hala da. Iñaki Martinez de Lunaren esanetan, "komunitate berrietarako ateak zabaltzen dira hizkuntza-mota ezberdinak ikasita". Kontua da ikuskera horretan bi kontzeptu biltzen dituztela ahozko hizkuntzek: mundu berri baten ikuskera eta entzukera. Zeinu-hizkuntzaren kasuan, aldiz, munduaren ikuskera berria izango da soilik, entzukerarik gabe. 

Demagun, egoera bat: sendagilearenean, medikua, erizaina eta pazientea; medikua eta pazientea euskaldunak dira, eta erizaina marmarrean ari da, ez duelako ulertzen. Demagun, beste egoera bat: neska gor bat diskotekan dantzan, musika bolumen betean dela; mutil bat hurbildu zaio eta bere izenaz galdetu; neskak keinuz erantzun dio, eta mutila garrasi batean ari da galdera behin eta berriz errepikatzen. Haserre joan da, ezin ulertuta. Zenbat desgaitu daude egoera horietan? Zenbaitek esango du gorra dela desgaitu bakarra. Baina bi desgaitu ikusiko duenik ere bada: euskaraz ez dakiena eta zeinu-hizkuntza ez dakiena.

Bernard Mottez soziologo eta gorren kulturan adituak esan zuen gorreria desgaitasun partekatua dela: entzule batek eta gor batek topo egiten dutenean agertzen da soilik. Komunikazio-desgaitasuna da, baina, gorren artean, desagertu egiten da. Eta ondorio bera aplika dakioke euskarari edo beste edozein hizkuntza gutxituri ere, izan ahozkoa edo zeinuzkoa.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide