Jazza ezinbestean uztailari lotuta joan da Gasteizen urteetan, eta aurten ere hala izango da Jazzaldirik izango ez bada ere. Gainontzeko hilabeteetan, ordea, ez dago garai bateko lehorterik, besteak beste, Jesus Guridi kontserbatorioko Jazz Uhinak egitasmoa eta Alde Zaharreko Dazz klubak eskaintzen duten kontzertu sortagatik. Hain zuzen, bost urte beteko ditu abenduan Beñat Lasagabasterrek (Arrasate, 1976) gidatzen duen Aiztogile kaleko tabernak, eta dagoeneko letra larriz idatzita dator musikari eta musikazaleen agendetan.
Laster bost urteko ibilbidea beteko duzu Dazz-ekin eta jazz kontzertuekin. Nolako bidea izan da?
Sorpresa bat izan da. Bagenekien jazz hutsune bat zegoela Gasteizen. Uztaileko Jazzaldiarekin ematen du jazzaren hiriburua garela, baina gero lehorte bat dago urtean zehar, eta hori bete nahi genuen. Jon Robles saxofoi jotzaile gasteiztarrarekin hasi ginen, eta poliki-poliki bateko eta besteko musikariak izan dira, eta izugarria izan da emaitza. Pozgarria da izan duen erantzuna publikoaren aldetik eta baita musikarien aldetik ere. Ahoz ahokoaren bidez ezagun egiten joan da Dazzen eskaintzen duguna, eta orain musikariak haiek dira bueltatzeko gogoz deitzen dutenak.
Zein da tamainako musikariak erakartzeko sekretua?
Sekreturik ez dago. Nik ematen diet beste edozein tokitan neuk jaso nahiko nukeena. Lekuaren goxotasuna, ikusleen harrera ona, errespetua... Gauzak bihotzetik egin behar dira, eta dirua albo batera utzi; batzutan ekonomikoki irabaziko duzu eta beste batzutan ez, baina beste maila batean beti irabaziko duzu. Guk jazzarekin ez dugu irabazten, eta datozen musikariek ere ez dute diruagatik egiten, askok euren katxearen azpitik kobratzen dutelako, baina etorri eta berriro bueltatu nahi dute. Gutxieneko berme batzuk ematen dizkiegu: afaria, ostatua, ordainsari txiki bat... eta desiatzen daude bueltatzeko.
Sari bat ere jaso duzue egindako lanagatik.
BBK Jazz sari berezia eman ziguten, joan den azaroan, bertan egindako lana eta programazioagatik. Eta horrek ere, noski, lanean jarraitzeko indarra ematen du. Bultzada bat da.
Askok jazza deskubrituko zuten Dazzen.
Askotan gertatu da halako musika entzutera ohituta ez dagoen jendea tabernatik pasa eta engantxatzea. Lehenengo aldiz tabernara sartu, kontzertu batez gozatu eta harrapatuta geratzea ikusitakoarekin. Normalean betiko musikazaleak ditugu, saio guztietara datozenak, eta baita musikariaren arabera gerturatzen direnak ere. Euskal Herri osotik datoz zaleak. Egia esan, Dazzekin lortutakoa ez nuen imajinatzen hasieran; jazzale talde bat bildu eta osatu den familia osatzea.
Zein kontzertuk sortu du ikusmin handiena?
Besteak beste, Ben Sidran izan dugu gurean, eta horrek arreta handia piztu du; AEBetako produktore ezaguna da, The Rolling Stones edota Eric Claptonentzako gauzak egin dituena, pianista… Pandemiaren arabera ikusiko dugu, baina baliteke azaroan berriz ere etortzea. Estatura etortzen da tarteka, eta Gasteizera etorri nahi izaten du, Madril eta Bartzelonarekin batera. Jorge Pardo ere izan dugu, beste hainbaten artean, oso gustora izan zen eta uda honetan etortzekoa zen, baina ezin izan du datengatik.
Zein da kontzertuak antolatzeko irizpidea?
Gustu pertsonalen araberakoa izaten da, baina saiatzen naiz askotariko musikariak ekartzen eta oreka bat mantentzen. Instrumentuak eta estiloak errepikatu ez daitezen eta monotonoa izan ez dadin aldatzen joaten gara.
Bertako musikariak ere maiz dira protagonista Dazzeko taula gainean.
Askotan bertakoa izateagatik gutxietsi egiten ditugu, eta etxean duguna ez dugu apreziatzen. Harrobi ona daukagu, eta ezagutu behar dugu: Iñigo Ruiz de Gordejuela, Juan Sebastian Vazquez, Adrian Fernandez... Oso gazteak dira, baina etorkizun handiarekin.
Eta ostiralean hasita, Dazz Jazz jaialdia.
Gogor egin dugu lan aurrera ateratzeko, eta hasieran ezinezkoa zela zirudiena posible izan da, Gasteizko Udalaren zein Vital Fundazioaren laguntzarekin. Aurrera atera dugu, eta oso pozik gaude. Kartel handi batez gozatzeko aukera izango dute musikazaleek, eta sarrera txiki bat ordainduta gainera.
Zein nabarmenduko zenuke kontzertuen artean?
Beharbada Dazzeko lagun mina den Michael Olivera bateria jolea aipatuko nuke. The Cuban Jazz Syndicate taldearekin izango da, eta oraingoz arrakasta handiena duena; hauteskunde egunean dator eta ia agortu dira sarrerak.
Gasteizko Jazzaldira gerturatu ohi zara?
Bai, joaten naiz. Musika betidanik gustatu izan zait, eta jazza denborarekin apreziatzen hasi naiz. Jazzaldia gustatzen zait, halakoak urte osoan zehar ikustea gustatuko litzaidakeen arren, eta ez uztaileko egun hauetan bakarrik. Neguan kontzerturen bat agian, baina ez dago nire esku.
Irudikatzen duzu zure burua Gasteizko Jazzaldia antolatzen?
Ez, ez. Nire lekua Dazz da, hau da nire kluba.
Euskal Herrian bada halako txokorik?
Urte askoan Donostian Altxerri izan da, baina azkenaldian turistari begirako programazioa egiten ari dira eta maila jaitsi dutela uste dut. Bilbon, berriz, Bilbaina Jazz Club dute, bazkideentzako saioak; ez daukate areto finkorik eta horren bila ari dira. Programazio itzela daukate, hori bai. Estatu mailan, berriz, Madrilgo Cafe Cetral eta Cafe Berlin dira nire erreferentzia nagusiak.
"Tabernan programatu ezin bada, beste areto bat izan daiteke aukera"
Nor ikusi nahiko zenuke Dazzen?
Beti esaten dut: Silvia Perez Cruz. Kontaktuan izan gara, eta badakit berari gustatuko litzaiokeela etortzea, baina datengatik eta managerrarengatik oraingoz ez da posible izan. Halako leku txiki batean Silvia Perez Cruz izatea sekulakoa litzateke; ohituta daude kontzertuak antzoki handietan egitera, eta estimatzen dute noizean behin halako areto txikietan izatea. Martirio ere gustatuko litzaidake; jazz gauza ederrak egin ditu Jorge Pardo eta Chano Dominguezekin. Eta, hain zuzen, martxoaren 15ean izan behar genuen gurekin Chano Dominguez, pandemiarengatik itxi baino lehenago...
Nola eragin dio urteko programazioari pandemiak?
Ia urte guztia lotuta genuen. Putada bat izan da. Moises Sanchez pianista, Negronis Trio, Ben Sidran... Orain Dazz Jazz jaialdia egingo dugu, Vital Fundazioaren aretoan, baina Dazzen ez dakit noiz izango den posible berriz antolatzea. Nola egin aztertzen ari gara. Segurtasun neurriak hartuta, beharbada 30 bat lagunentzako kontzertuak izan behar dira, eta ez dakit horrek merezi duen.
Nolako hilabeteak izan dira Dazzentzat?
Gogorrak. Informazioaren ordez, desinformazio ugari izan dugu, noiz eta nola hasi behar genuen jakin gabe... Ahazteko modukoa izan da. Eta horretan ari gara, zerotik hasten. Gure asmoa da posible den momentuan programatzen hastea, aforo txikiarekin agian, sarrera kobratuta beharbada... Dazz Jazz jaialdia nola ateratzen den ikusiko dugu, eta tabernan programatu ezin bada, nire asmoa beste aretoren batean antolatzea da, udazken edota neguan kontzerturen bat programatzea beharbada.
Deskubritu duzu musikaririk hilabete hauetan?
Aurretik ezagutzen nuen, baina konfinamenduan asko jarraitu dut Marco Mezquida. Gurean izateko zortea izan genuen, gainera; sorpresaz etorri zen behin, eta abesti bat ere jo zuen tabernan. Izugarria litzateke hemen kontzertu bat eskaintzea.