Koronabirusa

Maskara janzteko derrigortasuna aztertzen ari da Jaurlaritza

Erredakzioa 2020ko uzt. 15a, 09:46

Gobernu Kontseiluaren ostean eman zuen sailburuak har daitezkeen neurrien berri. / Irekia

"Egoerak okerrera egin dezala saihesteko" prebentzio neurriak har daitezkeela adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak.

Osasun sailburuak atzo egindako adierazpenetan, maskararen erabilera derrigortzea aztertzen ari direla baieztatu zuen. "Orain arte egin bezala, egoera epidemiologikoak eskatzen duenaren arabera" neurriak hartzen jarraituko dutela esan zuen, "betiere osasun publikoa helburu hartuta".

Horretarako, Euskal Autonomi Erkidegoan bizi den egoeraren "azterketa sakona" egiten jarraitzen dutela azpimarratu nahi izan zuen sailburuak eta egiten ari diren azterketaren ondorio nagusiak aste honetan zehar jakinaraziko dituztela nabarmendu zuen. Txosten horren arabera,"une bakoitzean beharrezkoak diren neurri guztiak" hartuko direla aurreratu zuen, eta balizko neurrien artean maskara erabiltzeko derrigortasuna da aipagarriena.

Dagoeneko beste lurralde batzuetan indarrean dago maskara derrigor erabiltzeko neurria; besteak beste, Katalunia, Errioxa, Aragoi edo Extremaduran. Eta Nafarroa edo Kantabriak aste honetan erabaki berbera har dezaketela aurreikusten da. Gipuzkoan, Ordizian ere indarrean da araudi hori pasa den uztailaren 8az geroztik antzemandako kutsatze kasuen ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago