Arazoak sortu ditu jende oldeak herri txikietan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 12a, 08:00
Mendialdeko zenbait tokitan zaborra pilatu da zaborrontzietan, baina baita kanpoan ere. ALEA

Mendialdea eta Añanako kuadrilletan konfinamenduaren ondorengo barneko turismoaren gorakada arazoak eragiten ari da. Errespetua eskatu dute alkateek.

Zaborra edukiontzietan pilatuta eta baita inguruetan barreiatuta ere; autokarabanak zein furgonetak aparkatzeko egokitutako tokiak gainezka; eta herrietako kale estuak bisitarien kotxeek okupatuta. Horixe izaten ari da panorama Arabako toki askotan, pandemiaren ostean.

Arabako Mendialdean mugikortasuna erkidegoaren barruan baimendu zen lehenengo asteburuetan sortu ziren arazoak. Hala azaldu dio Anartz Gorrotxategi Kuadrillako lehendakariak ALEAri. "Sekulako jendetza egon da asteburuetan, batez ere mugikortasuna ireki zutenean. Lehenbiziko jende olde hori apur bat baretu zen hurrengo asteburuetan, behin Kantabriako eta beste erkidegoetako mugak ireki zituztenean, orduan bizkaitarrak eta gipuzkoarrak beste toki batzuetara joateko aukera izan baitzuten".

Hiru tokitan atzeman dituzte Mendialdean arazo nagusiak: Kanpezuko Fresnedoko gunean, Okinan eta Izkiko parke naturalaren sarreran, Korres herrian. "Fresnedoko ibai-igerilekuetan ehundik gora autokarabana pilatu dira zenbait egunetan –azaldu du Gorrotxategik–; gehiegizkoa izan da, ez dugu mediorik ezta azpiegiturarik ere horrenbeste jende jasotzeko".

Ongi etorriak, baina errespetuz

Kanpezuko alkate Iber Basterrak ere Fresnedoko arazoari buruz hitz egin du hedabideetan: "Zerotik ehunera igaro gara, harrituta gaude jende oldearekin, gainezka egon gara eta herria ez dago prestatuta. Pozik gaude, alde batetik, bisitariak jasotzea pozgarria delako, baina hiritik etortzen direnek jakin behar dute hemen ere arauak errespetatu behar direla. Ongi etorriak dira baina errespetuz jokatu behar da".

Okinak ere pairatu ditu masifikazioaren kalteak. Ihuda ibaiaren haitzartearen ibilbidea bertan hasteko, ehunka gasteiztar hurbiltzen ari da azken egunotan herri txikira. "Larunbat batean 90 kotxe zenbatu genituen bertan –esan du Gorrotxategik–. Nekazarien herria da, eta bertakoak ezin ziren herritik mugitu, ezin zituzten traktoreak atera lanera joateko".

Zaborra ere pilatu da inguruan. "Ez da kasu bakarra, Zekuianon ere baltsa txiki bat dago, eta aste honetan zaborrez beteta agertu da". Jokaera horien aurrean, errespetua eskatu du Mendialdeko Kuadrillako lehendakariak; eta herri txikiek azpiegitura aldetik dituzten mugak kontuan hartzeko.

Parke naturaletan, mugak

Korresen, Izkiko parke naturalaren sarreran, ere izan dituzte arazoak, autokarabanen aparkalekua gainezka egon baita zenbait asteburutan, eta goikoa erabili dutelako bisitariek, herrikoa. "Pasa den astean erabaki genuen, Ko- rresko Batzar Administratiboarekin batera, asteburuetan goiko aparkalekua mugatuta egongo dela eta soilik biztanleek erabili ahal izango dutela". Halaber, Arabako Foru Aldundiak herrialde osoko parke naturalen aparkalekuetan autoen gehiegizko kopuruak ezarri ditu: Lalastran 65 auto izango dira; Sarrian 148 auto eta 22 autokarabana, Korresen 46 auto eta 10 autokarabana, eta Lalezen 35 auto eta 8 autokarabana. Gainera, autokarabanek aldez aurretik baimena eskatu beharko dute Aldundiaren web orriaren bidez, posta elektronikoz edo parke natural bakoitzean, eta gaualdi kopuru mugatua egiteko aukera egongo da.

Autokarabanak arazo bihurtu dira ere Gaubean, azken asteburuetan bisitari ugari hurbildu baitira bertako herri nagusietara, Espejora eta Uribarri Gaubeara, eta ez dute aparkatzeko tokirik aurkitu. Hartara, Udalak autokarabanen aparkalekua egokitzeko obrak bizkortu behar izan ditu, eta aste honetan bertan martxan jartzeko asmoa du. Uribarri Gaubeako igerilekuen aurrean egongo da aparkalekua, eta ur-zikinak garbitzeko biltegia izango da bertan.

Añanako Kuadrillan, Zanbranan ere atzeman dute barne turismoaren gorakada, eta neurriak eskatu ditu Aitor Abezia alkateak aparkaleku arazoak arintzeko. Uraren Ibilbidearen sarrera mugatzeko proposamena egin du Abeziak, eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio ehun plazatik berrogeita hamar plazara murrizteko Ber- gantzungo aparkalekua. Gainera, plaza horiek aldez aurretik erreserbatu beharko lirateke eta 2,5 euro ordaindu. Udalak ibilbidea mantentzeko inbertituko luke diru horren parte bat, eta gainerakoa eskualdean kontsumitzeko bonu gisa itzuliko litzaioke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide