Uraren Ibilbidera sarrera mugatu nahi du Udalak

Erredakzioa 2020ko uzt. 1a, 17:51
Bergantzuko aparkalekua gainezka dago azken asteburuetan. ZANBRANAKO UDALA

Bergantzuko aparkalekuak gainezka egin du azken asteburuetan, eta bizilagunak kexu dira hainbat bisitariren portaeragatik.

Barneko turismoa areagotzeak eragin zuzena izan du orain arte oso bisitari gutxi jasotzen zituzten herri txikietan. Hala gertatu da Zanbranako Uraren Ibilbidean. Ehun autorentzako aparkaleku bat egokitu zuen Udalak Bergantzun, Jugalez ibaiaren ibilbidea inauguratu zenean, baina azken asteburuetan gainezka egin du parkinak, eta autoak herriko kale estuetan bertan edo errepide bazterrean agertu dira. Egoerak bizilagunen haserrea eta Udalaren kezka eragin ditu.

"Azken asteburu honetan –salatu du herritar batek– Bergantzuko biztanleok denetarik ikusi dugu. Autoak herriko hirigunetik abiadura handian igarotzen dira, ezarritako mugak errespetatu gabe; eta horrek arriskua dakar adinekoentzat eta haurrentzat. Bidearen hasieratik ahalik eta gertuen aparkatzeko, auto, furgoneta eta autokarabana asko eta asko etxebizitzen sarreran aparkatu dute, bidea itxiz. Herrigunetik txakurrak aske ikusi ditugu. Birziklatu gabeko hondakinez gainezka daude paperontziak, nahiz eta 25 metrora edukiontziak izan. Eta mendizaleek herria zeharkatzen dute, multzo handitan, maskararik gabe eta segurtasuneko distantzia bete gabe".

Ordainpeko berrogeita hamar plaza

Zanbranako alkate Aitor Abeziak aitortu du une batzuetan egoeraren kontrola galdu dutela, eta egoera berria kudeatzeko zailtasunak dituela Udalak, baliabide eskasak dituelako: "Duela bost hilabete esan izan baligute 110 auto hartzeko moduko aparkaleku bat beteko zela, ez genukeen sinetsiko", esan du.

Hartara, Uraren Ibilbidearen sarrera mugatzeko proposamena egin du Abeziak, eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailari eskaera egin dio ehun plazatik berrogeita hamar plazara murrizteko aparkalekua. Gainera, plaza horiek aldez aurretik erreserbatu beharko lirateke eta 2,5 euro ordaindu. Udalak ibilbidea mantentzeko inbertituko luke diru horren parte bat, eta gainerakoa eskualde osoan kontsumitzeko bonu gisa itzuliko zaio bisitariari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide