Azken egunetan Covid-aren hainbat agerraldi izan dira, eta neurri berriak ezarri ditu Osasun sailakl. Musukoa derrigorrezkoa izango da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gauerditik aurrera, toki ireki zein itxietan. Hala iragarri du Nekane Murga Osasun sailburuak gaur eginiko agerraldian: "Bihartik aurrera, 00:00etatik aurrera, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, baita bide publikoan dagoenean ere". Maskara jantzita eraman beharko da beti, hiri zein landa-eremuetan. Orain arte, maskara leku itxietan eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantziarik ez zegoenean baino ez zen derrigorrezkoa.
Neurri berrien arabera, sei urte arteko haurrek ez dute musukoa eraman beharko. Igerileku eta hondartzetako paseoetan beharrezkoak izango dira; bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, "betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke". Kirola bakarrik egiten dutenek ere ez dute jarri beharko.
Gainera, Murgak azpimarratu duenez, debekatuta dago ostalaritza-establezimenduetan hamar pertsona baino gehiagoko bilerak egitea. "Pilaketak izaten ari dira eta maskararen erabilera ez da zaintzen ari. Ez diogu birusari irabazten utziko; prebentzioa denon esku dago ". Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, tabernak eta txokoak barne, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.